Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Hiria errebolber bat denean

 

Katedrala huts-hutsik zegoen. Gabardinako ezker poltsikoan Castro Scotch Whisky botila zeraman eta eskuineko besapean berriz, kartoizko paperez bildu eta sokaz lotutako paketeari eusten zion. Elizatea igaro bezain pronto, Jesukristorena begitandu zitzaion egurrezko irudi batekin egin zuen topo, aurrez aurre. Baina ez zen posible. Hura ez zen Jainkoarentzat lekua, baztertuegi iritzi zion irudiaren kokalekuari Jainkoarena izateko. Ez. Beste santu bizardunen bat zatekeen. Ezin, ordea, bera bezala pertsonaia biblikoen kontuetan jakitun ez zen batek santu arraio hura zein zen ziurtasunez bereizi. Gauza zen, irudiak zilarrezko kaliza sostengatzen zuela bi eskuen artean. Hanka puntetan jarri eta kaliza, imajinatzen zuen eran, hutsik zegoela ohartu zen. Zalantza lipar baten ostean, gabardinako ezker poltsikotik CSW botila atera eta kortxoari tira egin zion hortzekin. Tenplua soinu biribil eta preziso batek oihartzundu zuen. Egurrezko irudiaren sorbaldan eskua jarri eta whisky txorrotada bat isuri zuen zurezko kamaradaren kalizara. Whiskya da gizonaren lagunik onena, botilaratutako zakur bat bezalakoa. Ogerleko bateko kaniken itxurako begiak zituen Jainko —edo dena delako hark— alaiago begiratzen ziola iruditu zitzaion.

        Bere eguneko karitate ekintza egin artean —eman jaten gose denari, eta edaten egarri denari— lurrean utzitako fardela jaso eta katedral ertzeko nabe luzearen bestaldera heldu zen. Berehala atzeman zuen katedral goialderaino gidatuko zuen atetxoa. Arazorik ez, zabalik zegoen.

        Eskailera kiribildu eta bihurri hartan gora abiatu zen, pauso neketsuz, bere gabardinako ezker poltsikoko botilak harrizko hormen aurka jotzen zuela. Arnasestuka heldu zen katedralaren sabairaino. Bi kanpai erraldoiren artean kokatu zen Bob; behetik begiratuta, bi kanpai handi haiek lotan zegoen hontz baten begiak izan zitezkeela otu zitzaion. Handik argi eta garbi nabari zitekeen ibaia itsasoratzen zeneko meandroa eta zubi altxagarria, jasorik, eta auto ilarak eta jendea —hau imajinatu egiten zuen— irratia piztu eta asperraldiak irauten zuen bitartean zigarro bat erretzen (parentesi bat itxiz edo irekiz), arrastirian laino artetik indartsu izan nahi zuen eguzkiak autoen karrozeria urtu ahala. Zubipetik igarotzen zen ferri zuri eskerga hark neurriz gain puzturiko Gauloises zigarro erraldoi bat izan behar zuela pasa zitzaion burutik, baina ez, ez zen posible, ez zeukan filtrorik zigarro puztu ur azaleko hark, eta aspaldi utzi zioten filtrorik gabeko Gauloises zigarroak egiteari.

        Errealitatea antzaldatzen hasia zen berriro ere.

        Pentsamendu haiek uxatzen saiatu zen, fikzioa eta errealitatea zigarro beraren ketik hausnartuz. Kapelua bere lekuan berrezarri zuen.

        I'm the train that travels through your eyes.

        Zortziak bost gutxi ziren. Hobe zuen mugitu, ez baitzen batere atsegina izango sabai estu hartan, hontz baten begi itxiak ziruditen kanpai ilun haien artean kanpaikadek harrapatzea. Ez horixe. Ragtime bells. Botila atera zuen aurrena gabardinako ezker poltsikotik —whiskya beti ezkerrean, anarkistek bezala— eta dzangada luze bakar batez hustu zuen kondarra. Botilari kortxoa jarri —kortxorik gabeko botila bat hausteak zorte txarra omen dakar— eta botila eror zedin utzi zuen. Katedrala altua zen. Han goitik, ez zuen kristal hautsien zaratarik entzun. Hiru minutu falta ziren zortzietarako.

