Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-18-5
Patziku Perurena
1959, Goizueta
 
 

Desioen herbestea

 

Harrimenaren alanbreetan

Gau izerdia tantoka.

  Zeru sapaian izu dardaraz

  Izar guziak saltoka.

    Amets urdinak aidean doaz

    Ezerezari txaloka.

 

Urkabeko hilotsa

Begi galduak urrun

Eskuan bihotza

 

Brisa lehuna jiraka dabil

Gauaren sabel beroan,

  Hilargia odolez asetzen

  Itsas gorrian enpoan.

    Milaka malko trabatzen dira

    Oinazearen zepoan.

 

Urkabeko hilotsa

Begiak urrun galduak

Eskuan bihotza.

 

Pena berdeen urrutimina

Desioen herbestea.

  Haize ustelduz betea dago

  Ibai antzuen hestea.

    Aidean josten dute miarmek

    Etsipenaren jertsea.

 

Urkabeko hilotsa

Urrun galduak begiak

Eskuan bihotza.

 

Uraren bizkar lehun horiztan

Irristu nahi du arratsak,

  Isiltasuna antsiz trentzatzen

  Zentzu nahasien adatsak,

    Infinitoan txistuka doaz

    Biziaren azken hatsak.

 

Urkabean hilotza

Begiak lurrean

Aidean bihotza.

 

w 1990