Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Radio Paradiso

 

— Egia da. Ez da berdin maitatzen lehendabiziko aldian eta bigarren aldian. Ohiturak sortzen dira, noski, baina ez hori bakarrik. Ez horixe, maitasuna ere portzentajeetara biltzen da, eta zenbait emakume maitatu ditugunean, emakume bakoitzaren baitan utziz goaz gure maitasunaren, demagun, ehuneko portzentaje bat, batzuetan inkontzienteki, bederen gorrotoaren baitan mozorrotuta bada ere, maitasun hori ez dago berreskuratzerik, eta une horretatik aurrera ematen den maitasuna, ez da benetako maitasuna, maitasunez mozorroturiko gorrotoa baizik...

        — Interesgarria benetan. Baina ez al da gehitxo sentimenduak formula matematikoen baitan bildu nahi hori?

        — Bada ez pentsa, enpirikoki froga daiteke hau guztia. Hamar urte luzez egin ditugun ikerketen emaitzek adierazitakoaren arabera, eta hau noski, zehazki esaterik ez dagoen arren, kasuan-kasuan ezberdinak dira kasuak, baina kasua da, kasu gehienetan... zera, maitasun kopuru osoki metatuaren hamarren bat-edo uzten dela emakume edo gizon bakoitzaren baitan.

        — Aja. Beraz, zure teoriaren arabera gizon batek hamar emakume baino gehiago maitatzea ezinezkoa litzateke bizitza bakarrean; edo alderantziz, emakume batek hamar...

        — Tira, eta zergatik ez beste bi konbinazioak ere aipatu?

        — Bai, bai, ulertzen dut, baina hau irrati publiko bat da eta gaitik desbideratzen ari garela deritzot...

        — Tira, tira, esaten ari nintzena... Portzentajeak alda daitezke, noski, hori da psikiatron lana, baina zaila da maitatzeko erabiliriko portzentajeak berreskuratzea...

        — Mila esker zure iritziengatik, H doktorea, eta hurrengo astera arte.

        — Mila esker zuri, Susana.

        — Eta zuk gogoratu, entzule, hemen izango gaituzula goizaldera arte, Paradiso Irratian: zure irratiko 22.2an, bila itzazu dialeko hiru zisneak. Arrastiri on denoi eta zorionak, aukeratu zenezaketen irratirik onena aukeratu baituzue: Paradiso Irratia. Hogei mila entzule eta gehiago, eta gorantz goaz, merkurioarekin batera, bai, gorantz. Hementxe etzan zaitezkete, Q-ren ondoan, edo kulunkaulki batean bezala eseri, hala nahiago baduzue. Hementxe, Smithers anderearen lorategian, bi sahatsen artean zure hamaka, eta hiru zisne urmaelean: 22.2... Paradiso Irratian... non bestela? Hogeita bi graduko tenperatura hor kanpoan. Ez pentsa horratik, entzuleok, hemengo soto honetan Islandian baino hotz handiagoa egiten du; demontre, guk egingo ditugu guk hozkirriarekikoak, soto ospel honi su eman behar badiogu ere. Gure sintoniara etorri berriak bazarete, jaso ezazue Susana Qren ongi-etorria, guretzat zuen maitasunaren portzentaje txiki bat gordeko duzuelakoan bihotzeko kaxoi blindatuan... Gure kutxa blindatuan sartzeko konbinazioak gogoratu: 31269 eta 42344. Horiek dira gure telefono zenbakiak. Banku atrakatzaile onen bila gabiltza.

 

                Charlie inoiz baino hobeto ari da jotzen

                mutikoa ezkutatu da billar mahaiaren azpian

                (mutikoak badaki zer egin, badaki zer egin)

                eta Smithers andereak ezin du lorik egin

                o, ez, Smithers andereak ezin du begirik bildu

                kontrabaxuak behin eta berriro dio:

                zenbat tren leihoan insomnio guztiak dastatzeko ere

 

                Zer den jazza erranen dizut:

                betikoa whiskya den hiztegi bat, den hiztegi bat...

