Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

LOTUAN ASKE

 

 

20. mendearen bigarren erdian sortu ginen

ordura arte

milioika jenderen baitan

larba eran egonda beharbada

denboraren ozeano abisalean

ez hilik

baina izatera heldu gabe zeharo

 

halako batean baina

lurraren eta odol berriaren

indarrek deituta bezala

beso arte batek jaso

inoren taupadak ezagutzen ikasi eta

oinez hasi ginen:

artean gure hitzak eta ekintzak

norantz lerratuko ziren igarri ezinik

jendeek eta urteek

marruskatu gaituzte harrezkero

eta eman izan digute eskura

haizeak zafratu

bibelarraren dantza ilunabarrez

beldurra kantu eder eginik

eta piztia izu baten bihotza bezala

zamalkatzen den herri bat

 

hilik ez

baina gu zeharo izatera

iritsi gabe egon ginen

mundua mundu denetik

jaio ginen arte

 

eta orain badakigu

mundura jaio den oro

hil egingo dela noizbait:

denok hilko gara

baina baldin gure hitzak eta ekintzak

non eta noiz mamitu asmatzen badugu

guztiz izateari utzi gabe

 

bestela

berriz

munduak mundu izaten segituko du

gu gabe baina

zeharo