Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Joe Panda, pisu astuna haizeak eraman

 

Garagardoa bazen boxeolarien izerdia, Nikolasen piano gainean lauki bat osatzen zuten lau Heineken botila berdeek ring bat marraztuz zerraiten oraindik, eta lokaleko argi keinada tolestuek soka ziruditen itzalak dibujatzen zituzten pianoaren erdi-erdian. Itzalek dibujaturiko sokek lau Heineken botilak lotzen zituzten, laukizuzen perfektu bat osatuz. Koadrilatero haren erdian borrokan ari ziren Jimmy Kolirio eta Joe Panda.

        Begizulo sakonak zituelako deitzen zioten Panda. Gau hartakoa zen bere tituluaren hirugarren defentsa, ordura arte argazkietan soilik ikusi zuen Jimmy Sanchez Kolirio gaztea arerio zuela. Argazkietan baino sendoago eta garaiagoa zen aurrez aurre. Xukadera taburetearen ondoan baztertu eta estreinako kanpaikada entzun zuen unea zeukan gogoan, lehen round-ari ekin aurretik bitaminak zirela esanez eman zizkioten hiruki itxurako pastilla arrosak, hiru bat-biko sabelean, crochet-ak eta hook-ak bata bestearen atzetik, erleen zorabioa fokuetan, ahuldadea apenas sentitzen zituen beso lokartuetan, muturreko zoritxarreko bat barailezurrean, eta sudurreko ezker leihatilatik odola zeriola, baina hortik aurrerakoez ez zen batere akordatzen. Pastilla arrosen eta kanpai hotsaren ondorengoa, bere burua ametsezko igogailu batean sartzen ikustea izan zen.

        Bi emakume zihoazen bere ametseko igogailuan, bata ilegorria, oso altua, laurogeita bost bat urtekoa baina arras tentea eta ongi jantzia. Bestea, ile motzeko neska beltzaran gazte bat zen, gasa iluneko alkandora bat soinean zeramana. Joe hasi zen hizketan.

        — Zein solairutara zoazte?

        — Bosgarrenera.

        Amona ilegorriak erantzun zuen, beltzaranak, mutu, bere sorbalda Joerenera inguratu zuen bitartean. Joe ezker hormara hurbildu zen botoia sakatzera. Igogailua oso dotorea zen, antigoalekoa, eta botoitxo gorriak eraztun doratuz zeuden inguratuak. Baina, botoitxoa sakatzera zihoan une berean, harriduraz ohartu zen Joe bost botoitxo gorri haietako azken bietan «4» zenbakia jartzen zuela. Ez zegoela bosgarren pisurik, bi laugarren solairu zeudela. Joek beltzaranari so egin zion. Honek beragana gerturatzeko keinua egin zuen, eskuin eskuko hatz txikia ezpain artean zuela. Nora ez zuela geratu zen Joe Panda, beltzaranak jakako botoiak deslotzen zizkion bitartean, jakaren hegaletatik heldu eta beragana erakarriz boxeolaria, belaunburu biluzia Joeren hankartera hurbilduz emekiro. Besoak Joeren sorbaldan zintzilik bezala utzi eta irribarre egin zion neskak boxeolariari. Gero, apur bat gehiago gerturatu zuen aurpegia, Joerenganantz lepoa okertuz, ezpainetara heltzeko tartea mugimendu bakar batean egiteko luzeegia balitz bezala. Neskaren ezpainak bere ezpainetara hurbildu eta mihi puntaz bereak eta Joerenak distirati uzteraino deblauki hezetu ondoren, luzaro iraun zuen musukatzeari ekin zion neskak, besoak boxeolariaren sorbaldetatik trapezio geldi eta kulunkarien gisan zintzilik kateatuta. Ondoko amona tantaiak eztul txiki bat egin zuen. Ejem, disimuluan eta nahi ez duenak bezala.

        — Mesedez... Ez duzue pentsatuko horrela... hemen, tira...