        Haizeak hoztuxea zegoen jada katedralaren goren hura. Urte sasoi hartarako beroegia zen, hala ere, gamuzazko gabardina. Solapa kartoituak hatz kolpe batez tinkatu zituen. Espartzuzko sokatxoa askatu eta koipez zikinduriko enbalatzeko paper marroia kendu zion fardelari. Fardelaren barruan zegoen irratiak Radio Moskva, Oesterreich1, Nancy1, Praha, Minsk, Roma2, Bayr. Rundf, BBC1, BBC2, eta Europako beste hainbat irrati estazioren izenak zituen dialean idatzirik, bakoitzari zegokion sintonia zenbakiaren ondoan. Bi eskuen artean irratia sostengatzen zuela, «gure oroigarriren bat izan dezazun», zutitu, eta gaztetako neskalagun baten argazkiari, edo hark bidalitako gutunez beteriko kutxa bati begiratzen zaion moduan so egin zion irratiari; pisatu ere, pisatzen zuen berea traste hark. Pauso pare bat aurreratu zen. Gero erortzen utzi zuen katedralaren gorenetik behera egur iluneko irrati antigoalekoa, indar handiegirik gabe, bere erorkeran eraikuntzaren hormari gehiegi atxiki ez zekion adina bultzatuz.

        Behean, katedral atarian, beira pusketa hautsien ondora amildu eta hamaika zatitan apurtu zen egurrezko irratia.

        Irratiaren barrualdeko malguki eta zirkuitu txikien artetik, urtetan irratiaren barruan kaiolatuta egon ziren erleak hegaldi urdurian desagertu ziren, arratsaldeko zortziak seinalatzen zituzten kanpaikadek izututa akaso, aske azkenean, bakoitza norabide ezberdin baterantz urrunduz. Milaka urtetan zehar garatutako senak buzoien batera gidatuko zituen beharbada, maiteminduen eskutitzak lardaskatzera, beren biziraupenerako zuku desiratuaren bila.

        Bobek lasai arnasa hartu eta Gauloises berri bat izeki zuen Sometimes I wonder kantua ezpainetan zuela. Ez dago zoriontsu izateko bizitzari deus ez eskatzea bezalakorik, otu zitzaion. Itotzen ari zen katedral haren barruan. Sonbreiruaren hegala beheratu eta eskailerak jaisten zituen bitartean, burutazio xelebre bat etorri zitzaion: ez zuen jainko eta santuen mozkorraldien maila etilikoari buruzko ikerketarik inongo egunkaritan irakurri. Kalerantz zihoala, dena dela, katedralaren ertzeko nabea presaka zeharkatu ahala, sarrerako jainko koitadu eta baztertu hark jada kaliza husturik beharko zuela burutandu zitzaion. Gauloisearen keak ikusmena lausotzen zion berriro.

        I'm the train that travels through your ice.

        Gamuzazko gabardinatik Gauloises pakete urdina atera eta geratzen ziren bi zigarroetariko bat hartu zuen. Esku ahurrean kolpetxo pare batez berdindu, eta filtroa kendu ondoren, zigarroa ezpainetaratu zion egurrezko irudiari. Gero pospoloaz izeki zion zigarroa, erdi itzalirik zuen bereari ere sua erantsiz. Zigarroa piztu ahala, hiri hura leherraraziko zuen metxa izeki ote zuen sentipena izan zuen. Orain bai, zigarroa ezpain artean zuela, askozaz ere aurpegi alaiagoa zeukan egurrezko irudi bizardunak, jainko baztertu eta zokora kondenatu hark.

        Katedrala gibelean utzi eta bere betiko —betiko, bai, betiko— kalera kateatzen zen bitartean, Now's the time kantua bereizi zuen Beluna Moon aldetik. Entzumenak behintzat ez zion hutsik egiten. Oraintxe zen unea. Baina, zertarako? Ez zuen axola zertarako. Urduritasun ezohiko bat bere bizkarrean zegoen hiriaren zatiaz jabetzen ari zeneko bihozkada izan zuen. Kiskalitako egurraren usaina eta sirenots urrunen bat. Ezinegona zekarren keak. Show me the way to the next whiskey bar, don't ask why, don't ask why, don't ask why. Oinez zihoala, Bobek garaipenaren kutsua dastatu zuen. Korrika zihoan jendea bere kontrako norantzan. Jende urduri hauetako askoren begi ilunek, aurreko bizitzetan zaldi herren izana salatzen zuten. Baina berriro ez Bob Ieregi, utikan, utikan zaldiak, Bob, utikan.

