Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Klariona batekin

 

Hurrengo gauean, Joeren laguntzaz, Bob Ieregik murruaren bestaldera espartzuzko soka gotor bat bota eta Napoleonen garaiko soldadu frantziar baten itxura zeukan marmolezko irudia harrapatu zuen bertan abandonaturik zeudenen artetik. Lagun ona zuen Joe. Ederki kosta zitzaien estatua altxatu eta haienganatzen, baina merezi izan zuen eginahalak. Perfektua zen marmolezko estatua hura Bob Ieregik nahi zuenerako. Murruaren alde hartan abandonaturik zeuden irudien artetik burua falta ez zuen bakanetakoa zen hura. Kapelu hark, gainera, Bobek nahi zuen forma ematen zion buruari, zera bat, erizain kofia bat jantzita edukiko balu bezala. Ezin aproposago. Joek eta Bobek arrastaka eraman zuten irudia bigarrenaren gelaraino, eta ohe azpian ezkutatu ere bai, zaindaria irratia piztuta Penthouse aldizkariaren azken alea irakurtzen ari zela baliatuz. Aste honetako alearekin doan: 3D-ko betaurrekoak. Hiru dimentsiotako erotika ukigarria, bertan bazeunde bezala!

        Hurrengo eguna gorabeherarik gabe igaro zen, geldi eta makal, koskarik topatu gabe bere bidean.

        Ilunabarrean, Nora andrearen deirik jaso gabe zuzendu zen Bob erizainburuaren bulegora. Pasabide zuriaren alde bietara kokaturiko estintore gorriak zeharkatu eta Nora andrearen despatxuko atea igaro zuen poliki, soinurik ez ateratzeko lur axedrezatuan hankak irristatuz: Nora andrea lanean ari zen bere eskrituarrean eserita. Harriduraz begiratu zion Bob Ieregiri. Honek, mahaira inguratu eta Norari gerritik heldu ondoren, ohatilan etzanarazi zuen erizainburua, ahuspez: burkoaren kontra zanpatu zuen, bere marru etsiak entzun gabe, zainak moretzeraino mugitzen zituen hanken astinduei eutsiz, harik eta argizariz eginiko txorimalo baten gisako geratu ziren arte, bai zango, bai aurpegi, zurrun erabat.

        Nora andrearen burua burkoaren gainetik apartatu eta erizainburua itoarazi izanaren benetako kontzientzia izan zuenean, nekeza egin zitzaion Bobi zigarroak erre eta tomate potoetan ogia bustitzea gustatzen zitzaion tipo korriente bat besterik ez zela sinestea. Ez zegoen, ordea, gogo jardunetan galtzeko denborarik. Gorpua ezkutatu eta iheserako lasaitasuna emango zion koartada prestatu behar zuen orain.

        Marmolezko estatua izara baten gainean kokatu zuen irudia korridorean hobeki labain zedin. Ahalik eta zaratarik txikiena ateraz eraman zuen gelatik despatxuraino, arrastaka, ahal izan zuen bezala. Despatxura heldu zenean, leihotik begira jarri zuen irudia, zutik, Noraren bata zuria soinean. Mahai gainean utzi zuen Nora andrearen poltsatxoa, eta poltsatxoaren barruan ezpainetakoa, boligrafo bat eta aurrez diruz husturiko kartera. Denak beharko zituen Bobek handik irtetean. Esan bezala, ez zion estatuari erizain kofiarik jarri beharrik izan, buruan tailaturik zuen militar sonbreiru frantsesak erizainburuaren antza ematen baitzion estatuari. Ezin hobea zen. Patioko erizainek, Nora andreak bere despatxuko leihoan jarraitzen zuelako ustean, lasai demonio jarraituko zioten beren solasari, barrurako asmorik gabe.

        Estatua bere lekuan kokatu zuenean, ohatilaren pean ezkutaturik utzi zuen Noraren gorpua hartu eta atarirantz abiatu zen. Arina zen oso gorpua. Berarekin eraman beharko zuen eta nonbait gorde. Denbora irabaztea zen kontua, pentsa zezala Poliziak Norak berarekin ihes egin zuena, maiteminak jota.

        Ordubete zeukan, doi-doian, ihes egiteko. Asko jota ordu eta erdi, egun hartan, eklipsea zela-eta, despistatu antzean ibiliko baitziren erizainak, ohiko lanak albo batera utzita. Bere alde hura. Salaraino jaitsi zen. Kanpoko zelaian erizainak bildurik bazeuden —adi beti, erizainburuaren siluetak bere leihoan jarraitzen ote zuen—, era bertsuan zeuden barruan Anatol, Galileo eta gainerakoak, irratiaren inguruan jarrita.

        — Joe, Anatol, Galileo! Kanpora noak, aske izango nauk berehala! Nirekin etorri nahi duenak oraintxe dik aukera...

        Tomate poto huts baten barrunbeak bezain isilik geratu ziren denak.

