Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-16-9
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

«Orain denbora kristalezkoa da» esanez amaitzen zuen poema bat Jose Luis Otamendik, eta lerro horrek osatzen du, ene irudiko, bere atzoko eta gaurko poetikaren ardatza: denbora gatzatu egin da eta poetak inguruari behatzeko astia hartu du, bere bizitzaren hilotza ikusten du, kristalak izoztea eta gardentasuna sujeritzen baitizkigu, biak batera, eta hala berean ontzia, klepsidra menturaz, eta hartan isuri behar du poetak bizitza berri bat orain, denborak aitzina egin behar duenez eta etorkizuna duelako begi bistan... Halako klabe sotil eta alabaina aberatsaren bitartez iragartzen zigun Otamendik ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera bere poemagintzan.

      Lirikotasunaren helburu nagusienetakoa hitza hizkeraren kutsaduratik libratzea dugu, poetak bere bihotza biluzten duen bezalaxe soiltzen du testua, zinezkotasuna helburu. Apaingarria, ederra bada ere, askotan ez baita adierazkorra, aitzitik, kutsatzailea da. Mezuaren esentzialismo batean mugitzen da poeta, euri tantaren edertasuna atzeman nahi du, eta hori zaila da oso, poesia, oro har, malkoz itoa dagoelako, eta euskal poesian «anpuluak» ere badauzkagulako, perla komiko horiek. Nahitarat aukeraturiko urritasun horri esker sentimenduen esate xahu batean sortzen du Otamendik giro liriko berezi bat, inguru liluragarri bat, irudien zailean ez baina gardentasunean oinarrituta hunkitzeko ahalmen aparta duen sistema bat. Otamendi lañotasunaren poeta da, poesiari «poetikoa» den oro kenduta gelditzen den kristal garbi horixe eskaintzen digulako, bere hitzak hunkidura aratzetarako gomita dira. Sinpletasun izugarri zail horretan definitzen da bere poesiaren bakana. Korronteetatik urrun, modari bizkar, temoso, sortzeko kemen egoskorraz jardun du, isolamenduan nolabait ere. Hala lortu du Jose Luis Otamendik literaturan dagoen gauzarik zailenetako bat, estilo propioa.

      Bere lehen liburuetan mundu intimo bat, nerabezaro luzatu bat eskaini zuen, baina heldutasunetik. Ez zegoen hartan ez pasiorik ez platonikotasunik, esperantzaren eta desengainuaren arteko dialektikan garatzen ziren poemak, «idilio euritsuak» aipatzen zizkigun, Eluard-ek ez duen ironia mehe batean. Maitaleen arteko auzia ezin zen konpondu, baina elkar ulertzeko marko bat definitzen saiatzen zen poeta. Lirika honek beti du arriskua mundu itxi batean gelditzekoa, inguru domestikoan, baina Otamendiren obran pixkanaka metatzen joan zen lexiko berriak bigarren ziklo bat abiatu zuen «denbora kristalezkoa» egin zenetik, eta eztanda egin du bere azken liburuan, Lur bat zure minari, non intimismoari uko egin gabe espresionismo garratz bat ageri duen, metafora bortitzen etorriak mundu hilduratu batean biltzen gaituela. Maitaleen gatazka ezin da berezi inguru ankerretik, apokalipsi txiki baten antza hartzen du egitura konplexuko poemetan. Eta gardentasunak, orain, hunkitu ez ezik itsutu egiten gaitu.

Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) irakaslea da, eta poesiaz gainera ipuin liburu bat dauka argitaratua, Euri kontuak.

 

 

Bibliografia

Aranbarri, Iñigo. AZKEN LIRIKOA (Bakarrik bahago neguan antologiaren hitzaurrea). Pamiela, 1998.