        Iris Club itxita zegoen, mailuz jotako oholez atea hertsirik. Heriotzara kondenaturiko klub bat gehiago mafiaren eskuetan. Beluna paretik ezertan geratu gabe igaro eta kale haren inguruan laugarren bira ematera zihoanean ohartu zen piztu gabe zeramala azken zigarroa ezpain artean. Moilako petrilean jarri zituen beso biak gurutzatuta. Kapelu iluna kendu eta western batean ikasitako keinua egin zuen, kapelua itsasora jaurtitzeko. Hemendik aurrera itsas zaldien gainean bakarrik ibiliko haiz trostan, hermano. Utikan bere haluzinazio haiek guztiak. Utikan isladurak, Bob aixkidea, utikan. Begiak hertsi eta hiruzpalau aldiz kliskatu zituen.

        Orain jende arrunta ikusten zuen, jende itsusia eta polita, neska bulartsuak eta titi txiki baina politekoak, suge batek kiribiltzeko moduko gerriak, ilunabar hartan lehen aldiz makillatu eta beren etxeko komunetako ispiluak bi ordu eta erdiz okupatu zituzten neska nerabeak, abokatuen sudur okerrak eta medikuen begi opakoak, beren ezpain bustien dosiaren bila zihoazen gazte antsiaz beteak; lehoi domatzaile mustaxdunak lehoiengandik bereizteko gauza zen orain. Hura zen aurrerantzean jarraitu beharreko arrastoa. Arrasto hark utzitako akordeen gainean beharko zuen inprobisatu. New moods in Smoke City.

        Boliviako beren apartamentura igo zen. Hutsik zegoen. Ez zen Klararen arrastorik batere han. Galdutako tren bat gehiago, in the train through your eyes. Kalera atera zen berriro. Gauak bazuen armiarma sabelaren antzeko zerbait, desasosegua sortzen zuena.

        Zoragarri zegoen gau ertzean kaia. Hiriari bistadizo bat eman zion. Itsasoa zen gramola izugarri haren gainean une batetik bestera diskoren bat jartzera zihoazela suma zitekeen. Bai, itsasoa zen gramola eta zerua berriz, diskoa. Zeruari zulo bat falta zitzaion, ordea, gramolara behar bezala egokitzeko, eta zulo hori eguzki eklipse batek egin ezean, errebolber batek bakarrik egin zezakeen. Bang. Errebolber hori Beluna Moon jazz kluba zen derrigor, eta errebolberraren danborra, Beluna Moon jazz klubera sartzeko ate birakorra. Bang. Erruleta errusiarraren jokoa. Ate birakorra zeharkatzen zuen pertsona bakoitza kalibre handiko bala bat. Bang. Behin ezagutu zuen Bobek ate birakorrak gustuko zituen emakume bat. Arratsalde osoak ematen zituen almazen handietako ate birakorretan sartu irteeran, sartu irteeran, aspertu gabe. Bang. Norberak baditu bere obsesioak eta emakume honenak ate birakorrak ziren. Bang. Harena ordea larria zen, ate birakorrik inguruan ez zuenetan poste baten inguruan edota zuhaitz bati kateatuta hasten baitzen biraka-biraka. Behin semaforo horiztatu bat erori zitzaion buru gainera bang eta bertan ziplo geratu zen. «Heltzen ari naiz heriotzaren atera eta ez da birakorra nik uste nuen bezala» izan omen ziren bere azken hitzak. Cedar's blues, Cedar Waltonen bluesa erreskatatu behar zuen bere buruko amapola landaketetatik. Semaforo horiztatu bat zenbat kilo izan daitekeen pasa zuen burutik, berrogeita hamar kilo, hirurogeita hamar, akaso. Bang.

        Oso gustuko izango zukeen hiri hura apur bat arrotzagoa balitzaio. Belunan jabe berriek lanik emango ote zioten oldoztu zuen, hiritik ahalik eta azkarren alde egiteko zuen asmoari muzin eginez une batez. Bizitza berri bati ekiteko garaia zen. Begiak itxi eta une hartatik aurrera iragana desagertuko zela erabaki zuen. Art Farmerren kantuan legez, erle guztiak lotara bidaltzeko garaia zen, Sleeping bee. Iraganik ez, ez leihoetan, ez eta espaloietan ere. Inork begiratzen ez dituen gauzak hil egiten dira, eta berak iragana burmuineko amapola landaketetara giltzapetu eta hara gehiago ez begiratzea erabaki zuen. Iragana kale bat baino ez zen, zer arraio, eta ertza jiratu eta kale hari begiratzeari uzten zionean, desagertu egingo zen, itzali, luzaro orrialde berean irekita egon den liburu bat haizeak astindu eta hertsi egingo balitz bezala, irakurleak sekula gehiago topatu ezingo duelarik irakurketa utzi zueneko orrialde hura.

