Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

HATZ ERAKUSLEA

 

 

Ume bat ari da

Istanbulen

banan-banan

plazan dauden

telefono saileko

kabinak ikertzen,

txanpon alerik

bai ote den

hatz erakuslea

txuloetan sartzen

 

keinu zuhurra

duela aurpegian,

laster zoroan

inguruan dabiltzan

kotxe, motorren

burrunba ozen,

pauso bizian

ondotik

iragaten zaion

jendearen artean.

 

Keinu zuhurra

duela aurpegian:

zuhurregia, agian,

bere adinean,

arreta osoa

jarria duelarik

bere ariketan,

ardura handiko

beharrean bailitz,

kontu handiz.

 

Halako batean

agure bat, ordea,

zaio hurreratu,

hatz erakuslea

goraka harrotuz

zertan ari den

kargu hartzen,

eta puska batean

jardun ere bai

bera jorratzen.

 

Umeak, ordea,

isilik, baina

burua goraka

keinu zuhurrari

eutsi egin…

halako batean

agureak alde

egin dionean

bere beharrari

berriz ekiteko.

 

Ume bat ari da

Istanbulen

banan-banan

kabinak ikertzen,

hots egin ondoren

inork ahazturik,

haien txuloetan

jaso gabeko

txanpon alerik

           bai ote den.