Aurkibidea
Hitzaurrea, Josu Lartategi
Ostatuko madrigalak: gaztaroko poema hautatuak (1946-1966)
Poema-egile moderno eta arinen gainean berba bi
Guggenheim fundazioko bekadun batek elkarrizketatua
Hizketan moralitateaz, eternitateaz eta kopulatzeaz
Jainkoari eskerrak kalezuloengatik
Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi
Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi
Burla-txoriak zortea opa dit
Lehengo estiloko puta bat ikusi dut
Maitasuna infernuko txakur bat da: poemak (1974-1977)
Jo pianoa mozkorturik perkusio-tresna lez hatzak pittin bat odoltzen hasi arte
Hautagai politiko baten aurpegia publizitate-panelean
Beste mota bateko enkontru hurbilak
Ostarte franko Frantziako frontean
Gerra etengabe: poemak (1981-1984)
Lurreko poemen azken gaua
Lasterketatik lasterketara bitartean
Ezer ez da galtzea bezain eraginkorra
Musaren alde apustuetan: poemak eta narrazioak
Aurkibidea
Hitzaurrea, Josu Lartategi
Ostatuko madrigalak: gaztaroko poema hautatuak (1946-1966)
Poema-egile moderno eta arinen gainean berba bi
Guggenheim fundazioko bekadun batek elkarrizketatua
Hizketan moralitateaz, eternitateaz eta kopulatzeaz
Jainkoari eskerrak kalezuloengatik
Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi
Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi
Burla-txoriak zortea opa dit
Lehengo estiloko puta bat ikusi dut
Maitasuna infernuko txakur bat da: poemak (1974-1977)
Jo pianoa mozkorturik perkusio-tresna lez hatzak pittin bat odoltzen hasi arte
Hautagai politiko baten aurpegia publizitate-panelean
Beste mota bateko enkontru hurbilak
Ostarte franko Frantziako frontean
Gerra etengabe: poemak (1981-1984)
Lurreko poemen azken gaua
Lasterketatik lasterketara bitartean
Ezer ez da galtzea bezain eraginkorra
Musaren alde apustuetan: poemak eta narrazioak
2. MUNDU-GERRA
Errealitatea fikzioaren artifizio izan arren
dei diezaiogun honi fikzio bada, neska-mutil
txintxoak lez
erlaxa gaitezen
frisco-n nengoen toki primerakoa lakuz
edo antzeko zerbaitez josia
nire leihotik urrezko zubia ikusten zen eta
ez zegoen edateko
nahikorik ia egundo ere ez edateko nahikorik
l.a.-ko neure agureari idatzi nion hara behera
hobe duk ipuin ona asmatzea
hire auzotar sasikume madarikatu horientzat
ni ez naizelako inola ere joango
hire gerrara
gerragatik izan ez balitz azken gerra hi ez hintzen
berton egongo
ez nian hire ama ezagutuko eta hi ez hintzen jaioko
semea, hire aberria gerran zagok!!!!
gerra-gorabeherengatik munduratu nintzelako
kontu hori
ez zitzaidan iruditu argudio sendoa aldeko
inguruabarrik sortzeko
kalera aldeginda horditu egin nintzen sendoki
biharamunean erreklutatze-zentrora hurreratu nintzen
mutil batek konortea galdu zuen besotik odola
atera ziotenean eta nik
orratza zainean barrena sartzen ikusi nuen
eta begiztatu egin nuen nire baitako
gorritasuna hodiratzen eta zangar-zangarra
sentitu nintzen
ipurdia begiratu zidaten
eta ondoren psikologoa ikustera joan nintzen
barrukoz kanpora dituk galtzontziloak esan zidan
jagi eta buelta eman nien
buruz buru jarri zitzaidan begira
zer iruditzen zaik picasso?
hasieran esan nuen ondo orain eskas
idatzi ala pintatu egiten duk?
bai
eta?
eta zer? galdetu diat ea idazten duan ala pintatu.
utzi bakean
esan nion
non argitaratu haute? non erakusketak antolatu?
ezertxo ere ez onartuta
ezertxo ere ez onartuta inon ere
sinesten al duk gerran? galdetu zidan ez esan nuen
nahi al duk gerrara joan? galdetu zidan ez
esan nuen
nolatan ez duk izan nahi kontzientzi eragozlea?
ez dakidalako esan nuen
Jainkorik dagoenentz
datorren asteazken gauean bildu egingo gaituk,
festa izango diagu
doktoreok, idazleok eta artistek gustatuko litzaidake hi
bertan egotea gonbitea duk etorriko haiz?
