Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-18-5
Patziku Perurena
1959, Goizueta
 
 

Arratsalde bat besterik ez zen

 

Itsas gainean erdi murgildurik

ahuspezka ikusten ziren

baletzar eta arrain ttipien

sabelazpi zurista haizatuak.

Ozeano orotan sortu zen izurrite baten ondorioz

koroildutako kalatxori ahulduak

banan banan erortzen ziren

itsas bazterreko harkaitz garaietatik

beren buruak desesperatuki amilduz.

Palazio zahar baten itzalean

eseri nintzeneko arratsalde bera zen.

Urrun ortzemugan, hazitzenago zen

hodei ilun baten gorrotoa,

bere buruaren aurka bihurriagotzen

haserreagotzen eta gaiztoagotzen zihoan,

ekaitz unibertsal ikaragarri baten

eromena edo, ezin baretuz.

Noraezean zorabiaturik ziren

hegazti banaken intziri hilkor tristeak

izadiaren hilezkilak adierazten zituzten.

Arratsalde sargori bat zen...

Basamortu bilakatu ziren arboladi

eta larre antzuetako hondarra

haize zirimolatu bihurri batek astintzen zuen.

Basabere izutien begirada lotsatiak

neurrigabeki ohilkortzen ziren

beren itzurpiderik gabeko bakardaderuntz.

Arratsalderik arruntenetarikoa zen...

Los Angelesko karrika amaigabeak

Tokio eta Moskukoen antzera

burnizko kalaberaz, eta

plastikuzko sentimendu hilez

estaliak ageri ziren;

izadiaren berezko oinaze suspiriotsua

areagotzen ari bailiran.

Izakiak oro banan banan hiltzen ari zireneko

arratsalde zoragarria zen...

Edozein lekutan zeutzan

erdi ustelduriko gizagorpuen betazulo ilunetatik

ateratzen ziren eulibaltz aseen burrunba ikaragarriak

atseginago baizik egiten ez zuen

arratsalde gozo bat soil soilik

ez zen deus besterik.

 

w 1984