Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Satorrak

 

Begiak irregularki arkutuz, beldurtuta egin zuen galdera hura Nikolas Holoborodkok, intxaurrik gabe geratu den katagorri desanparatuaren aurpegiarekin.

        — Hainbeste denbora hemen barruan... Itxura ona daukak hala ere, Bob.

        — Hago isilik, nire aurpegiak autopsia bat ematen dik-eta.

        — Zera... bihar alde egin beharra zaukaat, Bob, horregatik etorri nauk gaur... Ezin diat egoera honetan hemen luzaroago jarraitu. Ez zakiat, oso gauza arraroak ari dituk gertatzen. Zirkulua hersten ari zaiguk, Bob: Piquerasen aurkako taldea indartzen ari duk hirian, egoitza baimena ere ez zigutek luzatu eta... Kanpotik saiatuko gaituk hi ateratzen, ea Parisen edo laguntzarik ematen diguten...

        — Ulertzen diat, hermano, ulertzen diat... Eta... Klara?

        — Klara? Zera... Klarak ezin izan dik etorri... Ez zagok... oso... nahiko zeratuta zagok, ba hirearekin, badakik... Nola esan?

        — Utz ezak, hermano, ulertzen diat.

        — Gauloises pakete batzuk ekarri ditiat. Eta disko pare bat ere bai. Gramolarik-edo baduk hemen?

        — Bai, gelan bazagok bat. Ez zabilek oso ongi baina tira... Zer duk?

        — Txorakeria bat...

        — Arraioa... Zadel Taxi Quartet! Nondik eskuratu duk? Hau agortuta zagok aspaldi!

        — Kontaktuak, Bob, kontaktuak eduki behar...

        — Nikolas...

        — Zer?

        — Estimatzen diat bisita egin izana.

        — Tira, estepa errusiarreko katagorri batek berera alde egin aurretik egin dezakeen gutxiena duk hori. Ahaztu aurretik, hik eskatu bezala, Manuel de Fallaren diskoa ere ekarri diat.

        — Zer? Manuel de Fallaren diskoa?

        — Bai, gizona, ez al haiz gogoratzen? Mezua barru-barruan dik bere musikak. Goitik behera arakatu behar dituk bere musikaren koloreak, udazkena bezain marroikarak bere tonuetan. Hik esana duk. Ez al daukak gogoan?

        Harri eta zur geratu zen Manuel de Fallaren ateraldiarekin. Berak ez zion sekula Manuel de Fallaz hitz egin, eta are gutxiago bere musika eskatzeko. Nikolas besarkada batez agurtu eta bere gelara heldu zenean, aurrez sarrerako zaindariak miatutako pakete irekitik atera zuen diskoa. Diskoa azaletik atera eta argitara jarri zuen: ez zegoen bertan inolako mezu ezkuturik. Kartoizko azala hartu zuen gero. Kanpotik ez zeukan, itxuraz, ezer berezirik: El sombrero de tres picos delakoaren Londresko Orkestra Sinfonikoaren grabaketa soila zen, Barbara Howitt sopranoa laguntzaile zutela. Azaleko irudian bi emakume ageri ziren mantoi bati helduta, soineko argiz jantzita, eta bi hauen atzealdean bi gizon beltzez, hauetako batek aurpegia erdi estalita zeramala.

        Zer esan nahi ote zuen ordea, «mezua barru-barruan du bere musikak» hark? Bobek gelako gramolan diskoa jarri eta grabazioa hagitz arrunta zela ziurtatu zuen. Erabat intrigatuta, bere gelan harat honat zebilela, barruan diskorik gabe, azalak ohikoek baino gehixeago pisatzen ote zuen iruditu zitzaion. Bizarra mozteko aitzurrarekin ebaki txiki bat egin zion azalari. Orduan ikusi zuen barru faltsuan Manuel de Fallaren irudi marroikara, ez behin bakarrik, baizik eta askotan errepikaturik: hogei duroko billeteak ziren, diskoaren azalaren barruan ezkutaturik zeudenak. Billete guztietan, Manuel de Fallaren irudi burusoil eta betaurrekoduna ageri zen. Manuel de Fallaren billeteen pean berriz, florinak eta frankoak. Diru mordoxka zegoen han, Holanda utzi, Frantzia zeharkatu eta Espainia aldera pasatzeko adina bai, behintzat. Euforiko sentitu zen: ihes egitea lortzen bazuen, bere aitaren jatorri zen Euskal Herri hainbat aldiz imajinatu hura bisitatu ahal izango zuen, beharbada.

