Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

IPOMEA

 

 

malko gutxi isuritakoa naiz:

bizi garen orduak

inguratzen dituen

espazioa ardura zait

aro berri bat musteko

lehen harriarekin batera lurperatu

egunkarien bazter batean

laketu naiteke

ez geroa epaitzeko

eguerdi arte argi baten aldeko

andrazkoen miliziak

adoretu daitezen baino

—Nakba bezpera

odoltsu batez esaterako—

 

lehen ere larri

ekibokatzen ginela

eta hala ere

boladetan sutsu

maite genuela geure aldia

eta hala ere

beti zela berriro jaikitzeko

prest zegoen norbait

eta hala ere

 

zorigaitzen inbentarioek

izotz aroko hiri galduen

aurkintzek

ez dituzte eragotziko

gauerako gorde ditudan

ferekaren oihartzunak

ez haren tenperatura-presioak:

gabezia sail batek hartua dit gogoa

eta etxeko hildakoen entzutegitik

onik ateratzea espero dut

berriz egitasmo politikoei

kemenez ekin ahal izateko

 

mitxoleten lilura gorriak

bidegabe berrien hatsa dakarkit

eta kartzelako bisitatik bueltan

apur bat zoriontsua

ematen zuen herriak:

trepetaz bete busen gaina

—norbera iristen ez den lekuetara

batzuetan heltzen dira gauzak—

zapiz estalitako igeltseroen buruak

eta larderia gozo-min bat

sukaldeetan

 

iruditzen zait

belarra hazten ari den heinean

ari naizela abailtzen egunetik egunera

aurreiritzien antzera

haurren lo gozoa nola

 

lehen ere larri

ekibokatzen ginen

eta hala ere

boladetan sutsu

maite genuen geure aldia

eta hala ere

beti zen berriro jaikitzeko

prest zegoen norbait

eta hala ere

 

hosto erorien musikak isildu egiten nau

hirurogei urteko umezurtzen artean