Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

MAIATZA SEAMUS HEANEYREKIN

 

 

antzokian lerro-lerro paratutako aulkiei

mesfidantzaz so egin zien Xabi Bordak

beharbada zalantza eginez

Seamus Heaneyk eta haren bizkar okerrak

haizu joko ote zituzketen gure literatur jolasak

Mundu-Lizarraren adar hosto berdeetan:

ordurako goi herrietako zohikatzak

hatz mamiak zikinduak zizkigun

poemen arteko orri pasa durduzatuan

 

ebanozko klarineteak eta piano beltzak

alertan jarri dituzte itzultzailearen hezurrak

eta minutu gutxiko kontua dirudi:

aurki haur musikariek eta haien familiek

beteko dute ostatu birjaiotako eliza

erretaulak doinuen distiran izarniatzen du

hurrengo fede aroaren menturaz sainduak

 

musikak uxatu gaitu kalera

eta paper belztuak galtzarbean baturik

profeten bizarra hazi zait

gure jaiotetxe aurretik igarotzean:

ordulariak larrean jareginak ditu nire anaiak,

oroitzapen samaldak matxinatu arren

esperantza batek kordoka zutik dirau

izeba Aurelia gotortua baita atzeko aldean

eguzkiak sukaldea azkena hustu zuenean bezala

 

uste dut poz berri batek kolpatu gaituela:

hitz baten lepo gain iletsua

ferekatzen ari ginenean

txori kume bana erne zaio jendeari ahoan

irri egin dugu era basati baina zaurgabe batez

mendiko ninfen eta harri uherren

seme-alaba sentitu gara eta

musika olde bihoztoiak aire errezelen azpitik

arnasa okupatu digu

 

laguna sorbalda gainetik besoaz bildu

eta beste mundu bateko taupadak lokietan

egin dut neure artean:

Jainkoa gabeko egun bat gehiago izan da,

hona nola eraikitzen den

hizkuntza minimalista baten zarpailak hartu eta

tribuaren lau soinu sargoriz

arratsalde mitiko bat!