Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Zapata bustiak

 

Bisitan zetorrela adierazi eta aise utzi zioten sartzen. Barruratu eta berehala bukatu zuen lana, uste baino gutxiago kosta zitzaion, gainera. Bere gela aurkitu eta ilunpean haren itzal urdina baino ez zuen ikusi leiho ondoan jarrita, berari bizkarra emanez. Baina apuntatzeko aski zen, hala ere, itzal urdin hura; hobe tirokatzen zuenaren aurpegia ez ikusi eta erdi ilunpe hartan erasotzea.

        Tiro bakarra entzun zen. Gorpua mortu eta pisutsu erori zen ilunpetan zegoen gelako zorura, harri puska zurrun bat bailitzan. Hilotzek arinagoak izan behar zutela iruditzen zitzaion Klarari, hori bai, baina pentsatzekoa da eraile guztiak harritzen direna beren ekintzen ondorioen formaz norbait hiltzen duten estreinako aldian. Pareta setati eta mutu bat tirokatzea bezala izan zen. Polbora zen lore horail baten izena.

        «Zailagoa izaten dun behin bakarrik erortzea, sekula ez erortzea baino». Apaizaren esana etorri zitzaion burura bizikletaren eserlekuaren gainean gona hutsean barruko arroparik gabe eseri eta izter-zokoak eserlekuaren aurka laztantzea gustuko zuela konfesatu zion eguna berreskuratuz urduritasunaren sekuentzietan. Zenbaketa azkar bat egin eta gehiegizkoa iruditu zitzaion azken aldiz inork gerritik oratu eta bere izter arterainoko bidea egin zuenetik igarotako aste kopurua. Besoetan egundoko dardarizoa zeukan, zainetan mizto bilakatu balitzaio bezala odola.

        Pertxero batean topatu zuen bata zuria jantzi, eta bataren botoiak lotzeko betarik hartu gabe, ate nagusitik irten zen, lorategian erradiografiei begira bildurik zeuden erizainen begiradetatik ihesi. Murruaren ondoko garitan, aulkian erdi etzanda, zigarrokin bati azken sakatuak ematen ari zen sarrerako zaindariak diosal egin zion, berari baino gehiago, bere eskoteari, hala iruditu zitzaion behintzat, xaharrak egin zuen keinuaren arabera. Berak, ordea, eskuaz baino ez zion erantzun. Presa zuen alde egiteko. Dena den, burumakur zihoalako-edo, zaindariaren aulkipean ezkutatzen ziren 3D-ko betaurreko gorri-urdinak begiztatu zituen —eklipsea ikusteko, otu zitzaion hasieran— bai eta betaurrekoen azpian pilatzen ziren Penthouse aldizkari zimurtuak ere. Hiru dimentsiotako erotika ukigarria, bertan bazeunde bezala!, iragartzen zuen aldizkaria alderik alde zeharkatzen zuen letra larriko tirak. Bai zera eklipsea ikusteko. Eskoteari begiratu zion, bai horixe, urde hark.

        Marmolezko estatua zuri haien parean utzitako autora sartu eta ziztu bizian ekin zion ihesari. Geroxeago, ezpainak margotzeko kariaz gasolindegi batean geratu eta autoko ispiluan bere ezpainen gorri zatarra begiztatu zuenean, bere ezpainetan arrotz zen karmin hura dastatzean, erabat zurbilarazi zuen detaile batez jabetu zen: konturatu zen egia zela, hiltzaileek badutela, inkontzienteki, fetitxe gisara, beren biktimen objekturen bat gordetzeko ohitura, eta bera ohartu ez zen arren, odol hotzean, hiru metrokoa kalkulatzen zuen distantzia hartatik bere biktimaren bizkarrari tiro eman ondoren, hildakoaren poltsatik lapurtua zuela ezpainetako gorrilun, lohitsu, zatar hura.

        Erietxea zegoen muinotik jaisten ari zela, itsasoaren baimenaz eraiki eta bere aurrean etzaten zen hiri hura tiburoiez beteriko putzua iruditu zitzaion. Portu industrial erraldoia berriz —apenas eutsi zion malko bati ezker begiko trenbide gorritik deskarrila ez zedin— arrabio arriskutsuz betetako hareatza. Mila puskatan hautsitako diskoez gizendutako marrazoak, zauriak eta mina besterik sor ezin zezaketenak, zain zeuden urpean. Shark in the mist, Una noche con Francis. Uh-uh, uh-uh u-uuh uuu-uh. Portua igerian harrapatzen zutenek ere ez zuten luzaro iraungo, arrabio ezkutuen ziztadapean pozoiturik zenduko ziren.

        Ospitalea utzi zuenean «ez da nahikoa inolaz ere eguzkitarako betaurrekoak erabiltzea» bere hasierako burutazioak berreskuratu «zailagoa dun behin bakarrik erortzea, sekula ez erortzea baino», eta honezkero hirugarrena ez da urdina esaldia tatuaturik zeraman billetea hiruzpalau aldiz eskualdatua izango zela pentsatzeak lasaitu zuen.