        Neska beltzaranak Joeren oinetara begiratu zuen. Itxura zarpail eta bitxia zuen Joek: zapata bat gorria eta bestea beltza zituen. Oso ahots goxoa zeukan neskak lehendabiziko aldiz hitz egin zuenean. Gaindosiaren mugan den heroinazale batenak ziren haren begiak.

        — Egia da, zapata bat gorria eta bestea beltza ditu. Mila esker ohartarazteagatik, andrea.

        Benetan sentsuala zen haren ahotsa. Marlene edo Marilyn izenari zegokion moduko ahotsa. Zapatak kendu zituen neskak eta berdin egin zuen mutilarenekin, belaunarekin boxeolariaren izterrartea deblauki laztantzen zerraiela. Joeri eskumuturretik heldu eta neskak bere izter leunetan behera sarrarazi zituen Joe Pandaren hatz lodiak. Body & Soul. Gasazko alkandora deslotu zuen gero emakume misteriotsuak. Ez zeraman bularretakorik. Joe sutan zegoen. Gonaren kremailera askatu zion, ipurmami hotzetan esku biak sartuz, hatzez azalaren leunari jarraiki, itsasoak ekarri bide zituen alga busti eta epelak bere hatz puntetan asmatuz. Ezpain-kokotsak busti eta musuak leporaino luzatuz, izter gurutzatze besarkatzeetan hasperenei eutsiz, ipurmasailak elkarri estutuz luzatu ziren. Itsas belarren izter inguruak miazkatu zituen Joek behetik gorantz abiatuz, begirada bezain zorrotzak ziren titimutur zutak umeltzeko gero. Neska beltzaranak Joeren hankarte puztuko botoiak askatu zituen, banan-banan, ia oharkabean.

        Amets bitxi eta aztoragarri haren kondarrak ezpain artean zituen oraindik, periferiako ospitale hartako gela zikinean esnatu zenean. Ez zuen inor inguruan. Bakar-bakarrik zegoen, laugarren solairu huts hartan, eta ez zuen bigarren asaltoan kaoz erori zenik gogoratzen. Bihotz ttipiak ziruditen pastilla gorrixka haiek bakarrik zituen gogoan, bitaminak eta kanpai hots bakarra.

        Medikuek erotzat hartu eta pena ere sentitu zuten Rotterdameko karrika ospel batean, bazterrean botata eta urdailean hirurogeita bost gramo trofanil zituela aurkitu zuten gizon hura azken bi urteetako pisu astunetako txapelduna zen Joe Panda zela esaten hasi zitzaienean. Lekutan azaldu zen bada. Telebista bat eskatu zuen Joek: gaueko berrietan emango zuten bere konbatearena: ikusi beharra zeukan zenbat asalto iraun zuen. Baina astebete igaro zen jadanik konbatea izan zenetik eta komunikabideek ez zuten dagoeneko hartaz hitz egiten. Gainera, hura guztia gutxi bazen, Buenos Airesko Luna Parken izan zen borroka eta Joe Panda gizajoa Atlantikoaren beste aldean azaldu zen konorterik gabe, Beluna Moon izeneko klub baten ondoan. Bere baitatik aterata, telefono bat eskatu zuen hurrena Joek. Medikuek sedante bortitz baten efektuen pean lasaitu behar izan zuten azkenean.

        Joe Pandari egin zioten zakurkeria ez zen erraz barkatzeko modukoa. Tongoari engainua eta umiliazioa eransteaz gain, boxeoaren mapatik zaplateko batez ezabatu zuten. Harritzekoa zena zen, nolatan ez zizkioten Luna Parken bertan bi tiro eman. Gorpua ezkutatzeko zailtasunak-edo. Auskalo. Ikaragarri sufritu zuen Joe Pandak punching-bag bat gehiago sekula kolpatuko ez zuela ohartzean. Denboraren poderioz, ordea, bere patua onartu eta aurrekoa ahazturik, hutsetik hasita bizitza berri bati ekitea lortu zuen. Ordea, egun batean, iratzargailuaren hotsa entzutean, konbateetako kanpaikadez gogoratu eta garai bateko ring-a jabetu zen berriro bere pentsamenduez, eta inolako motibo jakinik gabe, nahastu egin zen ostera, haluzinazioen biktima bilakatu zen, zoramenaren uppercut-en menera erori.

