Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Rusoa

 

Mobilizazio deia egin eta hilabetetsura alde egingo zuen Borisek gure artetik. Gogotik txalotzen genizkion jokaldiak, kaioen hegaldi astiroa lur hartzean nola, halaxe ospatzen zituen golak. Hanka-zain bizkorrekoa zenuen, talde lanean ona, burua zein zangoa baloirik gaitzenari luzatzeko gertu beti. Ostikolari bikaina.

        Etorri orduko hartu genuen geuretzat. Arrotz zitzaigun haren mintzoa, baina maite genuen, txori kantua egiten genuen doinu apal eta ilun hura, gure fantasiak janzten zuen esanahi ederrez haren hitzen molokin lakarra. Halaxe, deblauki, etxekotu zitzaigun, gogoan txertatu eta harrezkero gurean sasoi bikainen gomuta dei egiteko manera da Borisen hizpidera ekartzea.

        Begiratua zuen tristea, beti norbaiten esperoan egoteko sortua balitz bezala, harri batena legezko grina etsi ezinarekin, eta eskuak handiak udazkeneko zerua lakoak.

        Kazetariek goitizenez deitzea gurago izaten zuten, Otso urdina, Kaukasoko Tsarra eta itxuragabeagoak ere bai, baina Boris zen guretzat. Inork min egin nahi zigunean Rusoa deituko zion, eta guk segikadak egiten genizkion, astintzeko ez bazen, harrika emateko bederen. Artean ez genekien ia ezer nazioarteko politikaz; hala ere, esateko era errearengatik susmatzen genuen zerbait txarra behar zuela, destaina modu bat Rusoa esate hark. Bi urtez segidan bosgarren geratu zen golegileen zerrendan.

        Herrian elkarte bati bere izena eman zioten. Lehenago Ixtingorra kultur elkartea zena Peña Boris izenez bataiatu zuten. Orduak ematen zituen han. Bertan egin ohi zuen afari legea ia egunero. Arrautza parea txorizo mutur batekin. Egokitu zitzaigun inoiz han ikustea, erromesen antzera inguratzen ginen boriszaleok hara.

        Denboragarrenean, baina, joateari utzi zion haserre bat bitarteko. Eta berriro izena aldatu zioten elkarteari, horrela berpiztu zen Ixtingorra.

        Esan zuten Boris bere betiko mahaian afaltzen ari zela, bakarrik, barreneko aldean, erdi ilunean, gizon bat elkartean sartu zenean, besoan alfonbrak zituela. Bazkide bakan batzuk baziren bertan. Bodegero egiten zuenak eraso omen zion saltzaileari. Lepazamarretik heldu eta ostikoka atera zuen. Kopeta belztu eta jaiki da Boris marmar batean, inork ulertu ez zizkionak bere mintzamolde ilunean ebakiz. Hartu du eserita zegoen zurezko aulkia eta paratu da elkarte atarian, bere izena idatzia zuen kristal landu handiaren aurrean. Indartsu, amorruz jaurti zuen aulkia. Hegan egin omen zuen, kaioek ur azalera nola, beirazko ortzi tenkatuari buruz. Milatxiki eginda kazkabartu zituen zoruan elkartearen txirtxilak. Denek ulertzeko moduan egin omen zuen alde Borisek. Tente, isilean. Gizandi bat erne zitzaien gure begiei.

        Kaukaso aldetik gerra albiste beltzak heltzen hasi zirenerako Boris laugarren denboraldia betetzekoa zen hemen. Prentsak albiste-gose zirikatzen zuen iritzia eman zezan, bazekitela familia han zuela, bere herria suntsitu zutela ia, kaleetan hildakoak zakurrek jaten zituztela. Eta uzkur ageri zen beti, baita, txarrera, norbaitek ea Rusoa zergatik deitzen zioten galdetu zionean ere. Futbolari buruz itaun egiteko erregutzen zien kazetariei erdi totelez, futbol kontuetan nahi adina hitz eginen ziela. Eta negute sarkor batek hartzen zuen Borisen begitarte ederra.

        Egundo ikusi gabeko esnea atera zuen adiskidantzazko partida hartan. Bi gol sartu zituen, min eman arte besarkatu zituen taldekideak, hegaldi eroak egin zituen sosegatu ezinik belar gainean. Xelebre begiratzen genion elkarri, algaraz eta txaloz hartzen zituzten zaleek Borisen komeriak eta grina zoroa. Guk, aldiz, bagenekien ez genuela berriro ikusiko gure elastikoarekin, alferrik saiatu ginen berandura arte autografo bila. Errietan eman ziguten etxean.

        Gerrara joan zenean auzitara eraman zuen gure direktibak hitzartutako kontratua bete ez zuelako. Halako batean, ordea, gerra amaitu egin zen, gauza gehienak bezala.

        Futbolerako onenak emanda baina osorik atera zen Boris. Italiako bigarren mailan ari zela esan ziguten. Igande arratsaldeetan partidak ikusteari utzi eta neskatan saiatzen hasi ginen sasoitsua zen. Ez zen berriz etorri. Beranduegi gure maitasunarentzat.