        Zerua erabat lainotzen ari zen berriro, berunezko sukalde-xafla bat bailitzan.

        Buruan hotz izugarria sentitzen zuen kapelurik gabe eta urtzen ari den izotzaren zarata entzun uste izan zuen bere garuneko katakunbetan. Beluna Moonera sartu zen azkenik. Kamarero guztiak berriak ziren han. Ez zuten Bob ezagutu. Horma batean, lehen ez zegoen argazki bat ere hauteman zuen: Dexter Gordonen erretratu bat zen, saxoa eskuetan zuela, eskuburdinez ezker eskura lotuta zeraman musika tresna. Oso argazki esanguratsua iruditu zitzaion. Honek bere iraganaren giltzapea sendotu baino ez zuen egiten. Garagardoa eskatu zuen billarrean ari zirenei begira, tapete orlegiaren gainean zegoen billarreko bola kopurua zenbatzeko tentazioari eutsiz.

        Bi faltako ziren Piquerasena egia bazen.

        Kopetan lau puntu zituen kameleoi gominadun batek atera zion edatekoa. Inguruko mahaietan sei otso eta tuberkulosiak jotako katu konkordun bat bereizi zituen, norbere garagardoan eztulka. Ez, katu hark ez zuen itxura onik, denbora luzez kutxa baten barruan-edo harrapatuta egona zen, nonbait. Piano baten barruan, nork jakin. Barran eserita, hiru hiena eta sator bat. Baziren ahots sudurkaridun amuarrain asmatiko itxurako pare bat ere, arrainontzitik hurbil, zer gerta ere. Lokalean zeuden gainerakoak Sumatrako orangutan arruntak ziren. Bobek biologia liburuetan irakurri zuenez, hauek hitz egiten ere bazekiten, baina ez zuten deusik esaten, beren abildadearen berri izanik norbaitek lanean jarriko zituen beldur zirelako. Hiria kristalezko zoo dardarati bat baino ez zen. Garagardo botila hatz urduriekin jiratu eta etiketan zaldi zuri bat ikusi zuen, bere nahasmendurako.

        Sakon arnasa hartu eta kalera zuzendu zuen begirada. Kristalaren bestaldera begiratu zuen, apur bat lasaitu asmoz, sentsazio bortitz haiek guztiak kontrolatzeko soseguaren bila. Ilundu ahala, hiriko teilatuetako antenek jostorratzak ziruditela begitandu zitzaion: haizeak mugitzerik lortzen ez zuen ezpata iltzatu eta elektrikoak, sukaldean bilduta isilean Blay Oilarraren sobreko zopa merke eta proletarioa afaltzen zuten biztanleei elektroshockak emanez hiria zentzatu eta arrazoiaren arrastoan sarrarazi nahi zuten iltze elektrikoak zirela teilatuetako haiek. Horixe bururatu zitzaion kristalaren bestaldean teilatuetako antena sarriak ikusi zituenean. Jostorratz mingarriak baino ez zirela haiek guztiak. Harrigarria zen hain akupuntura krudelaren aurrean oraindik teilatuak oihuka errebelatu ez izana.

        Berrogeita lau zenbakiko zapatak janzten zituen oilo kalpargabe bat sartu zen Belunara, arnasestuka, bere aztoramenduan oihuka:

        — Norbaitek su eman dio katedralari! Su-ketan da katedrala!

        «Denerako jendea dago» izan zen Bob Ieregik egin zuen gogoeta, kopeta ezkatatsua azkuratu eta garagardoaren azken kondarra eztarriratzen zuelarik.

        Handik hurbil, estazioko argi bakanen keinadapean, trenbidean infinituraino kokaturiko egurrezko trabes paraleloen arteko harri puskek, dortokek abandonaturiko oskolak ziruditen urrunetik. Merkantziazko saxo baten lantu luzea.

        Tren batek —geltokiekiko itsu— biolentoki zeharkatu zuen hiria, ilunabarra fluorargiz ganibetatuz.