ez
tira-ba esan zuen ez duk joan behar
joan nora galdetu nion festara ala gerrara?
ez batera ez bestera esan zuen ez huen pentsatu
ulertuko genuela ezta?
ez
zerbait idatzi zuen orri-puxka batean eta tolestu
eta karnetean itsatsi zuen
klip batez emaiek hau hurrengoei,
orritxoan kristoren hitz-pila idatzi zuen
harat-honat nenbilela lortu egin
nuen fitxaren ertza altxatzea baina zera baino
ezin izan nuen ikusi
poker-aurpegiaren atzean
berealdiko samurtasuna ezkutatzen du
eta hori berria zen niretzat
eta orduan morroi uniformatu batek oihu egin zidan
ederto-ba seme osaba sam-ek ez zaitu nahi
eta ni kalera irten nintzen
aire garbi ederraren baitara
gerrara al zoaz galdetu zidan ugazabandreak
ez nik bihotz kaxkarra
hori bai pena sentitzen dut esan zuen
eta nik eskaileretan gora
joan eta pinta on bat zurrupatu nuen
bihotz kaxkarra bihotz kaxkarra bihotz kaxkarra
oker egin duk akaso?
akaso joan behar huen akaso joan behar huen
eta zuzen-zuzen bertaratu
arraioa, konpai atzera bota haute osaba samek
ez hau nahi
erotuta hago barrez lehertu eta beste batekin
hasi nintzen zurrutean
ez dakit zehazki noiz baina apur bat geroago
hortxe nago ni botata
beste gelaska merke batean philly-n
oporto botilari zurrupaka
disko-jogailua piztuta eta brahms-en 2. sinfoniaren
2. mugimendua entzuten
eta orduantxe ate-hotsa datorkit
hots aski dotorea
eta nik inor gutxi ezagutzen banuen ere
imajinatu nuen zera izango zela
nirekin maiteminduta zegoen
hor beheko kantoiko putaren bat
edo nobel saria ematera etorri zitzaidan
norbait
eta atea zabaldu eta horratx bi morrosko eta batak dio
FBI eta besteak dio atxiloturik hago
mugitu eta atera egin nuen orratza brahmsen besotik
galdeketa egin nahi diagu esan zuten kanpoan
ondo da
hobe berokia janzten baduk beharbada luze joko dik
eskaileretan behera eta gero kalera eta
auto baten barrura
eta bazirudien leihatila guztietatik aurpegi bana
zegoela dilindan
eta atzealdean beste morroi bat zegoen eta
esan zidan eskuak
belaunetan ipini eta ez mugitu
bidean aurrera joan ginen apur batez
eta orduan nik
eskua altxatu nuen sudurrari hazka egiteko
eskua geldi! oihukatu zidan bortizki
beste batek
morroi hau txiripa ederra diagu esan zuen
beste batek
itzela harrapatu dugula uste diat, bai horixe,
itzela harrapatu dugula uste diat
ene jauna ene jesus maitea pentsatu nuen
jakin nahi nuke zer arraio
egin dudan jakin nahi nuke zer arraio egin dudan
gelazulo hartara sartu nindutenean
kasik osoro hutsik zegoen salbu eta
hormetako argazkien irudiengatik
ikusten dituk horkoak? seinalatu zuen
batek ahots serioenetan serioena
bai esan nion
horiek lanean hildako fbi-ren gizonak dituk
beste gela batera garraiatu ninduten eta
bertan gizon bat zegoen
mahai baten bestaldean jesarrita alkandora hutsean
mahukak bildu-bildurik
bukowski?
bai
henry c. j.r.?
bai
non ostia dago hire osaba john?
nire zer?
non ostia dago hire osaba john?
otu zitzaidan zera esan nahi zuela,
nik nolabaiteko
tramankulu sekretua nuela eta hartaz baliaturik
jendea asasinatzen ari nintzela
hire osaba: john bukowski!
ah jode john hilda dago
horregatik ezin genuen putakume hori topatu!
nola saihestu duk erreklutatzea?
