Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Arratsalde bat besterik ez zen
Hillarguia bere oiñace ixillean
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Arratsalde bat besterik ez zen
Hillarguia bere oiñace ixillean
Testamentua
I
Bere esaldi zorrotzekin denbora harramazkatuz
Odolezko lumerotan kontatzen ditu penak.
Etsipenaren ardo zaharrez mozkortzean
Hitz berdeak botatzen ditu gonbitoka.
Gorde egiten du bere burua letra zahar artean
Eper gorriak gari onduen tartean bezala.
Eta bi antonimo aurkitzean, uztartu eginen ditu
Idi pareak bezala, bertsolurra goldez iraultzeko.
Ez du ikasi nahi izaten hitzen esanahi jakinik.
Hartara, bere bizitzak ez bailuke zentzurik.
Aditz guziak harri lakarra iruditzen zaizkio,
Eternidadearen kristala hautsi egiten dutelako.
Umore beltza, drama zuria eta giza tragedia janez
Gizentzen dira bere begi niniak barrurantz, eta
Urkatu eginen luke bere burua, urkatu
Hitzak ezpainetan soinua joko ez balu.
Hizkuntz enborra irudimen zorrotzez aizkolduz
Ezpal txiketea egiten du, hiztegi guziak egurtuz,
Eta ilunabarraren saskian ezpal txikiak bilduz,
Sutu eginen ditu gauez, bihotza ketan duela.
Baina, bizi guzia esaldi berri bila eman arren
Atzenean, bere guzizkorik aurki gabe isiltzen da.
II
Horbelak eta hegazti luma galduak bezala
Egiten du solasean, udatzen ilunabarretan.
Elurra eta izotza biltzen ditu neguan
Munduko sufrimen eta min guzien eskuan.
Galtzeko zorian iragaiten du udaberria
Herioaren lepoa zinta berdez apaintzen.
Ez dizu santa sekulan haintzat hartuko
Ez irainen ez laudorioen moral xikiñik.
Bere lagunik krudelenak eta zintzoenak:
Alegrantzia rubiak eta tristura morenak.
Eguzkitan begiratuko dio beti bere itzalari
Hilargitan bere burua zorrotz juzkatzeko.
Hortako eskuz biltzen du argi zikina egunez
Irudimenaren su gorritan garbitzeko gauez.
Hozkaka urratzen du historiaren haragi zaharra
Egia haundien tartean gezur ttikiak bilatzeko.
Eta odolbildu gisa hartzen ditu gogoan irudipenak
Biziaren estalbean taigabeko itotiak diruditenak.
Eta denboraren eta espazioaren arteko zauriak
Hitzez estaliz mozorrotzen ditu oinazearen urteak.
III
Aurreneko ametsa itsu jaio zela egin
Eta geroztik koloreak asmatuz bizi da:
Silabak zuriak dira; beltzak aditzak.
Urdinskak adjetiboak eta berdeak hitzak.
Haize finak baditu mila kolore
Hamazazpi gorri eta bost more.
Isiltasuna zuria da; atsegina grisa, eta
Tristura horia, sagar umoen gisan.
Esperantza marroia, desioa berdaska
Eta amodioa beltza, elurraren seaskan.
Gau suak urdinak dira, eta urak gorriak
Oroimenaren erreka ilunean etorriak.
Euskara ere horizta da, zeruko lizardian
Eta erdarak oro urdin, lurreko izardian.
Odola beltza dugu; poza hits zurizta
Eta oinazea, betiko aitzaki gorrizta.
Sinismena xuri beti, hots, beltx xikina.
Politika berriz, gorotz ustel urdina.
Gobernua betroia, eta iraultza nabarra.
Zuribeltza gure egia, eta bizitza negarra...
Negar gorri lehor, berdez heza beharra.
IV
Hagitz gogoko ditu iluna eta gauaren pesadunbreak
Gogoko, herio dantza zuriak eta martxa funebreak.
Ezagutzen ditu haize mehe leunaren mila sinfonia
Eta belar onduen artetiko kirkir hotsen polifonia.
Badaki zer den negu beltzeko elurraren ahots lodia
Eta hotzak bakardadeari labanaz egiten dion zauria.
Ez dauzka ahazteko, eper kanten konpas hirutarrak
Eta hontzek alaitzen dituzten udatzen ilunabarrak.
Memoria garbitu egiten dio ur nabarren tinbreak
Eta haizea hitzez larrutuz sortzen mundu libreak.
Egunero neurtzen ditu argi itzalen erritmoak
Eta mundu osoa oihartzun duten itsas himnoak.
Ez, musikaren forma abstraktuez ez daki asko.
Baina, beti beti beti
Unibertsoaren harmoniarekin egiten du topo.
Munduko hots guziak biltzen ditu, isiltasuna luzatzeko
Gauero, isiltasunaren soka zurian bere burua urkatzeko.
w 1990