Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Body & Soul

 

        012/6564-qw B.B. Forentsearen informea.

        BIKTIMAREN IZENA: Marmolezko irudia, izenik gabekoa.

        ODOL KLASEA: ez du.

        ITXURA: marmol zuria, 1,84 metroko altuera. Hanka finegiek oreka gutxiko bihurtzen dute irudia, zangoak prestuegi landu gabe, baina gorputza eta aurpegia oso ongi tailatuak. Napoleonen garaiko soldadu frantziarraren moldeko jaka solapatua eta botak ere taxu gehiegirik gabe tailatuak. Besoak gorpuari itsatsita ditu irudiak, gerrian zintzilik duen ezpata baldar samar zizelkatu bati heltzen diolarik esku biez. Aurpegiko txikikeria guztiak, kopetako zimurrak barne, errealismo handiz daude zizelkatuak, itxura serio eta kezkatia emanez aurpegiari, baina kasu hauetan topatu ohi dugun rigor mortisetik urrun, inondik ere. Ez dirudi zizelkatzaileak sonbreiru napoleondarra tailatzean arreta handirik jarri zuenik (uniforme militar nahiz kapeluaren nondik norakoak zehazteko historia adituren batengana jotzea gomendatzen da), erizain kofia handi samar baten gisakoa izanik kapelua. Aurkitu zutenean bata zuri bat zeraman soinean estatuak, botoi guztiak leporaino loturik. Poliziak adierazi digunez, dirudienez, irudiak zuen buruko sonbreiru zizelkatuaren bidez zein soineratu zitzaion batarekin, erizain baten itxura bilatu zuen estatua leiho ondoan kokatu zuenak.

        ZAURIAK: lepoaren behealdean, sorbaldaren eta lepoaren arteko angelutik gertu, 5,6 milimetroko (22 amerikarra) kalibreko bala bat aurkitu da marmolaren barruan zentimetro eta erdi eskas barneraturik. Balak marmolean sartzean eginiko zuloaren ezaugarriak azterturik, garbi dago armaren ahoan proiektilak zuen energia zinetikoak 24,2 juliotakoa aise gainditzen zuela, oraindik errebolberraren marka eta motarik zehazterik lortu ez den arren. Tirokatzaileak hiru metrotik beherako distantzia batetik sakatu zion armari, bizkarrez eta leihotik kanporantz begira zegoen biktima lepoan harrapatuz, balak marmolezko zuloan duen okerdura, erasotzailearen gaitasun urri edo esperientzia ezaren adierazle izan daitekeela, baina baita marmola bezalako material gotorraren txoke erreakzioaren ondorio ere. Bi hipotesiak zilegi dira lehenengo esplorazioaren ondoren.

        Poliziak luzatu digun azken galderari erantzunez, azpimarragarria da, halaber, marmolezko irudia lurrean etzanda aurkitu izana, balaren inpaktuak estatuari oreka galaraztearen ondorioa besterik ez dela, ez izanik batere harritzekoa irudiak zuen estabilitate eskasa kontuan hartuz. Bestalde, aurpegian, bai begiaren azpiko hegalaren eta begiaren alboko angeluaren artean, bai barailan nahiz kokotsean ageri diren urradurak, irudiak erortzean leihoko markoarekin talka egitean jasandako kolpearen emaitza dira, hala baieztatzen dutela markoan topaturiko marmol zatitxo ñimiñoek.