                Billar mahaiaren gainean larrutan ari diren bi emakume,

                disimuluan non dago takoa? galdetzen duen agure zelatia

                konturatu orduko oinen azpialdeetatik

                gorputzaren barrua zeharkatuz bortizki

                bururaino igotzen den begirada bertikal

                tren abiadurako bat

 

                O Mrs. Smithers' flowers, Mrs. Smithers' poor flowers

 

        Barka entzuleok, kanta hau hotz-hotzean eta bat-batean eten beharra, baina gure programazioa eteteko modukoa da iritsi berria zaigun flash informatiboa, flash informatibo tristea benetan, inon halakorik bada, eta ezustean harrapatu gaituena: gaurko gauak ez du John Lennonentzat amaierarik izan. Mark David Chapman, hogeita bost urteko gazteak, Central Park inguruan dagoen Dakota eraikineko kantariaren apartamentuaren pegoran itxaroten zion. «Ei, Mister Lennon», Chapmanek dei egin dio bere emazte Yoko Onorekin zihoala abeslariari, eta hau jiratu orduko, bere 38 milimetroko kalibreko errebolberraz bost tiro egin dizkio Lennoni.

        Ero bat, desgizarteratu koitadu bat, horiexek dira hiltzaileari eskain dakizkiokeen adjektiborik amultsuenak. Bere bizitzaz eta izaeraz apenas dakigun ezer. Diotenez, arratsaldez, John Lennon grabaketa estudiorantz abiatu denean, Chapman Lennonengana inguratu da honek atera berri duen Double fantasy bakarkako LPa sina ziezaion.

        «Jendeak kalean hitz egiten dit, autografoak eskatzen dizkit, baina ez dit horrek trabarik egiten», aitortu berri zuen duela bi egun abeslariak.

        Baina autografo ehiztari honek gaueraino itxaron dio. Chapman arlote alderraia da, diote agentziek. Liverpoolen ehunka pertsona espontaneoki atera dira kalera negarrez.

        «Lennon, 38 milimetroko balek bular, ezker beso eta bizkarrean sorturiko zaurien ondorioz hil da; behin eta berriz saiatu diren erreanimazio ahaleginek nahiz odol transfusioek eta bestelako teknikek ez dute bilatzen zuten emaitza positiborik erdietsi», adierazi du New Yorkeko Roosevelt ospitaleko arduradun Stephan Lynn doktoreak. Poliziak, maniatiko izendatu duen Mark David Chapmanen izaera zurrunbilotsu eta beatle-zalea azpimarratu du; lanbide iraunkorrik izan ez, eta zeregin ezberdin asko izan omen ditu gazte desorekatu honek. Hogeita bost urte dituela, bigarren aldiz ezkondurik omen dago.

        Datu berriak etengabe agertzen ari diren arren, ezer gutxi gehiago dakigu oraindik berari buruz, hamar delitu penal ezberdinengatik kondenatua izan dela salbu, eta birritan saiatu dela bere buruaz beste egiten. Etxeko egongelan Chapmanek Salvador Dalik Lincoln-en erailketaren motiboa hartuta margoturiko koadroaren erreprodukzio bat duela ere jakin ahal izan dugu.

        Hiltzaileak ez du iheserako saiaketarik burutu: lekukoek adierazi dutenez, Lennonen gorpuaren ondoan zutik geratu da, Yoko Onoren silueta Lennonen gorputzaren ondoan belaunikatuari begira. Errebolberra espaloira erortzen utzi ondoren, zigarro bat piztu du patxada betean. Dakota eraikineko etxezainak Chapmani ea zer egin duen ba ote zekien galdetu dionean, honek honela erantzun omen dio:

        «Bai badakit, Mister Lennon hil dudala uste dut».

        Galdera bat bakarrik darabilgu buruan: zergatik? Miresmena eta mimetismoaren arteko nahasketa zoroaren emaitza, ala burutik egindako baten bat-bateko ekintza inkontzientea? Ez dago jakiterik, baina batzuetan, entzuleok, heriotza da gauzarik sinpleena.