        Hontzaren irudia etorri zitzaion berriro ere burura: pertsiana irekiko antigoaleko ospitale hark, begi berdeak zituen hontz izugarri baten gisara zorrotz erasotzen ziola gibeletik, horixe otu zitzaion. Baina benetako hontzek ez dutela barroterik izaten begietan. Horixe ezetz.

        Betirako geratu zitzaion ezker begiko zain paraleloen erdian —in the train through your eyes— hontzaren begirada hura, edozein giza begiradak baino aztarna sakonagoa utziz. Gero, burdin sarez inguraturiko aireportua igaro eta zubi altxagarria bigarren aldiz zeharkatu zuen, lumaje bilduan, bere apartamentura abiatuz. Abenidako semaforo batean geratu zenean, musika tresnaz betetako erakusleiho bat ikusi zuen. Lepoa luzatu zuen giharrak zurrunduz, nahigabe, erakusleihoko isats-pianoaren estalkipean katuren bat ikusteko itxaropen urrunarekin, akaso.

        Lehenbailehen etxeratu, jada baturik zituen maletak eskuratu, eta hegazkinean egoteko gogoa sentitu zuen. Pentsioa hiriaren beste puntan zegoen ordea, urrun, eta negutegi erraldoiak ere ez zituen oraindik atzean utzi. Lore horail baten izena baino ez zen polbora.

        Leihotik burua atera eta, doi-doi bazen ere, zerua zeharkatzen zuen McDonnell Douglas konpainiako hegazkin bat identifikatu zuen. Ornithology. Izan ere, txikitan, etxebizitza agentzien arabera munduko isilena zen aireportu haren alboan bizi zirenean, hiritik at bizi ziren eskolako kideek txori mota ezberdinak lumajearen kolorearen eta kantatzeko eraren arabera bereizten zituzten era berean, Klara abioi konpainia ezberdinak bereizteko gai zen, aitona ingeniariak erakutsi baitzien berari eta bere bi ahizpei ateratzen zuten zarataren, edota zituzten kolore eta marka ezberdinen arabera hegazkinak bereizten.

        Eskaileratan gora, dena inbaditzen zuen usain min batek bere eginbehar gertuenak gogorarazten zizkion: leihoko arasan lehortzen jarritako antezko zapatei igurtzi bat eman eta alde egitea.

        Egongelara sartzean, sofan etzan eta apur bat lo egitea okurritu zitzaion. Gramolan ahaztuta utzi zuen diskoak biraka zerraien artean, kale berean kateaturik oraindik.

        Loak hartu eta handik minutu gutxira, amesgaizto batetik esnatzea egin zuen Klara Miaok. Pentsioko gela tren bateko bagoi bilakatu zela egin zuen amets. Trenak, kraska-kraska, egundoko zarata ateratzen zuela, bere bidean karramarroen oskolak zapalduko balitu bezala. Trenaren etorrera sumatu asmoz belarria trenbidean jarri zuen indio gorraren patu tristea oroitu zuen. Trenbide gorriak beti euripean. Eta euripean, trenbideko trabesek arrandegietako kutxa apurtuez eginak ziruditen. Arrantzalearen eskumuturrari azken erresistentzia egiten dion amuarrainaren gisara, alde bietara kulunkatu zuen lepo txingurritua Klarak. Lepoa minberatu zioten sofan etzanda erdi lo igaro zituen minutuek.

        Ohe ondoan, lurrean botata, Gauloises pakete urdin bat zegoen hutsik, eta polbora hitza ez zen lore horail baten izena besterik.

        Leihora inguratu eta abioi zilarreztatu bat bistatu zuen teilatuen gainetik hegaldatzen. Fokker bat. Leihoa ireki eta kaletik egunkari orri bat ekarri zion tupustean haizeak barrura, begien aurrean zapaztuz paper tolestura bikoitza. Zerua gurutzatzen zuen zilarrezko abioiari begiratu eta ezker hegoa desorekatuta zeramala iruditu zitzaion. Zenbat barre ez ote zuen Klarak egin Boben kontura, honek hegazkinei zien beldurra zela-eta. Batez ere, hegazkin ezberdinen istripu estatistika gezurrezkoak asmatu ahala botatzen zizkionean, edota hegazkin-gidarien ganora ezari buruzko istorioak asmatzen zituenean. Leihotik gelara sartu zen egunkari orria baztertu, leihoa itxi eta ohean pilaturiko arroparen erdian zegoen hontzatxoaren figurari so egin zion. Bazuen xarma berezi bat azkenaldian bere lagunik leialen bihurtu zen hontzatxo hark.