        Dirupaper haietan guztietan bilatu zuen antsia handiz Bobek hirugarrena ez da urdina mezua tatuaturik izan zezakeen baten bat. Hura zen Klararen izaera bereziaren beste alderdi bat: bere eskuetatik igarotzen ziren billete guztiak, boligrafo batez hirugarrena ez da urdina izeneko mezu bitxiarekin hornitzen zituen ertz batean, bere probabilitate kontuak edo auskalo zer egiaztatzeko asmoz, mezu berbera zuen billeteren bat noizbait berriro bere eskuetara itzultzeko zeuden aukera urriak neurtzeko, akaso. Baina Nikolasek diskoan ezkutatuta helarazi zizkion billeteen artean ez zegoen Sara Vaughanen kantu batetik ateratako hitz haiek tatuaturik zituenik.

        Diru pixka bat bazuen, ez zen gutxi. Ihesa gauzatzeko bigarren pausoa askozaz ere nekosoagoa suertatuko zen, ordea.

        Ederki kosta zitzaion Bob Ieregiri ero koadrila hura konbentzitzea. Baina azkenean, Joeri telefonoak lurpean ezkutatuta egon zitezkeeneko kontua aipatu eta Galileo lurperatzaile izana zela baliatuz, nolabait erakarri zituen zoro haiek klarionaz marrazturiko mugaren bere aldera, askatasunerantz zuzenduko zituen lurpeko tunela zulatzen hasteko.

        Bi hilabete pasatxo eraman zien zelaia beheko aldetik zeharkatuko zuen tunela patio erdialderaino luzatzeak. Ez zen batere lan samurra koilaraz eta eskuez tunela urratzen aritze hura. Zorionez, lurra nahiko biguna zen, eta alde horretatik ezin kexatu ziren. Bestalde, eskergaitzak izan ziren Galileoren esperientzia eta Joe Panda bezalako gizaseme gihartsu baten lana. Jangelatik lapurtutako bonbilla dardaratiz argitu zuten bidea, eta argindarra haraino heltzeko, patio sarrerako kable bat luzatu ahal izan zuten lurpetik. Kanpotiko argindar kablea laburregia zen, ordea, eta tunelaren lehen metroak bakarrik argitzen zituen. Hortik aurrera, ez zuten linternak erabili beste aukerarik.

        Asteazken batez egin zuten patioaren erdigunea seinalatzen zuen zuhaitzaren sustraiekin topo. Joek zauri handi samar bat egin zuen bere boxeolari beso zuztarra zuhaitzaren zainekin urratuta. Odola zerion besoko zauritik zuhaitzaren sustrai-kapilarrak ezarian-ezarian gorritzeraino.

        — Zuhaitza erdi-erdian dago! Zer egin behar dugu aurrera jarraitzeko? Sustraiak txikitu?

        — Ezta pentsatu ere: alferrikako lanik ez. Lotu besoa ahal duzun ongien eta saihets dezagun zuhaitza ezkerralderantz zulatuz. Utz iezadazu zauria ikusten —Anatolek, erabakiak hartzeko zuen gaitasuna berriro ere erakutsiz.

        Arropa garbia jasotzeko eguna zen, goizean goiz, murruaren lurpeko aldearekin topo egin zutenean. Irrikaz zegoen Bob kanpoaldera ateratzeko. Metro pare bat gehiago zulatu eta libre izango ziren, murruaren bestaldean.