4f naiz
4f eh?
burutik jota bai
zergatik aldatu huen bizilekua erreklutatze-zentrora
abisua pasa barik?
ez nintzen kezkatu jesus betiko amaitu zela
uste nuen
zergatik aldatu huen bizilekua?
ostikoka bota ninduten denbora guztian
mozkorrak egoteagatik
ugazabandreak esan zidan odoleztuta zeudela
nire izarak
zergatik ez hion abisua pasa hire erreklutatze-zentroari?
a’itu a’iskideok txoratuta al zaudete? ez nintzen
izkinatik harago mugitu
80 metro urrunago posta-bulegoan utzi nuen
helbide berria oxpa egin nahi
izanez gero hori baino hobeto egingo nuen
oraindik ez diagu egurra eman, ezta?
ez
eta eskuburdinak ere ez dizkiagu jarri, ezta?
ez
erretenitu beharko haugu geroko ikerketari ekin
ahal izateko...
txizatokia eta harraska zeuzkan kalabozo txiki batera
eraman ninduten
literarik ez aulkirik ez leiho ondoan paratuta
barrez bestaldekoa begiztatu
nuen larunbata zen eta bestaldekoa hiriko
kale nagusi bat zen
eta eguzkitsu zegoen primerakoa zirudien
kanpokoak gizon-emakumeak
osteraka beldurrik gabeak musika-denda batek
akordeak jaurtitzen
kalera ni ez nengoen ondo zugandik
apartatzen dizutenean baino ez zara hasten
bizitza xumea galtzen ospitaleratzean eta
ohean luze-luze zaudenean beharbada seko geratzeko
edo berriz kaiolazulora
bueltatzeko egundo ere ez dakizula noiz
irtengo zaren ezta irtengo zaren ere
orduan hasiko zara hausnarrean orduan
hartuko diezu eder antza eguzki-printzei
orduan bihurtuko da izkinara egunkaria erostera
hurbiltze hutsa
beethoven-en 9.aren antzeko zerbait
presondegira transferitu ninduten eta biharamunean
beste are erraldoiago batera
zelda batean jarri ninduten
enpresarioa zirudien gizontxo lodi batekin
bostekoa emateko imintzioa egin zidan:
Courtney Taylor nauk
arrisku publikorik handiena
eskua luzatu nion
ze’atik ha’o hemen? galdetu zidan
diotenez ziria sartu zieat
militarrei
a’ituzak esan zuen gauza bakar bat za’ok
gure ondoan nahi ez duguna
jasan ezin dugun jendilaje klase bat eta zera duk
militarrei ziria sartu nahi diena
lapurren arteko ohorea ezta?
ze’san nahi duk?
zera esan nahi diat
kabroi ostia horrek
utzi bakean
utzi bakean
hire burua akaba’u nahi baduk nik esango diat nola e’in
esan zuen
ez diat entzun nahi esan nuen nik
e’in behar duana duk ontzi hori hartu urez bete
zapatak erantzi oinak barrura sartu baina
lehenbizi eraitsi
behar duk sabaiko lanpara nire sorbaldetan jarrita
ederto molda’uko haiz
tutuari torlojoak askatzeko eta gero gakotuzak tutua
bonbila
kendu atzamarra gogor sartu zuloan hire oinak
ur-ontzian
eta gero hegan alde’ingok hemendik
ez zitzaidan ideia txarra begitandu
baina zerbait groteskoa eta
deserosoa hartzen nion historiari halako zerbait
ez egitera deliberatu nintzen beraz
literan etzanaz batera gauzatxoak
sentitu nituen
neuri kosk egiten tximitxak
begirazak esan nuen
jokoan nahi?
zertaz ari haiz?
apustuaz ari nauk esan nuen joka dezagun
nickel bat tximitx bakoitzeko
baietz hik baino gehiago harrapatu
argiak guztiz amata’u arte ez dituk
benetan irteten esan zuen
arraioa! esan nahi duk okerragoa izango dela?
galdetu nik
e’ik bider 30,
esan al diok goardiari?
kartzeleroari? esan e’ingo zioat
ostera ere
eeh txakurrok erdu hona txakurrok!!! tximitxak
dauzkagu hemen!
atera itzazue hemendik tximitx puta demonio hauek
eeh txakurrok!