        Bob Ieregi haserretu egin zen zeharo zainetan odolaren ordez argizaria zuten gizaseme haiei begira. Berak ere ez zekien ziur zergatik luzatzen zien iheserako eskaintza, Bob ez baitzen inolaz ere haietariko bat. Jenio biziz itzali eta entxufea kendu ostean, besapean hartu zuen egurrezko irrati tzarra. Denak begira geratu zitzaizkion. Ez zuten, itxuraz, Bobek adierazi nahi zienetik deus ere ulertzen.

        — Baina zer arraio, zuen bizitza osoa hemen pasatzea pentsatzen al duzue? Ez al duzue hemendik kanpora joateko gogorik? Ei, Anatol: hator hona, hau dena hondarrezko bihurtu aurretik ihes egin nahiko duk, ez? Galileo... zer esatea nahi duzu... Mugimendua kanpoan dago, Galileo, kanpoan, hau dena mortu dago, arraioa... Ez al zarete konturatzen? Ez al duzue ulertzen? Joe, hi bai, hi behintzat etorriko haiz, ez duk?

        — Ez, Bob, eskertzen diat, baina nahikoa lan zaukaat lorategian. Telefonoen bila, badakik —azken hitzak soberan daudela esan nahi duenaren keinua egin zuen, lepoa okertuz. Esku artean zeukan koadernoan marrazten jarraitu zuen gero, telefonoak marrazten.

        — Baina orduan, tunela? Zertarako lagundu zenidaten tunela zulatzen?

        Orduan ulertu zuen Bobek tunelarena nobedade bat izan zela haientzat, monotoniaren hausle zen ekintza bat denbora beste era batera banatzeko, bost axola zitzaiela ihesa. Bidea egiteak bazuen zentzua haientzat, ez, ordea, inora heltzeak; helbururik ez zuten, bide bat bakarrik, edo agian bide asko, Niagarako ur-jauziek adina bide. Alferrik zen, ez zuten ezer ulertzen. Ezer ere ez. Edo beharbada bera zen fitsik ulertzen ez zuena. Beharbada, maitasun portzentajeen kontua ere bazen hura, eta Bobek, berak uste baino portzentaje handiagoa utzi zuen alde hartan, bestaldean, pertsona haiengan. Une hartan, ez zen inolaz ere eromena zein aldetan zegoen esatera ausartuko. Kalean klarionaz marra bat egin eta mundua bitan zatitu, edo agian marra soila baino areago, hiri osoa bildu behar zen klarionaz egindako markaren barruan, espaloian hilda datzan gorpu bat balitz bezala hiria. Klarionaz marra bat egin eta hiria bitan zatitzeko gauza zen, baina ezgai zen alde batean eta bestean zeudenen artean bereizteko. Azken ahalegin bat egin zuen, itxaropen gehiegirik gabe, halere.

        — Irratia eraman egingo dut. Ulertzen? Nirekin ez bazatozte hor konpon, baina irratirik gabe geratuko zarete. Nirekin eramango dut, eta akabo betirako irratia. Aditu al duzue?

        Klarionaz seinalaturiko marraren alde berean jarraitzen zuten denek lerraturik.

        — Ongi iruditzen zaigu irratia eramatea, Bob. Neronek bilduko dizut paper batean —esan zuen Anatolek, hain usualki bereganatu ohi zuen ordezkari paperean—. Gure oroigarriren bat izan dezazun.

        Eta hala egin zuen: enbalatzeko paper gogorrez antigoaleko irratia bildu, eta espartzuzko sokaz lotu zion Anatolek oparia. Korrika atera behar izan zuen Bobek handik, irratia besapean zeramala, sala hartan zeudenak besarkatzeko esaten zion sentimendu jasanezin hura erreprimitu ahal izateko.

        Noraren gorpua, arropa zikinarendako zaku batean bilduta zeraman berarekin. Murruraino heldu eta lau oinetan zeharkatu zuen kanpo mundura, askatasunera gidatuko zuen sarrera —edo irteera, nondik begiratzen den—, autoei sarbidea galarazteko aduana-barra zurigorriaren azpitik. Arrastaka pasa zuen haren petik arropa zikinarendako zakua ere. Kanporatu aurretik, zaindariaren garita barruan, lurrean zegoen CSW botila ia betea hartu eta gabardinapean gordetzeko astia izan zuen.

        Noraren gorputza batetik eta kartoizko paperez bilduriko irrati tzarra bestetik, kargaturik zihoan. Irratia uztekotan egon zen, baina «gure oroigarriren bat izan dezazun», hitz haiek zebilzkion buruan bueltaka. Murruaren paretik oinez zihoala, soldaduen estatuen ondoan, Chevrolet beltz bat topatu zuen aparkaturik. Intuizio ezkutu bati jarraiki, maleteroko sarrailari sakatu eta irekita zegoela baieztatu zuen. Eureka. Halako aukerarik. Birritan pentsatu gabe, Noraren gorpua maleteroan sartu zuen, bere bidean jarraitu aurretik.