        Bere espejismoa ez zen espejismo arrunta, entzumenezko isladura zen bere hura. Telefonoaren hotsa entzuten zuen edozein ordutan, zegoen lekuan zegoela. Bazkaltzen ari bazen, tupustean uzten zuen askotan mahaia, telefonoari erantzun behar ziola eta, mesedez, barkatzeko unetxo bat. Bisitaren baten zain zegoenean ere, edota zituen lagun urri horietakoren baten etxean, berak soilik aditzeko moduan telefonoaren hotsa sumatu uste izaten zuen, eta alferrikakoak ziren, «Joe, zure irudipen bat zen» edota «Joe, guk ez daukagu telefonorik» bezalako desenkusak, berak telefonoaren bigarren, hirugarren eta laugarren deiak entzungo baitzituen, gero eta urduriago, telefonoa non zegoen ez zekielako. Izerdi patsetan jarriko zen adrenalinak emozioa eta portaera arautzen dituen garunaren alderdia busti orduko, eta mahai azpietan, armairuetako arroparen tartean, tiraderatan, telefonoaren bilaketari lotuko zitzaion kumea kendu zaion basurdearen gisako, harik eta hamahirugarren txirrin hotsak bere entzumenezko isladura hura amatatzen zuen artean. Dei imajinario hauetako batean, hirak eta bortizkeriak harturik etxeko altzariak leihotik botatzen ari zela, bizilagunek Poliziari deitu eta errinozero bat zerraldotzeko adinako lo-pilulak eman behar izan zizkioten lasai zedin.

        Joe bere senera itzuli zenean, askozaz ere lasaiago eta orekatuago sentitu zen. Amesgaizto luze batetik esnatzea egin zuela iruditu zitzaion. Gimnasio batean zegoen. Jendea entrenatzen ari zen eta eskularruek hondarrezko zakuen aurka talka egitean sortzen zuten zarata paregabe hura gozamena zen bere belarrientzat. Izerdi usaina lixibarenarekin nahasian heltzen zitzaion sudurreko usna-ildoetara. Baina begi irekiek esnatu berriaren lausoa galdu zutenean, gimnasioa izateko estuegia zen gela bat topatu zuen; lixibaren usaina benetakoa zen, baina izerdiarena uste zuena jarabearena iruditzen zitzaion orain, eta zakuen aurka entrenatzen ari ziren boxeolari gazteak erizainak baino ez ziren, oheei izara garbiak jartzeko bere inguruko ohe hutsetako burkoak eta koltxoiak astintzen zituztenak. Zuringoz beteriko paretarte hark ez zuen Alaska beste izenik merezi.

        Geroztik, ordu anitz eman zituen Joe Pandak «Espejismoen gela» batean isolatuta. Akoltxaturiko hormei ukabilka. Bere managerraren deiaren zain jarraitzen zuen oraindik. Bazekien bere agenteak ez zuela bakarrik utziko, eta gaur edo bihar hots egingo ziola: Jimmy Sanchez Kolirio, aurrez aurre ikusita argazkietan baino askozaz ere handiagoa zen haren aurkako errebantxa lortuko zion gaur ez bazen bihar, berandu baino lehen, hori seguru. Entrenatu beharra zegoen egun handirako. Akoltxaturiko hormei ukabilka, entrenatu.

        Iritsiko zen eguna Kolirio hura mingainarekin igelak lehortzera bidaliko zuena. Bai horixe. Iritsiko zen eguna.