        Ihesa burutu behar zuten arratsalde hartan, bi ordu baino ez zuen Bob gizarajoak lo egiterik lortu. Amesgaizto latz batek bereganatu zuen bere loaldi laburra: izara artean kiribilduta, momia zuri bat zen lehenbizi, maindireak itsatsi egiten zitzaizkion geroxeago, bere gorputzaren inguruan kiribil perfektu bat osatuz eta besoak gorputzari erantsi, hankak paralizatu eta bata besteari pegatuz; behatz puntak baino ezin zituen mugitu. Hatz puntetako poroek, izarek testura fin bat hartzen zutela adierazten zioten. Begiekin alboetara begiratzen hasi eta preso hartzen zuten izaren gainean sesio hitza osatzen zuten hizkiak baino ez zituen ikusten ahal, beltzez idatzirik. Jam session, inprobisazio sesioren bat, apika. Bere tronpeta galdua zuen, ordea. Hitz luzeago baten zatia ziren dudarik gabe hizkiok, baina ez zuen hitz osoa irakurtzerik lortu, lepoa ere mugiezin baitzeukan. Ohetik erortzear zegoenean ohartu zen ohea kartoizko kutxa urdin bilakatua zela, zigarro pakete erraldoi eta urdina zela orain bere ohea. Bere aurpegiaren alboan, ia garden bihurtu zen maindirearen alboan, makillajea kentzeko zilindro itxurako ponpoiak topatu zituen. Aurki jabetu zen ponpoi erraldoi haiek zigarroen filtroak zirena, bera ere izara artean zigarro bihurtua zela, sesio hizkiak ez zirela Gauloises tabako markaren alderantzizko irakurketa eginez gero lortzen diren azken bost hizkiak baino, bere inguruko zigarroak ere, bera bezala, gaueko deskuiduan tabakoa egiteko lantegiren batek bahituriko gizagaixoak baino ez zirela, gutxi fida: Alaskako gaixoak ziur aski. Eta Bobek paper zuri ia gardenaren bestaldean beste zigarroen filtroak ikus ahal bazituen, bera bihurtu zen zigarro hura paketetik erdi aterata zegoelako zen, norbaitek bera aukeratu zuelako paketeko zigarro guztien artean; eta berehala —aurresentitzen zuen—, bere hanka puntetatik gora berotasun kiskalgarri bat sentituko zuen gorputz papurtuan gora luzatzen, pospoloak zigarroari sua erantsi bezain pronto.

        Joek esnarazi zuenean izerdi patsetan zegoen. Keinu egin zion lepoaz. Bazela garaia joateko. Bobek izan berri zuen amesgaiztoaren berri eman zion Joeri. Pandaren loa ere ez zen batere sosegatua gertatu. Zuloaren amaieran, tunela kanpoalderantz irekitzean, telefono kabina baten azpian ateratzen zirela egin zuen honek amets. Bakoitza bere eroak darabil. Dream darabil.

        Gaua oso zen euritsua. Tunelaren sabaia osatzen zuen lur bigunetik behera, euria irazten zen haien jantzi zurien gainera. Tunelaren bukaeraraino heldu ziren Joe, Galileo, Anatol eta Bob, azken bi metroak zulatu asmoz. Gauerdia zen ia —round about midnight—, berandu inondik ere, labanderiako kamioia ezohiko ordu hartan Alaskara heldu zenean. Kamioiaren zarata entzutean, une batez, Bob elbarrituta bezala geratu zen. Klararekin maitasuna egiten zuenetan, zarama kamioia pasatzean bakarrik uzten zioten plazer intziriak erreprimitzeari, kamioiaren zaratak beren maitasun oihuen estalgarri zirelako, gainerakoan, kartoizko pareta haien bestaldean norbaitek entzungo ote zituen beldur izaten baitziren. Zoriona ezkutatzeko dugun joera and what is that little thing called love. Tunelaren goialdetik erortzen ziren euri tantek ekarri zuten berriro ere Bob orainaldira.

        Egundoko ekaitza ari zuen eta labanderiako kamioia, putzuz beteriko bidetik ez pasatzearren, desbideratu egin zen apur bat patioko zelairantz, zuhaitza saihestuz sarrerara heltzeko asmoz. Patioaren erdialdean zegoen zuhaitzera heldu aurretik, ordea, lur bigun bustiak amore eman zuen kamioiaren pisupean eta bertan behera erori zen labanderiako kamioiaren aurreko gurpila, lau hilabete eta zazpi egunez zulaturiko lurpeko tunela agerian utziz, eta azpian harrapatuz, lau linterna eta zortzi kutxare parez gain, Txindasvinto, Galileoren dortoka gizajoa.

        Zigor modura eta zentzabidez astebete norbere gelatan isolaturik igaro ondoren, astelehen eguzkitsu batez eman zioten lur Txindasvintori patioko zuhaitzaren azpian. Bob Ieregik, tronpetarik gabe bazen ere, Isiltasuna interpretatu zuen, solemneki. Bi adartxoz egin zioten gurutzetxoa eta hilartitza ere jarri zion Galileok. Izan ere, ez zen bera alferrik lurperatzaile izana:

 

                La notte piú chiusa

                lugubre tartaruga

                annaspa

 

                Eppur si muove

 

        Geroztik, gauak, armiarma erraldoien sabelak baino pisutsuago igarotzen ziren Alaskako izotzezko zoruan barna, irristaka bezala, in the train through your ice.