Poesia kaiera
Poesia kaiera
Louis Aragon
itzulpena: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-32-7
Louis Aragon
1897-1982
 
 

 

Elsak dioena

 

Diostazu bertso hauek ilunak direla eta

Baliteke nik nahi bezain ilunak ez izatea

Zorion ebatsiaren gain gure leihoa ixten dugu

Egun argiaren beldur

Belatu ez dezan betiko zure argazki maitea

 

Diostazu Gure amodioaz mundurik jaiotzen bada

Mundu horretan atsegin da xumeki solastatzea

Utzi ezazu Lancelot utzi Mahai Biribila

Isolda eta Bibiana

Ispilutzat zeukatenak sable deformatzaile bat

 

Leitu ene begietan ez neurrien artean

Amodioa eta ez hordi bihotza edabe zaharretan

Eguerdian hondakin huts bilakatzen dira aurriak

Orduantxe guk bi itzal

Areago eragotziz nekromanteen artea

 

Ote egun argia baino xarmaz beteago gaua

Ahalkegarri da oskarbiaz hasperenka ez hastea

Ahalkegarri da ume batez berehala ez samurtzea

Malkorik ez izatea

Lorea ikusiz larrean kanta adituz kalean

 

Diostazu utzi ezazu doi bat ortotsen orkestra

Zeren jende gaixoak gure denbora hauetan

Hiztegitan bilatzea ezinezko zaiolako

Hitz arruntak nahiago

Errepika daitezkeenak ahapeka ametsetan

 

Maita zaitzan nahi baduzu ekarri hona ur garbia

Nora urmaeltzen diren jendearen gurariak

Zure poema izan dadin zure ebakiko odola

Kantatzen duen antzora

Teila-emaileak habiarik ez daukaten txorientzat

 

Zure poema izan dadin guretzat itxaropena

Esaten duena Eutsi gure ipuin zorigabean

Giza ahotsak garai ditzan kobrezko instrumentuak

Bizitzeko arrazoi bat

Eman dezan heriotza desira zutenentzat

 

Zure poema izan dadin non maitasunik ez duten

Non lanean lehertzen diren odolusten hotzez hiltzen

Izan dadin firfira bat oin astunak arin ditzan

Kafe hutsa goiztirian

Lagun berriz aurkitua gure gurutze-bidean

 

Lagun bat zure kantua mereziko lukeena

Ez bazenu besteekin egin amets hainbestetan

Kate-hotsa irudi baitu beraien oroitzapenak

Gaua esna zure zainetan

Bihotzari elez nola belaontziari haizeak

 

Diostazu Nahi baduzu maite zaitzan maite zaitut

Margotuko nauzunean nire potretak behar du

Urrelilien barnean bizi den har baten gisan

Gai bat gorde bere gaian

Amodioarekin ezkonduz etorkizuneko ekia