inortxok ere ez zuen muturra agertu
blackjack-ean hasi ginen eta 5 minutu geroago
kartzelero-taldea
barrura sartu zen
ea gutxiago oihukatzen dugun seguruenez
zomorro horiek zuekin
batera etorri dira hona putakumeok
zortea izan nuen dadoetan patioko
jokaldietan eta zorte oneko jarraitu nuen 3, 4, 5 egunez
eta hobeto sentitzen hasi nintzen
kalean inoiz egin ez nuen dirutza lortzen ari nintzen
gosekilak geunden beti baina
argiak amatatu ostean sukaldaria
azaltzen zen
jelatina eta esnegain harrotu mordoarekin
eta kafearekin eta okela-zatitxo batzuekin eta nik
dolar bat edo pare bat luzatzen nion eta orduan
neure arrisku publikorik handienak
utzi egin zion 4f batekin entzerraturik egotearen
demonio gaiztoez mintzatzeari
eta hain zuzen geure nickelekin dibertitzen
hasiak ginenean tximitx batek kosk egin zion
taylorri eta azpikeriatan maisu zenez
ez zuen erresistitu eta
bere tximitxetarik batzuk hasi zen erdibitzen
baina ni sasipoeta nintzenez
eta hilarri-aztertzailea ere bai labankada
sentitu nuelarik ene burmuin
negartiaren kontra bada ni ni bizkorragoa
izan nintzen... eta hala
guk, txoroak eta arrisku publikorik handienak,
zukua atera genien tximitxen arimei
bitartean munduak
narras zeramatzala potroak agonia are luzeagoan:
2. mundu-gerra
eta hilketatxookin ari ginela ahaztu genuen
ez geniela aitortu
beren noblezia ttikia edo dena delakoa
baina esaten nenbilen moduan
dibertitzen hasiak ginenean
geure tximitxekin
zeldatik kanporatu gintuzten
fumiga zezaten egin genuen
lehenengo eskaera ofiziala baino
bospasei egun geroago
eta ni poloniar batekin
jarri ninduten
poloniarra edo halako zerbait
zahar-zahar-zaharra
patiora joan nintzen lehenbiziko aldian berak
lastaira urratu zidan zer egiteko-eta
arropa zintzilikatzeko kordela
eta nik oso azal sentikorra dut
neure poker-aurpegia eta guzti
artilezko burusiak eta guzti artile lakarra jasaten
ez dutenek soilik
jakingo dute zertaz ari naizen eta ho’laxe esan nion
agureari
bera beti zegoen komuneko
zuloan jarrita
ufa-ta-ufa pipa huts bati eta zelda kaka-mokordoek
hartu zuten
dena zen ba’patean arropa-zerrenda kakaztuen
zintzilikatze,
dena zapi zaharren eta galtzerdien xukatze
(ahaztu nire izena noble prusiarra naiz)
(hori fikzioa da)
(ezta?) (aspertzen hasia naiz kontu honekin eta
aise erabil nezake orain
ipurdi-puxka bero bat eta zein gizasemek
ez luke-ba gauza bera egingo?)
bera beti zegoen komuneko zuloan
jarrita
ufa-ta-ufa eta esaka
tara bubu jan tara bubu kaka
tara bubu jan tara bubu kaka
behin eta berriro
eta gero barrez itotzen
hasten zen
eta bere bizitzako pasadizoak kontatzen zizkidan
baina nik senti nezakeen gauza bakarra
bluebird hegazkinak dover-eko itsaslabar zurietatik
aireratzera zihoazen bitartean
zera zen, artilezko burusia nire soinaren kontra eta
nire atal guztien kontra
a’ituzak kabroi ostia horrek esan nion
da’oeneko gizon bi
garbitu ditiat eta hi asasinatzea ipurdiari hazka egitea
baino errazagoa duk niretzat!!!
kaiku zaharrak barre egin zidan besterik gabe
eta unetxo batez posible zela
iruditu zitzaidan zergatik ez-ba? nire eskuek
haragizko hilotz ximurtu hori
birrin-birrin egiten nork dio-ba ez dagoela
asasinatzerik hilda dagoena
plast eginda begiak mihia
birikak aire bila katakumeen modura
ile mataza bati
pertsegitzean nazkagarriegia zen ordea
nik ez dut uste Dos-ek
Krimena eta Zigorra-n uste bezala, alegia
gizon soil batek ez daukala juzgatzerik
errotik zer kendu eta zer ez baizik eta dudarik gabe
egin dezakeela badakielako
eta errazagoa delako Jainkoari errotikoa bueltatzea
izan ere akabuan den-dena
beharko duzu kendu zeure burua barne (nahiz eta
gu normalean geure buruarekin hasi eta
geure burua errotik kenduaz batera errotiko enparaua
kentzera pasa) eta deliberamendu batek
hutsegite bihurtuko luke Jainkoa eta
beste deliberamendu batek ez ze
Jainkoa ezabatzen baduzu
zeure buru baitara itzuli beharko duzu eta 20
edo 30 edo 60 urtetan eraikitako buruak
