99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruņea
 
 

 

Hondartzan ametsetik antzerkira

 

Hondartzan: Donostiako Zurriolako hondartzako soinu grabazioa, “trajebainua”, toalla, betaurreko ilunak, bero itzela. Bero horrekin, irreala dena erreala denaren parte bilakatzen da.

 

      Lehena ailegatu naiz berriro hondartzara udako goiz batez, toalla kokatu, eguzkitan etzan, loak hartu... eta esnatzean jendez inguratuta egotea, lokartze horretatik bueltan planetaz erratu bazina bezala, eta ingurukoen elkarrizketak zurrumurruan olatuekin bilduta, eta hurbiltasuna sentitzea albokoekin nahiz beste planetakoak izan, espia parte hartzailea izan besteenean. Gero batengana joan, besarkatzeko baimena eskatu, “Ei, barkatu, besarkada bat hartuko zenidake?” dotoreziaz eskatu, eta besarkada hartu-eman ezezagunarekin, lasaiki, maitekiro... “Eskerrik asko” eta zure toallara itzuli. Zure gauzak egitera. Eta holaxe. Eta, geroago, gogorik baldin baduzu, beste norbaitengana joan, besarkada eman eta bien arteko energia pixkanaka orekatzen da, lasaiki, ez dago minik. Laztanak bakarrik. Ez zait inor inoiz haserretu horregatik. Nire azalak eskertzen du.

 

      Hala nola, insolazio ttikia dugunean izaten ditugun burutazioak (tentsioa, tentsioa egon behar du, aurkitu al duzu tentsiorik?) eta gizajendearekiko harremanak desberdin planteatzen direnean, kontrolak eta tentsioak baretzen direnean, une gozo horiek (zenbat litro edan behar horretarako?) dena den, hara: uste dut Olatzek eta Aitzolek (ala bigarren ilarako muturretan dauden ikusle bi horiek, ez dakit nola deitzen zareten) ez dutela elkar ezagutzen, bistaz behintzat ez, baina biraka ari den ziba baten bi leku desberdinetan daude, zaudete, eta oreka kosmikoa dago bien artean, egiten dituzten gauzak nolabait osagarriak dira une honetan, yin eta yang-a bezala, mundu beraren parte diren ekintzak. Ohartu daitezke, ala ez. Baliteke ezer ere ez gertatzea haien artean, baina pena litzateke. Askotan gertatu egiten da. Ez dut nik baldintzatu nahi haiek oraindik baldintzatu ez dutena.

 

      Milaka kasu gertatzen ari da une honetan munduan. Bihar hainbat pertsona elkar ezagutzera doaz. Honek hau ezagutzen du, besteak bestea. Egun batzuetan jende berria ezagutzen duzu eta beste batzuetan ez. Eta nire ustez bihar elkar ezagutzera doazen pertsonak hasi dira elkartzen dagoeneko, baina oraindik ez dakite. Haiek oraindik ez dakite, baina ekintza paraleloak egiten hasi dira auskalo noiztik. Halako ekintza batzuk detekta ditzaket nik, urte asko daramat honetan eta seguru nago.

 

      Ea ba:

 

      bakoitzak bere aldetik baina aldi berean egiteko gauzak, laster elkar ezagutzera zoaztenean baina oraindik elkar ezagutu gabe eta une horretan bestea zertan ari den jakin gabe:

 

Albertxiko bat jan & behatzen arteko bolatxoak atzamarrekin kendu.
 
(Batak egiten du gauza bat eta besteak bestea. Eta hor harreman bat dago. Argi dago, nire ustez.)
 

Harri zapal bat laztandu & egurrezko banku batean biluzik eseri.

Batek errepidean susto bat hartu & eta besteari komuneko papera bukatu.

Itsasoan bainu bat hartu batek & pinuarena egin frontoiko frontisaren kontra besteak.

Batek intxaurrak ireki eta geroago jateko gorde & besteak alkandora bati botoiak aldatu.

Aste honetako hasperenik handiena egin & besteak poema bat idatzi.
 
(Taupadak, amankomuneko une intimoak.)
 

Jazz piano jole zahar baten binilozko diskoa biraka jarri & paperezko itsasontzi bat eraiki.

Zelai batean koloretako loreak bildu & kalera ateratzeko bainugelan bereziki apaindu.

Liburu batean ipuin deigarri eta kitzikagarria irakurri & lagun arteko saskibaloi partida berebizikoa jokatu.

