Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

GAZTANDEGIAN

 

 

Izuaren zimurra

agertu zuen

aurpegian

gaztandegiko

andere errumaniarrak

 

bere buruari

biziro eraginez,

ez! ozen bat

bere ahotik

jalgi zitzaionean

 

halako batean,

hil egingo balitz

erraustua izatea

nahi ote lukeen

galdegin nionean

 

kontuan harturik

bere herritik

hain urrun egonik,

gaitza zatekeela

bestela jokatzea.

 

“Utikan, utikan!

Hildakoek aditu

egiten dute

hil osteko

     hiru egunetan!”.

 

Eta orduantxe

jabetu nintzen

aurreko urtean

egindako hutsaz

Tolosako tanatorioan

 

ama eta biok

bakarrik geundela

goizeko ordu bietan

langilea galderan

etorri zitzaidanean:

 

“Nahi al duzu

estalkia kentzea

                    kutxari

azken musua

eman diezaiozun

joan baino lehen?”

 

hitza baino

zotina zen

ez! ozen bat

jalgi zitzaidalarik

ahotik:

 

izuaren zimurra

agertu zelarik

nire aurpegian

galderak ezustean

harrapatu ninduelarik:

 

bertatik ninduela

erantzunaren zekenak

gaizki sentiarazi:

ama hantxe

begian nuelarik…

 

Baina artean

nik ez jakin

hildakoek aditu

egiten dutela

hil osteko

          hiru egunetan.