        Ispiluko bikiaren aurpegiari begiratu ostean, bi lerro paralelo gorri marraztu zituen ispiluan ezpainetakoaz. Trenbide gorri bat. Ezpainetakoa konketaren ondoan utzi eta aurpegia freskatu zuen. Bere ile beltzaran luzea irauli egin zitzaion konketan, eta ile matazak atzeratu beharrak Boben gorputz biluzia goitik behera musukatzen zuenekoa ekarri zion akordura. Aurpegitik zentimetroz zentimetro jaitsiz, Boben izter zokora sudurra emeki-emeki, hats urduri eta izoztua sumatzeko lain soilik inguratzean, Boben begiradetatik bere begiak babesteko ilea aurrerantz nola botatzen zuen, Bobek Klarak bere ezpainez eta mihiaz eginiko milikatzea ikusterik izan ez zezan. Pudore apur bat bazuen, bai, Klarak. Klara beti azaltzen zen jendaurrean, eta areago Boben aurrean, emakume indartsu eta ausartaren moduan —bazuen Bob ikustera ez joan nahi izatean hark zerikusirik— eta, azken finean, bere papera sinestera ere heldu zen azkenerako.

        Jokatzen diren paperak sinetsi egiten dira bukaeran, galde ziezaiotela bestela Bob gizajoari. Ez gara jokatzen ditugun paper guztien hibridoa baizik. Gure benetako nia aerosolaz lokartutako zomorro bat besterik ez da. Indartsu agertu nahi izaten zuen, bai, baina halako txikikeriatan bere aspaldiko izaera lotsatia berreskuratzen zuen, aerosolaren lozorrotik esnatzen zen bere zomorroa. Eta zomorro hark, zerumugan galtzen ari zen hegazkin zilarrezkoak legez, deskonpetsatua zuen ezker hegoa.

        Bob egoera hartan utzi beharrak lastimatzen zuen gehien. Baina erabat eskuetatik joanda zegoen ordurako. Telebistaren gainean lerraturiko dozena inguru whisky botilak ikusi besterik ez zegoen. Nikolasek ere alde egitea beste aukerarik ez zuen izan, egoitza baimena berritu nahi izan ez ziotela-eta. Erabat bakarrik zeuden han eta kanpotik egongo omen zen Bob kartzela triste hartatik ateratzeko zerbait egiteko modurik. Baina alferrik zen. Jabetza kredentzialez mintzatzea. Zelako txorakeria. Inor ez da inorena, eta galtzea beti da errazena. Maitasuna labezomorroak bezalakoa da: jaio, hazi, Niagarako ur-jauzi bilakatu eta Cruz Verderekin, hil eta desagertu egiten da. Halaxe esan ohi zuen Bobek. Baina Klara Miaok beti eduki izan zuen esperantza zomorro inmortalen hipotesian, hipotesi honi benetakoa izateko kalkulatu zizkion probabilitateak abioi konpainia seguruenaren katastrofe estatistikak baino urriago baziren ere.

        Mesanotxean, Bobek irakurri ohi zituen liburu bitxi haietako bat zegoen: Sumatrako orangutan galduak izenburuko bat. Ohe ondoan botatako Gauloises pakete hutsa eskuratu eta barruko zilarrezko paperarekin hegazkin bat egin zuen Klarak. Fokker bat. Salara jaurti eta gramolako diskoaren gainean hartu zuen lur.

        Kalean oihuka zebiltzan umeak jolasean. «Tiro traidoreari!» edo «Apuntatu bihotzera!» oihukatu, eta korrika denak traidorearen atzetik. Berari ari zitzaizkiola iruditu zitzaion.

        Armario arropaz hustu berriak bagoi-fantasma bat zirudien, Oesteko karabana huts bat. Oraindik ez zekien zer egingo zuen. Itzuli? Itzuli, ausardia hektarea dezente eskatzen zituen hitza zen. Bobek kontatu izan zion istorio harekin akordatu zen. Zapatak mina ematen zionaren istorioa burutandu zitzaion, zapata berriek min ematen ziotelako dendara kontu eske inguratu zenarena:

        — Oraintxe erosi berriak ditut eta min jasanezina egiten dit ezker hankapean zapatak.

        Saltzailearen deiaren aurrean, dendako jabea inguratu zen. Ezker zapata buruz behera irauli zuenean, harri-txintxar bat jausi zen lurrera.

        — A, barkatu, nola ez ote naiz lehenago konturatu? Aberria besterik ez zen-eta! —ihardetsi zuen orduan, erdi lotsaturik, erosleak.

        Zapatek eta itzulerek sorrarazten zituzten arazoak. Ausardia hektarea asko eskatzen zituen hitza zen, itzulera.

        «Apuntatu bihotzera!». Leihoan lehortzen jarritako antezko zapatetara lerratu zituen Klarak bere jatorri txinatarra agerian uzten zuten begi apur bat horizontalak, instintiboki, begirada hartan balego legez iraupenaren azken horizontea.

        Doministiku egin zuen. Lorauts horail baten izena baino ez zen, polbora.