Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Anatolek zazpi aholku ematen ditu
pistola bat desagerrarazteko

Gangsterrei buruzko nobela baterako apunteak

 

        1.— Erarik egokien eta seguruena, dudarik gabe, hiriko periferiako fundiziora inguratu eta beruna, kobrea edo dena delakoa urtzen ari den galdara batera errebolberra botatzea litzateke, bertan urtu ostean gure arma, milaka koilara, labana edo sukalderako zartaginen artean gal dadin etorkizunean. Ziklikoki osatzen da hartara, armaren bilakaera prozesua.

        2.— Errebolber bat desagerrarazteko bada beste era bat, errebolber txiki, desmuntagarriekin erabil daitekeena. Garai batean emakumeek erabili ohi zituzten pistola ttipi edo eta pieza txikitan desmunta daitezkeenekin, alegia. Hauek, piezak egokiro banandu ostean, ihesean doanak hotel eta pentsioetako oheetan gorde ditzake. Ez burkoaren azpian noski, esan nahi dudana da, oheek, antigoalekoak badira —hodi itxurako hankadunak, alegia—, hodien barruan badutela leku aski pistola txiki hauetako baten piezak ezkutatzeko. Aski da ohearen hezurdura osatzen duten hodietako tapa kendu eta bertan piezak sartzea. Pistolaren desagerraraztea erabatekoa izan dadin, komenigarria da hotel edo pentsio ezberdinetan uztea pieza ezberdinak; hau ez zaio zailtasun handikoa gertatuko ihesean doan gaizkileari, bere mugikortasuna ihesaren berezko parte baita.

        3.— Inguruan ikatzez dabilen trenik bagenu —merkantziazko trenak eta distantzia luzeak egiten dituztenak lirateke egokienak— makinistaren bagoiko galdarara botatzea besterik ez genuke, bertan ikatzarekin batera kedar bihur dadin errebolberra. Galdarara heltzeko modurik ez bagenu, eta inguruan merkantziazko trenen bat topatzerik edukiz gero, ikatzez beteriko bagoi baten barrualdean ezkuta daiteke, harrikatz-piloa egokiro zulatu eta bertan lurperatu ondoren, noski. Bereziki eraginkorra litzateke teknika hau muga zeharkatuko lukeen tren baten kasuan, edota, distantzia bereziki luzea egingo balu trenak. Delitua egiteko baliatu den arma zenbat eta urrunago, are hobeto.

        4.— Gure helburua errebolberra aurrerago erabil ahal izateko eskura izatea bada, baina, gure atzetik dabiltzala uste dugulako-edo, arma gurekin eramatea arriskutsu gerta daitekeela susmatuko bagenu, zer egin? Sekula poliziak bilatuko ez lukeen leku seguru baina ingura erraz batean ezkutatu. Lekurik egokiena eliza bat litzateke. Inoiz ez lukete jaunaren etxea erregistratuko. Eliza hirigunetik apartatuxe bat aukeratzea komeni da, eta behin elizaren barruan kokaturik, zokorik egokiena hautatzea: adibidez, konfesionarioa eta lurraren artean dagoen lauzpabost zentimetroko azpialdean gorde daiteke, konfesatzera joateko unea baliatuz arma berreskuratzeko.

        Teilatuan, teila baten azpia ere gordeleku ona dateke eguraldi ona eta haizerik apenas egiten duen sasoietan.

        5.— Errebolberra desagerrarazteko presarik ez bagenu, baina epe luzera begira, badaezpada, hau egitea komenigarri iruditzen bazaigu, lima batekin apurka-apurka errebolberra metalauts bihurtu eta egunero-egunero koilarakada bat irenstea besterik ez genuke; urteen buruan, errebolberraren arrastoak oro desagertuko lirateke gure sabelean. Eta burdina ona da benetan hezurrak indartzeko. Ez uste burugabekeria denik aipaturiko teknika hau, hasieran lirudikeen baino erabiliagoa izan da: Lisboako zahar-etxe batean bizi zen agure bat hil zenean, bere mesanotxeko tiraderan, errebolber baten danborra eta heldulekua aurkitu ziren koilara ttipi baten, bikarbonato hodi baten eta lima baten ondoan.

        6.— Postarako pakete batean errebolberra egokiro batu eta kartoi gogorrez ongi bildu. Espartzuzko sokaz lotu ondoren, gauden herrialdearekiko batere harreman diplomatikorik ez duen, edo areago, gaudenaren etsai den herrialde bateko gida turistiko ahalik eta osatuena erosi. Estatu horretako herriren batean, auzo langile edo nekazal gune apartatuxearen itxura duena hauteman ondoren, aukeraturiko kale edo auzoaren izena paketean jarri eta hara bidali, hartzaileari dagokion helbidearen lehen lerroan izen asmatu bat jarrita. Hizki biribildu eta txukunaz izkiriatu helbidea: beti dira susmagarriago kaligrafia zorrotz eta sigi-sagatsuak. Dena den, ez badaezpada erremiterik jarri paketeari.

        7.— Ez da komeni sekula errebolberra ibaira botatzerik, ezta itsasora ere, baldin eta ez bagaude gutxien-gutxienik kostatik sei miliara. Ez litzateke itsasora bota eta ur azalera gailentzen den lehen errebolberra izango. Pentsa ze alukeria: itsas azalaren zikina plastiko errez, laranja azalez eta garagardo lataz gainezka, eta zikinkeria guztiaren erdian, hondoratu beharrean, errebolberra ur azalean.