Bat txalupan arraunean ibili & besteak itsasargiaren azpian larrua jo hirugarren batekin.
 
(Honek berezia dirudi baina, maitasun istorio hain mikroskopikoez ari garela, ze axola zaigu bakoitzak zer gehiago egiten duen? jelosiarik ez dago jolas honetan, konexioak era askotakoak dira, zurrunkeriarik ez, mesedez.)
 

Oinetako azkazalak kolorinez pintatu & sauna batean egon.

Udazkenean manta bat erosi & basoan gaztainak bildu.
 
(Oso ezaguna hau, baina ederra berdin-berdin:)
 

Ortzadar berberari begira egon bi leku oso desberdinetatik ordu berean.

Zeruan zirimolatzen diren lainoei begira egon bi leku ez hain desberdinetatik ordu berean. konexio itzela!

Karramarro bat xaxatzen ibili & denbora-pasako hizki-zopa ebatzi.

Senide ez oso urrun bati eskutitz bat idatzi & dentistareneko itxarongelan aldizkari berri batetik 3 orrialde moztu eta poltsikoratu.

Behingoz alboko bizilagunen eztabaidatan parte hartzea erabaki & zamarra ederra aurkitu zaborretan.

Goiko masaileko hagin batean enpastea jarri berritan kaletik ibili ahoa bero-bero lokartuta & hitzaldi luze bat entzuten egon pixagura aguantatzen.

Giza bilkura batean biziki aspertu & hiriko parke batean luze egon ezer egin gabe, norbaiten zain egoteko sentsazioarekin baina inoren zain egon gabe.
 
(Ez dakizu non egongo den, batzuetan kilometro askotara, baina txinparta modukoak dira eta arin bidaiatzen dute.)
 

Neguko erakusleihoak begiratu oraindik beroa egiten duenean & telefono listinean izenen bila ibili balizko seme-alabaren bat izendatzeko.
 
(Hara, oraintxe bertan pasatzen ari dira txinparta batzuk hortik zuen artean, zerbait garrantzitsua gertatuko da zuon bihotzetako batean. Lasai, ez da infartua izango. Bihotz taupadak arindu egingo dira eta lau begi piztu egingo dira begirada trukean. Begiradek maizago topatu beharko lukete elkar, begi-mugalariak behar dira, begi batetik beste baten begiraino poz malko bat eramateko gai direnak.)
 

Hegazkin baten marrazkia egin & bidaia agentziako eskuorri guztiak zaramara bota.
 
(Egon daiteke hemen ala han, beti ikusten dira distirak. Hara!)
 

Eguna mendian emateko janaria prestatu & egunkarian ezagun (ez oso ezagun) baten eskela topatu.
 
(Zure oreka puntua aurkitu behar duzu bakarrik, pertsona hori zure ondoan ala mila kilometrora egon daiteke eta berak bere oreka topatuko du zurekin batera.)
 

Gosariko ogi txigortuaren gainean marmelada zabaldu & pegatina bati atzeko papera kendu nonbaiten pegatzeko.

Goiz osoa eman zakur baten zaunkari esanahia antzematen & beste baten ezkontza osteko dantzan aritu.

Kandela piztu & kanutoa pasa.

Beste bati gertatuko zaiona klarki igarri & atzo egin zenuena ahaztu.

Maitasunez eta gustura entzun izandako abesti batek gogaitzen zaituela lehenengoz sentitu & zuhaitzetik hartutako pikua ahora eraman eta lehor dagoela ohartu.
 
(Euskarria behar du gizabanakoak, eta euskarria ez dago beti berak utzi uste duen lekuan, bilatu egin behar, hasieran pentsaezinezkoak dira, oso inportantea da hau jakitea... eta jendeak ez daki! Begiratzen jakitea, hortxe dago koska!)
 

Logelako gortinak aldatu & aspaldiko lagun baten gutuna jaso.

Aspaldiko lagun bati deitzeko aspaldiko gogoa bete eta harekin geratu & amamarekin besotik helduta paseotxoa eman parketik.
 
(Honek guztiak alderantziz ere funtziona dezake, adibidez: zuk beste norbait ezagutu nahi duzunean, orduan zerbait egiterakoan pertsona horrengan pentsatzen duzu, eta pentsatzen duzu pertsona hori une honetan zertan aritzea gustatuko litzaizukeen.)
 

Bainu bat hartzera noa!