ezinezko du su ematea 2.000 urteko tradizio-pilaketaren
erroari eta horrela bada
Dos-ek jokaldi oso zentzuduna egin zuen onartzean
bera ere oker egon zitekeela
arrazoi zuela sentitzen zuen arren eta horregatik
utzi egin nuen agurea kaka egiten eta ahotik
tara bubu okaztatzen eta artilezko burusi artean
lo egiten
zapuztu egin ziguten dadoen jokoa
dorretik
kartzeleroak bere metrailadoreaz
apuntatu zigun
dadoa zerabilen morroiak probetxu ederra
ateratzen zien
eskualdi guztiei eta galtzaileok gero eta berotuago
geunden suposatzen dut
dena kontatu behar niola agureari baina morroi batek
zera esan zion
dado-hornitzaileari etzak osti’apurri’pe ukitu nik esan
arte
eta ho’laxe genbiltzan kartzeleroak beharrari
ekin arte
apuntatu arte bere burdinazko piperraz
geroxeago berriro etorri ziren nire bila eta
gela arraro batera sartu ninduten
txosten bat prestatzen ari ziren
galdetu zidaten nola esaten nituen
hitz batzuk letraka
hala nola Andernach eta horren antzekoak
nik ordurako bizar gorri luzea nuen
eta haiek horren zergatiaz galdetu zidaten
eta nik esan nuen
inoiz egon al zarete infernuko zuloko
ziega hartan
eta pasatu al dizuete bertara bizar-xafla bat
eta xafla hori bera
erabili al du azken ziegako azken gizasemeak,
eta giltzaperatu al zaituzte inoiz
agure batekin zeinek bizitzan duen dibertimendu
bakarra jatea eta kaka egitea
eta bizarra kentzea den
eta onartuko al zenukete agure horren
dibertimenduaren heren bat
bizar-xafla hartu eta bizarra kentzen lehena izateagatik?
gainera bizar gorri honekin aurre egiten diet
artilezko burusiei
eta txakurretarik batek esan zuen nik uste
mutil hau burutik dagoela
dena dela hiruzpalau egun geroago
kaleratu egin ninduten
ordea lehenik eta behin beste azterketa fisiko bat
gainditu behar izan nuen
ordea berriz ere
ezin psikologoarena pasa
eta egun hartan bertan
kaleratu egin nindutenean
gela bat lortzen saiatu
baino ere
lehenago kuluska bat egitera joan nintzen philly-ko
liburutegi aurreko parke horretara
ahoz gora jarrita
belarretako zomorrotxoen ziztadak
sentitzen nituen gibelaldea urratzen eta nik
eman egin nien baimena dena urra zezaten
zomorro prestuak eta miresgarriak ziren
eta eman egin nien baimena hodeiei
nire buru gainera
abail zitezen baina zeruak lohi-kolorea zuen
min ematen zidan begietan guzti-guztia
ez zen ona tristeziak gaina hartu behar zidan
eta neskato batzuk entzun nituen
hurreratzen
berriketan eta barre-algaraka eta batek
estropezu egin zuen nire orkatilarekin
eta esan zuen oooh oooh eta gero barrez hasi
eta nik betondoa
zimurtu nuen bizar gorri eta guzti eta batek
esan zuen
oooooh maite dut!!!
eta ni orduan muturrez behera erori eta
hodeietara bueltan joan nintzen
eta beranduago
hilobiaren miseriatik katamarka jalgiz
parkeko eserleku batean etzan nintzen trafikoaren
joan-etorriari begira
eta etorri egin zen itsumustuan kamioi-ilara luzea
bizitzea beste irrikarik ez zuten soldadu gazte onez
lepo-leporaino
eta ni gazte nintzen eta zelatari eta unetxo batez
maite izan nituen ai, jendetza
baina beste behin nigana jiratu ziren eta buru zihoan
kamioitik
txistu eta oihu egin zidaten eta gero birao piloa
bota amorru eta gorroto biziko burrunba
ni berekin batera egotea nahi zuten
eta etorbide guztia ahots goriz bete zen
eta kamioi gehiago pasa ziren astiro-astiro eta
opera bihurtu zen dena azken judizioko
opera zen, baina nik ez nuen gerra nahi inoiz
ez nuen gerra nahi izango
eta jainkoak jainkoak txintxo portatu ziren dadoekin
eta nik beso bat nagiki astindu
eta irribarre egin nuen baten batek oihu egin zidan
putakume horrek
mugizak ipurdi zikin hori!
ordea nik ez nuen mugitu urruntzen
ikusi nituen zihoazen leku hartara urruntzen
konortea galdu zuen mutil hura gogoratu nuen
bera ere bertantxe izango zen
denok ginen
oso gazteak ni gaztea nintzen haiek ziren gazteak
baina imajina nezakeen gerra
urde bat bezala jendilajea urde bat bezala
ni ez nintzen haiek bezain gaztea