Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Alaska

 

Geroztik Alaska deituko zioten preso zeuden erietxe hari. Izan ere, hain zen dena zuri, bai kanpoko bai barneko hormak, gelak, maindireak, katiluak eta platerak ere inolako dibujorik gabeak. Orratz zuridun erloju zuri guztiak geldirik zeuden, sendagileek izu-laborri psikologikoa gelditasunean oinarritu nahiko balute bezala. Jack Londonen ipuinetan bezain zuria zen isiltasuna, zuriak mediku eta erizainen batak. Leihoak bakarrik zituen berde kolorekoak, eta patioaren erdiko zuhaitz bakarrak adierazten zizkien urtaro aldaketak, gainerakoan ia beti heze zen lurralde hartan. Garai batean, murruaz bestaldeko zuhaitz guztiak ebakitzea agindu zuten medikuek abangoardiako tratamendu bati ekiteko, gaixoak kanpoaldearekiko erabat bakartuz eta isolatuz. Shock tratamendu bat omen zen, Alemanian emaitza onak eman zituena Dachau izena zuen psikiatriko batean. Egia esatera, erietxea bainoago zen hura kartzela, bere patio-zelaia inguratzen zuen bi metro eta erdiko murruari eta burdin sarez kaiolaturiko leihoei behatuz gero, bederen. Paseatzeko zituzten orduak ere mugatuak ziren Alaskako biztanleentzat: bi ordu astegun buruzurian eta hiru igande eta zapatuetan. Halako paraje batean ez zatekeen erraza bizirautea erle batentzat.

        Erleak aparte utzita, ordea, denetarik zegoen erietxe hartan. Aerosolen gainean gogoeta egiten zuen Joe boxeolaria ez zen gaixoen artean bat gehiago baizik. Baina bazen besterik ere: Anatol kasu, «Zubi Altxagarriko Estrangulatzailea», idazle frustratua zena, Ipar Afrikan soldadutza egin ostean, arrakasta handia lortu ustean bere memoriak idatzi zituena, egundoko argitalpen porrota eraginez. Bere autoa salduz hasi, etxea hipotekatu eta ondasun guztiak gurindu zituen, lorturiko diruaz osterantzean batere saltzen ez ziren bere liburuak erosteko. Abildade berezia zuen Anatolek mozorrotzeko: hogei aldiz mozorro zitekeen goiz bakarrean liburudenda berera sartu eta sarraldi bakoitzean bere liburu bat erosteko. Ongi aukeratzen zituen, ordea, Anatolek liburudendak: salduenen zerrendak egiteko datuak hartzen zituztenetara baino ez zuen jotzen. Anatolek, bere liburuak erosten jarraitu zuen, jo eta su, eta best sellerren zerrendan sartzea lortu zuenean bigarrena baino ez zela ikusirik, burua erabat galduta, aurretik zihoan lehiakidearen liburuak erosten zituztenak estrangulatzeari ekin zion. Herriko zubi altxagarriaren ondoan babesa hartu, eta itoarazi ondoren uretara botatzen zituen irakurle koitaduak, urpeko tximeletak ferratzera, lastaira gisara Hispano Olivetti bana lepoaren inguruan soka batez lotuta. Zenbaitek «Olivetti hiltzailea» ezizenez ere ezagutzen zuten bere modus operandi bitxia medio. Harrapatu eta kartzelaratua izan ondoren, erruz saltzen hasi ziren bere memoriak, argitaletxeak liburuetan jarririko solapatxo deigarri eta apur bat gehiegizkoari esker, apika: Zubi altxagarriko harakinaren memoriak. 13. Argitalpena. Kartzelara sartu eta handik psikiatrikorako bidea, biak batera egin zituen, insomnioak jota, idazmakina baten zarata ateraz ematen baitzituen espetxean gauak oro, zeldakide moduan inork jasan ez, eta inguruko leotzetakoak ere erotu beharrean jartzen zituelako, kirio guztiak zut, dardara batean. Erietxean, morfinaz eta lasaigarriz asebete, eta merkatuko irin zakua bailitzan, lo betean ematen zituen gauak, kuatro eginda.

        Galileo bizarzuria berriz, lurperatzaile izana zen herri ttipi batean. Bolada luze batez herrian inor hiltzen ez zela-eta, lanik gabe ezin etsian, ostiralero agure bat akabatzeko ohitura ustez osasungarria hartu zuen. Agureak bukatu zitzaizkionean, mutilzaharrak eta alargunak hiltzeari ekin behar halabeharrez. Harrapatu zuten arte. Epaiketan argitu zuenez, «herriak oreka homeostatikoa berreskura zezan» egiten zuen hura guztia. Bere goitizenari zegokionez, mugitzen ez ziren gauza guztietan mugimendua ikusten zuelako deitzen zioten horrela. Erietxean denek gogoratzen zuten Galileo bere dortoka disekatuari hizketan, «ezetz igo berogailuaren gainera» esanez dortokatxoari, dortokak harri kozkor bat bezain geldi jarraitzen zuela beti. Alaskako erlojuetako orratzak mugitzen zirela esaten zuen bakarra ere bera zen. Hain nabarmen zeuden geldirik orratz guztiak, ez baitzegoen han lekurik Eppur si muove hartarako. Ero batek bakarrik baiezta zezakeen hain setati Alaskako horma-erlojuetako orratzak mugitzen zirela. Bestalde, Galileo zen Alaskan denbora gehien zeramana, eta hargatik, asko errespetatzen zuten denek. Ez zen erraza zenbat urte izan zitzakeen asmatzea. Bere bizar zuriak Alaskako izotzak berak baino urte gehiago zituela esango zukeen edonork.

        Baina zinez, ezin esan Alaskako biztanleak sakonean gaiztoak zirenik. Erromantiko batzuk zirenik ere ezin juzga, baina ez zitzaien horretarako larregi falta. Perfekzioaren mugak klarionaz seinalatu eta euriteak lerro zuriak ezabatu ondoren perfekzioaren beraren muga iragan zuten gizasemeak ere izan zitezkeen aise. Eta jainkoek ez dute barkatzen sekula finisterrearen ondoren itsaso gehiago daudela erakutsi nahi izaten duten menturazaleen ibilerarik. Leihoak kaiolatuak daudenean erraza da leihotik aparte mantentzea, baina nekeza da hau beirateak hain garbi daudenean non ez baitirudien batere kristalik dagoenik ere. Eta kristalik ez dagoelakoan, kanporako keinua egin eta to, kankatekoa buruan. Ez da aise ikasten, kristalaren lezioa.

        Alaska. Zuria eta hotza. Galileok jarri zion erietxeari neurriko izena.