Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

PIANOAREN SOKAK

 

 

etxe post-proletarioetako balizkoak datozkit:

orotariko sarraskitzeak eta gizonen isiltasuna

udazken mustu berri bateko tragediak tradizioak

mortuko erromesaldiak salbazio selektiboak

tornuak aldamioak eta armak saltzen ditugu eta

xehatzeko gorputzak jartzen dituzte beste batzuek

aski ote da gordeta haien izenak

haien izenak ez galtzearekin nahikoa ote da

 

ez dakit noiz nola ikasi nuen ezentzunarena egiten

zein ispilu miragarritan nagoen ostatuz

andrazkoa izan nintekeen baina ez naiz

gizasemea izaki badakit oraino

konpondu ezin direnak egiteko tenorean naizela

—sasiaren gisa ari naiz zahartzen bazter batean—

miseria askotan badut neure partea

eta baritonoaren gangarrez abesten diot bakeari

kapitalismoaren uzker-ume izanik

kontsumoaren paradisua deitoratuz tarteka

 

Rakhmaninoven 3. piano kontzertuaren uhin artean

etsian ari naiz borrokan urteko azken euliekin

begiradaz futbol partida bateko itzalei segika

kamioi-hozkailuak bagina lez daramatzagu soinean

hildako kuttunak hilotz errabiatuekin nahasian

eta behargin pakistandarrek eguna argitzerako

araztua izango dute ortzi honen olana:

Jainkoak aspaldi apartatu zituen bereak