Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

MATIA-BERMINGHAM, 306

 

 

                —I—

 

armairu batean zintzilik bezala

urteak datoz begien aurrera

aurkintza hautatuekin

pasabide itzaltsu eta geltoki hotzekin

—ez naiz itsustasun hau guztia

neure ondare nahi dudala

egiteko beste ausart—

biao orduan

gaixoen loaren gainetik

autobide zaintsua zutik da

eta eguzkitan galdatu aldirietako eraikinak

—hemen ere eskudirutan neurtzen dira

eskubide unibertsalak—

zaharren erietxeetakoak dira

hiriko eulirik gizenenak

 

urteen akordua mehetu egiten da

tranpolin jauzilari hasiberrien

belarrietako txistu hotsak estalita bezala

gizon bat hil dezaten eskean ari da

nora egin behar duen galdezka erizainei

ez dakielako non bete eskabide orria…

airea ez dauden txoriz mukuru

erakusten duten ispiluek

beldurra ematen dute

eta urteetan metatu irabazien hondarrak

ongintzara bideratzen dira

norbere infernu txikien mugetan

lorategi japoniarrak jasoz

—gizaki bat bozka bat aldarria

zilegi da hemen ere—

ahazmenaren azken amildegiraino

garraiatzen ditut dorpeki ordu-azaoak

 

 

                —II—

 

belar zakarrak hazi zaizkit

bular barruan eta beherago

bular barruan eta gorago

karranka erlatsak

eta sunda bakarzaleak

itomen modu kiribilduetan naramate

hatz mamiez patrikan ordea

txanponen ukimena bilatzen dut

bertan irarritakoak irakurtzeko

neure baitako osin eta

inperio ilunetan egurastu naiz:

pobreak itsusten ditut

pobrezia esetsi ordez

pobreak itsusten ditut

 

airerik gabeko gorputz batean

txaraka egingo da nire jabe

goroldioa horma belarra

eta inoiz garaipenik bada

isila izango da haien garaitza

 

 

                —III—

 

gauzak esaten diren bezala

etortzen dira sarri hitzak

hosto bustien gainean:

urak daramatza erretenean beheiti

ez da ikusgarri uzten duten orbana

iheskorra dute itzala

 

izaten dira bestelako uneak

ile gurizko isila nagusi dutenak

asmoak oroitzapenekin txirikordan

eta pausatuz lumatxa jausten da

denboraren ur geldoan:

izarren igarobidean musu bat…

 

sarraskiak gertatzen dira

mirarizko enkontruak,

gizakiak tokia hartzen du espazioan:

inork ez du aipatu nahi zoriona

 

 

                —IV—

 

ez dago segida irmoaren ziurtasunik:

eguzkia akiturik

noizbait itzali egingo da

gure mintzoak

gaixotasun arraroen zantzuak ditu

eta paradisu zurian

betiko sendatzetik gertu

unaturik bezala darama soina jendeak

 

garai bateko gauzen segurtasun haiek

galdu egin dira

gorputza aldiro izendatu behar da

uren izaria mudatu egin da

egunei beratu egin zaie erlaitza:

bide itsuak diruditenetan

ikaste aldera

tarteka ibiltzen naiz begiak itxita

eta ezpain formako hostoek

ferekatzen nautela imajinatuz

loratzen zait irria

 

 

                —V—

 

lanbro-izpiak legez

bakun eta anitz dira mundukoak

zeinek bere zinak

zeinek bere ezinak

neurri doi makestuan

 

lerro-lerro

bizitako egunak datoz

leku bila

sentimenduetan

ur uherren antzo

gogoan ernatu ahala

lauso isiotzen dira oroitzapenak

uneko leinuruz

bristadaz

baina mugitzen dituzten

gurpil sotilez ahaztuta:

hartuak

jasoak

emanak

igurtziak ondasunak harriak

 

lanbro-izpiak bezala

nago gu ez gaudenean munduak

ez duela denean

berdin-berdin jarraituko:

dela iraizte indarra

dela arintasun atomikoa…