XX. mendeko poesiaren testigu eta partaide behinenetakoa izan genuen Louis Aragon. Mendebaldeko tradizio poetiko indartsuenetako batean —frantsesean— kokaturik, ia mende guztia hartu zion bere bizitza eta poesiak. 1897an jaio zen Parisen, leku berean zendu 1982an, eta Paris hiria bera izan bere inspirazio gai errepikatuenetako bat.
Ez zen XX. mendeko triskantzetatik aparte ibili. I. Mundu Gerran mobilizatu, eta mediku lanetan ibili zen (Medikuntzako ikasketak eten behar izan zuen gerra zela eta). Ikerlari batzuen arabera, Gerla Handia gertakizun mugarria izan zen dadaismotik surrealismorako aldaketan, frontean bizitako izugarrikeriek (Andre Breton ere ospitaletan ibili zen lanean), psikoanalisiaren irakurketekin batera, giza bizitzaren inguruko ikuspegia aldarazi zielako dadaista batzuei. Era berean, komunismorantz egin zuten askok, Aragonek kasu. Gerratik bueltan, bada, Bretonek surrealismoa fundatu zuenean, mugimenduko partaide aktiboenetakoa izan zen Aragon. Aurretik, 1919an, Littérature aldizkaria sortu zuen Philippe Soupault-ekin batera, aldizkari dadaista garrantzitsuenetako bat. Aragonen lehen bi poema liburuek, bada, ondo irudikatzen dute garai hori: Feu de joie (1919) (Bozkariozko sua) dadaismoko poema liburu erreferentziala dugu, eta Le Mouvement perpétuel-en (1926) (Mugimendu etengabea) surrealismoranzko biraketa irudikatzen da. Antologia honetako lehen poema lehendabizikotik aterea da, eta hurrengoa bigarrenetik.
Dena den, dadaismoko eta surrealismoko poeta handienetako bat izanagatik, ez zen horretan geratu Aragonen ekarpen poetikoa. Alderantziz, askorentzat, ondorengo bere poesia lanak dira bikainenak, non sakonean oihartzun egiten duten Elsa Troilet-ekin izan zuen harremanak eta II. Mundu Gerrako erresistentziako esperientziak. Troilet Errusian jaio eta garaiko formalista eta futuristekin (Roman Jakobson, Viktor Xklovski, Vladimir Maiakovski etab.) batera jardun zen hastapenetan. Aragon 1928an ezagutu zuen Parisen, eta, besteak beste, Gouncourt saria jaso zuen lehen idazle emakumezkoa izan zen. Elsaren zikloa deitzen den Aragonen obretatik lehena izan zen Les Yeux d'Elsa (Elsaren begiak), haren poema liburu ezagunenetako bat, eta bertan topa litezke antologia honetara ekarri diren Elsaren begiak eta Dunkerqueko gaua bezalako poema gogoangarriak besteren artean.
Aragonen maitasunezko poemak sentsibilitate berezikoak dira, eta urrun daude maitasunezko poema erromantiko estereotipatuetatik. Maitasun urosik ez da poeman, esaterako, amodio platonikotik urruntzen da lehen lerrotik, edo Elsa mirailean ederrean erretagoardian dagoen emakumearen larrutik idazten du, ezein heroismotik aparte.
Poeta petoa izan zen, eta inork ez bezala menderatzen zuen lengoaia poetikoa. Poemen barneko erritmo, hoskidetasun eta errimek garrantzi handia dute bere poesiagintzan, eta horiek ere itzultzea izan da Itziar Diaz de Ultzurrunen lorpen handienetakoa. Musikalitate handikoak dira poema ugari, eta artez erabiltzen zituen anaforak (Arrosa eta herezea) poemei kadentzia egokiena eman nahian. Ezin ahaztu, orobat, kantu frantziarra delakoan izan zuen eragina, kantari askok musikatu baitzituzten bere poemak. Leo Ferrek batez ere, baina baita Yves Montandek, Jean Ferratek, eta bestek.
Bere azkeneko poemei, Les Chambres poemategikoei, tonu ezkorragoa darie, gordintasun berri bat ere bai, eta heriotza da gai nagusienetako bat. 1982an iritsi zitzaion berari. Milaka lagun bildu ziren PCFren egoitzara Aragoni azken agurra ematera, haren argazki handi batek eraikina estaltzen zuela.