        Ea zorterik izaten zuen hildakoa beste norbaiti egotzita.

        Kopetako izerdi ilintiak gabardinaren besoarekin xukatu, eta hatzak azalaren gainetik pasatzean, arrain baten ezkatak bezain zakar sumatu zuen kopeta. Alde ederrean zihoan orain, arin antzean. Irratia bildurik zuen paketea esku batean eta whisky botila bestean; kortxoa hortzekin kendu eta lehen trago luzea eman zion. Botilaratutako zakur bat bezain lagun ona, hedeen beharrik gabe, gainera.

        Kanpoan gauzek berdin jarraituko ote zuten galdetu zion bere buruari. Oinez abiatu zen, gamuzazko gabardina soinean, sonbreiru beltza buruan eta Gauloises paketea alkandorako patrikan, bihotzaren ondoan. Besapean, kartoizko paperez bilduriko pakete handi hura, «gure oroigarriren bat izan dezazun». Ero nazkagarri haiek bihotza harrikatu zioten, pentsatu zuen, CSW botilari kortxoa kendu eta trago berri bat zintzurreratuz, maldan behera zihoala. Eskerrak alkandorako patrikan zuen tabako paketeak blindatzen zion bihotza. Geldialdi bat egin zuen. Hiri osoa menperatzen zuen handik. Erdi-erdian zegoen katedrala. Harantz zuzenduko zituen bere pausoak.

        Bere pentsamenduak beste norabait lerratzen saiatu zen, edozein txikikeriatan arreta jartzen; edozer gauza, irakurtzen zuen lehen hitza, otutzen zitzaion lehen burutazioa: adibidez, gorrotatu egiten zituela kleenex paketeak, eta zer den artifizialagoa lore artifizialak baino, eta munduan gehien maite zuen bluesetariko bat zela Cedarrena. Harekin jotzen zuen bateriajolea ez zela oso ona, markapauso bat jartzeko premia zuela erritmoa hobeto markatzeko. Birika hauek bizirik zeuden duela 24 ordu, propaganda mezu bat eta bozina zarata, «zer moduz, ondo, ze egualdi e? ze egualdi, bai». Jendeak ez zekiela ezertan pentsatu gabe lasai egoten, isilik egoten ere ez zekiela, bestalde, izu laborria ziola minutu beteko isiltasunari, minutu hutsaren sindromea zela hori eta horren aurrean nahiago zuela jendeak edozer gauza esan isiltasuna zerbait definitiboa eta atzeraezinezkoa bihurtuko zen beldur zelako. Isiltasuna goma pusketa bat bezala luzatzen bazen, gero eta zailagoa zen absurdoa izango ez zen edozer esatea, gomak askatzean muturreko ederra ematen zuela, denbora luzez pentsaturiko erantzun jenialak denbora luzez pentsatua izate hutsagatik galtzen zuela jenialtasuna. Eta Bob beldur zen, ez ote zitzaion bere musikari ere hori gertatuko.

        Bera ez zen zahartzen hasitako tipo arrunt bat besterik, tomate potoan ogia bustitzea gustatzen zitzaion tipo korriente bat, edozein gauren erdian arrabioek izutzen zutena, burkoarekin emakume bat akabatu berri zuen tipo korriente bat, mimoa egiten zuen aktore horietako baten malkoa bezain korrientea masailean behera. Eta sinzeroa. Eta Birika hauek bizirik zeuden duela 24 ordu: kartoi edo kortxozkoak diruditen bi birika ilunen argazkia markesina bateko kartelean.

        Noraezean alderrai zihoan Bob kaleetan, ikusmena apur bat lausoturik. Hiri erdiguneko okindegietan, okinek ogia labetik ateratzean eskuak ez erretzeko boxeo-eskularruak erabiltzen zituztela iruditu zitzaion. Ziutateko bazterren batean, postal sepia baten itxurako gela hautseztatu eta lorontzi hautsidun batean, telefono gorri ezpain koloreko batek jotzen zuen tinbre grabe, interruptore gisako batez. Inork erantzungo ez zuen dei bat, premiazkoa, agian.

        Klariona batekin bitan banatuko zuen hiria eta bera klarionaren gainean bakarrik ibiliko zen euriak klarionaz eginiko marra ezabatu arte, ez batera ez bestera lerratu gabe, euli ekilibrista bat bezala bonbilla apurtu bateko wolframio harian gaindi. Bonbilla gaixo haiek guztiak itzaliko ziren halako batean, eta haiekin itzaliko zen, halaber, bonbillei zerien argi berdekara.

        Urte sasoi hartan, artifizialak ziruditen lore horiz mukuru zeuden hiriko lorategiak. Oraingoan, begirada jaso zuenean, bere aurrean plantatzen zen katedrala ez zitzaion hain itsusia iruditu.