Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Zer eternalagorik
lore artifizial bat baino

 

Kaixo, kaixo, kaixo, Paradiso Irratia da hau eta Susana Q ari zaizue hizketan, zazpietan hasi eta goizaldera bitartean zuekin. Gure sintonia, lehenbailehen osa zaitezen, zuri eskainia dago gaur Elena, nori bestela. Hemen, 22.2, urmaeleko gure zisneen txokoan...

        Ez dakit aurrez esan dudan, hemeretzi gradu zelsius ditugu, zerua lainotuta ageri da eta antizikloiaren eraginak desagertzen ari omen dira, euria izan dezakegu beraz, hurrengo orduetan; galerna arriskurik ere ba omen da. Ez kezkatu, halere, Paradiso Irratian zaudete, palmerapean babesturik, hemen ez da inor bustitzen, eta ni Susana Q naiz: Susana Q, zuen zerbitzura.

 

                Charlie inoiz baino hobeto ari da jotzen

                mutikoa ezkutatu da billar mahaiaren azpian

                (mutikoak badaki zer egin, badaki zer egin)

                eta Smithers andereak ezin du lorik egin

                o, ez, Smithers andereak ezin du begirik bildu

                kontrabaxuak behin eta berriro dio:

                zenbat tren leihoan insomnio guztiak dastatzeko ere

 

                Zer den jazza erranen dizut:

                betikoa whiskya den hiztegi bat, den hiztegi bat...

                Billar mahaiaren gainean larrutan ari diren

                bi emakume,

                disimuluan non dago takoa? galdetzen duen agure zelatia

                konturatu orduko oinen azpialdeetatik

                gorputzaren barrua zeharkatuz bortizki

                bururaino igotzen den begirada bertikal

                tren abiadurako bat

                begi elektrikoz betetako zoru batean oinez ibiltzea

                oinez ibiltzea hogei zentimetro zoruaren gainetik

                zure buruan zaldi karrerak egiten direla sentitu

                apustu egin eta zerbait irabazi edo dena galdu

                funerariako kotxe beltz bat baino beltzagoa den

                bakelitazko telefono baten ondoan zain egon

                (zure deiaren zain, ulertzen duzu)

 

                eta zorua begi elektrikoz beteta beti

                klank bumm

                piano bat erori da seigarren pisutik

                eta zapaldu ditu pianoak Smithers anderearen loreak

                o Mrs. Smithers' flowers, Mrs. Smithers' poor flowers

 

                o, bai, piña zukua edanez barre egingo genuke guk ere

                Smithers andereak loreak gorrotatzen zituela

                ez bageneki

                gogotik eginen genuke denok barre ez bageneki

                Smithers andereak ez zeukala lorerik

                pianopean datzan Smithers andereak

                lore bakarra zeukala eta hura

                lastozko sonbreiruan baino ez zuela erabiltzen

 

                O Mrs. Smithers' flowers, Mrs. Smithers' poor flowers...

 

        Gogoratu, entzule, programa honen babesle dela: Blay Oilarra, inon denik eta sobreko zoparik naturalena, koloranterik gabea, burukominik pisuenen aurkako erremediorik eraginkorrena, non denik eta irratsaiorik atseginenean; hemen, Paradiso Irratian.