Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

HOTEL LEGAZPIN EGUNKARIA LEITZEN

 

 

onddo atomikoak biltzen hasteko

sasoia gertuago ote:

birjendezta ditzagun

inon diren lur produktiboak

eta pentsatzen ari zaren bitartean

hatz erakuslea ezpainetara eraman

ixi eginez ezerezari,

etxea alogeran dugu

ezedukien aldeko publizitateak

esku gaina miazkatzen dizu

aberatsen berripaperetik

eta destinoa ez da gaur

hitzordura azaldu

 

gero eta gehiago

saltzen da zorionaren ideia

taldearen lau babesleak elkartuko dira

ez bedi desagertu erakundea:

Louis Vuittonen zorroak zintzilik

solasean dira Salieri eta Mozart

Antonio Lamela falangistaren

Colon dorreak atzean…

suizidioak goragoko jakituria gradu bat

adierazten duela diotenak badira

 

bakeagatik itxarotea hobetsi dugu

liskarti ez izatea berriro

su eman eta erre egin ziren arren

eraikinek zutik eutsi zioten,

hautetsontziak espetxe katalanetan

eginak daude

baina euskal nazioaren alde

lankidetzan ari gintezke,

azkenean hitza ateratzen hasi dira

sexu esplotazioaren biktimak:

inor menpean izateko

garrantzitsua da pasaporteak kentzea

bakar baten esku daude denon igarobideak

hala ere ez gaitezen injustuegiak izan

mintzo dena ez da proxeneta bakarra

 

zoriontasun sotil hori asetzeko xedez

oraindik arratsalde euritsuetan

piano aurrean esertzeko

kemena biltzen du Jainkoak:

ezagutzen den

hobi klandestinorik handiena da zerua

eta huts egin dute ultraeskuinaren

aurkako babes neurriek,

naturan bezala

bizitzak usuenik

pragmatikoa izatera jotzen du,

arrakalatzen ari da

Luiz Inacio Lula da Silvaren mitoa,

bi zaldi eskaini zituzten sakrifizioan

udaberria ez zen lehenago iritsi ordea

 

bistakoak zertarako ukatu:

hauteskundeek zerga politika

itxuraldatzen dute

arrain hilen kiratsa du itsasoak

eta jokalarien buruan

zer gertatzen den inork ez daki,

gero eta gutxiago ulertzen dut

denbora galdua nola berreskuratu

diotenean zertaz diren ari,

Madrilgo txakurtegian

ez da animalia gehiago kabitzen…

zer egin geuri gertatzen bazaigu

zer egin geuri gertatzen bazaigu