Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Erlerik eztiena

 

Printzeari jazza gustatzen zitzaion ikaragarri. Aspaldi gertatu zen. Gauerdiaren ondoren hondartzan feltrozko sonbreiru beltz hura azaldu zela bada makina bat denbora. Ohartu ginenez, inork baino hobeto jotzen zuen sonbreiru hark Cedarren bluesa. Norbaitek Charlie Parkerrena ote zen aipatu zuen. Baina ez, kapeluak zuen sordina itxuragatik tronpetajole batena izan behar zuen derrigor.

        Gaur ere oraindik ilara luzeak egon ohi dira hirian irekita dirauen antzoki bakarraren inguruan. Bertan egiten diren frogetan parte hartzeko desiraz inguratzen da jendea, baina orain artean, inori ez zaio hondartzan aurkitu zuten feltrozko sonbreiru beltz hura behar den moduan burura egokitu.

        Hiriko printze urdinari urdintzen ari zaio ilea eta nahikoa itxaropenik gabe dago azkenaldian. Badirudi —eta hala esaten du jendeak isilean— sonbreiruaren jabeak sekula gehiago ez itzultzeko asmotan alde egin zuela.

        Paradiso Irratia da hau. Lurbiran dabilen lorategiz betetako satelite batetik mintzo natzaizu ni, Susana Q, plazer baduzu, eta badakit plazer duzula...

 

                Charlie inoiz baino hobeto ari da jotzen

                mutikoa ezkutatu da billar mahaiaren azpian

                (mutikoak badaki zer egin, badaki zer egin)

                eta Smithers andereak ezin du lorik egin

                o, ez, Smithers andereak ezin du begirik bildu

                kontrabaxuak behin eta berriro dio:

                zenbat tren leihoan insomnio guztiak dastatzeko ere

 

        Radio Paradiso. Azken albisteak: Marvin Gaye soul abeslari ospetsua era penagarri batean hilik suertatu da gaur Los Angelesen. Bere aitarekin eztabaida latza izan ondoren, azken honek tiro egin dio oreinak ehizatzeko Winchester eskopeta batekin gaur bertan berrogeita lau urte bete dituen abeslariari. Marvin Gaye, larriki zauriturik, arrebak eraman du ospitaleraino, hara gorpu heldu dela. Medikuek adierazi dutenez, bularrean jasotako tiroa izan da heriotza ekarri diona. Marvin Gaye, Washingtonen jaiotako abeslari arrakastatsua, elizako organoa jotzen hasi zen bere jaioterrian, eta AEBetako Aire Armadan hainbat urte igaro ostean, hegazkin istripu baten ondoren musikara irauli zuen bere indar guztia: Marquees izan zen hark sorturiko lehen taldea, 1957an. Geroztik hainbat talderekin kolaboratu zuen, harik eta 1961ean bere bakarkako lehen lana argitaratu zuen arte. Bereak dira, besteak beste, Sexual Healing eta I heard it through the grapevine kantu entzutetsuak edota Let's get it on diskoa. Musika mota ezberdinak lantzen dituzten hainbat kantarik aitortu izan dute bere aitzindaritza, hala nola, Stevie Wonder, James Taylor edota Mick Jagger berberak. Horixe da, bada, azken berri tamalgarria: Marvin Gaye, bere aitak berak, oreinak ehizatzeko eskopeta batez eraila eztabaida sutsu baten ondoren. Albisteak dioenez, kantariaren aita atxiloturik dago uneotan egoitza psikiatrikoren batera eramana izateko esperoan.