Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

ORBAINA

 

 

Ondoko atean

             bizi den

gizon xaharra

etorri zitzaidan,

atera berria

nuen liburua

eskuan zuela,

sina niezaion

eskaintza hitzekin,

oparian eman

behar ziola

bere maiteari.

 

Eta barrura

pasarazi ostean,

hitzaren bidean,

mila bederatziehun eta

berrogeita hamaseian

gertatu zitzaion

gorabehera bat

azaldu zidan, Bilboko

Iosulagunetan

       ikasle zenean.

 

Berriotxoako Balendinen

beatifikazioaren

urteurrena ospatzeko,

Bilbotik Elorriora

               ibilia oinez

egin omen zuten,

berak eta ikastetxeko

talde handiak: Bizkaiko

herri askotatik

bildu omen ziren.

 

Urteurrena kari

antolatuak zituzten

jaien giroan,

plazako frontoian

pilota partidua

ikusten ari zela,

gizon bat hurbildu

             omen zitzaion

motxilatxoa seinalatuz

hatz erakusleaz:

 

“¡¿Qué es esto!?”,

esan omen zion

larderia lehorraren

kutsua agertuz

bere ahotsean,

zazpi probintzien

              armarriekin

motxilatxoaren oihalari

josia zegoen

ikurra salatuz.

 

“¡¡Quítalo de ahí!!

¡Mañana preséntate

en la comisaría

y pregunta por mí!

¡¡Y si no vienes

te iré a buscar!!”.

 

Eta hori esanda

            urrundu zen

plazako jendetzaren

               artean galduz.

 

Berarekin zegoen

eta lekuko izan zen

                     lagunak

esan omen zion

berarekin batera

joango zela

komisaldegira

zer gerta ere,

atakan, bakarrik

egon ez zedin.

 

Baina berak ezetz

erantzun omen zion,

bera bakarrik

joango zela:

lagunduko balu

berarekin ere

ohartuko zirela,

eta hobe zuela

bakarrik joatea

        biharamunean.

 

Behin komisaldegian,

bulegoan sartu

eta gizonak motxilatxoa

ikusi zuenean:

“¡¡Pero todavía

no lo has quitado!!”,

eta cutter bat

bertatik hartuz

poliki-poliki

              ekin zion

 

ardura handiz,

motxilaren oihala

urra ez zedin,

Euskal Herria

               erauzi

zuen arte,

haren hutsunean

orbaina utzirik:

“¡¡Y que no te vuelva

a ver con esto!!”

esanez agurturik.

 

Bere gelako

armairu bateko

zoko batean

gorde omen zuen

erabili gabe

harrezkero:

jadanik ez zuen

gogoratzen non

utzia zukeen,

zer egin ote zuen

              motxilatxoarekin.

 

Eskerrak emanez

                 agurtu eta

bere bizitzan

sartu zen gizona,

nire liburua

eskuan zuela:

osagarri bat

gogoan barrena

itsatsia zeraman

           orbainarentzat.