Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

ISOBARAK

 

 

eta gorago hostoen zain meheak daude

gainak daude

eta beherago eskuinerago ezkerrerago

plastiko eta burdin meazko kontinenteak

esan gabeko hitzen durundi eta ardaila dago

grabitatearen legeetatik libre

keinu eta bihozkaden hondartza abisalak daude

 

gorago hodeien gordegiak daude

beherago izarren sabel urtua

eta gorago argia ilunarekin nahasten da

eta txorien kantua ez da heltzen haraino

ez bada inoiz abestutakoaren oroimenez:

arnasa hariak

 

eta beherago planetek ez diete begiratzen elkarri

sistema izateari utzi nahi dio jendeak

eta ezer galdetzeke

minutuen koska gainean jarrita

noizbait zerbait gertatuko dela espero dugu

 

eta gorago unibertsoa finitu egiten da karel bigunetan

eta esku batek hosto bat hartu eta

ukitu egiten du maite duenaren amorez

eta halako batean idazten hasten da

edo zigarro zuztar bat isiotzen du

edo izoztu egiten da hutsaren atarian

 

eta gauzak hobeto egiten asmatu ez duelako

dolutzen da mundua