KANPOSANTUAN
I
(bakarra)
Kanposantuan ginen
arduradunarekin,
hil berria zen
izekoren kontuarekin,
burutu beharreko
paper batzuekin.
Eta agurtzeko
unea iristean,
jakitearen aldeko
minaren bidean,
galdera egin
nion gizonari:
“Aizu… zera…
ba al da hemen
bere buruaz beste
egiten zutenentzat
izaten omen zen
gune berezirik”.
“A, bai… hori
garai batean apaizek
egiten zituzten
hainbeste txorradatako
bat gehiago da!”,
bota zigun
bihotza hartuz
barrutiaren albo batean
zegoen pareta bat
erakusleaz seinalatuz,
“ezin da ordea
horretan sartu,
kanpotik behar du.
Kanpotik du atea,
uste dut bakarra
dagoela hor.
Urteak dira!”,
eta gizona agurtuz,
joan ginen ikustera.
II
(ahoak erne)
Atea zegiten
ugerrak jotako
burni ziri
gorrituen artetik
sastraka sail bat
antzeman genuen:
belar, zuhaizto,
lahar zaharrek
agintzen zuten
barru hartan,
ez zen beste
haren arrastorik. Orduan
eta nire barruko
agindu bati
men eginez,
eta bertan zegoen
haren alde,
omena osatzearren
berarekin zeuden
sasiko haien
izenak egiten
hasi nintzen,
ahoan hartuz
banan-banan.
(Hain handia zen
arrats aldeko
isiltasuna bertan,
edozein hitz,
arruntena ere, otoi
bihurtzen zuen)
(otoiaren hitza
egiten dugunean,
geure burua egin
egiten dugu,
geure boza
aditzen baitugu).
Baina xuxurla
mehe halako bat
hasi baino
ez nuenean egin,
ikusi nuenak
ninduen harritu:
laharra gorritu
egin baitzen
bat-batean,
agintzen zuen
itzal sendo baten
jabe agertuz.
Eta belar gaitz
haiek, berriz,
nigana egin zuten,
ahoak erne, nire
ninietan harrotuz,
ia-ia urratuz.
Zuhaizto haien
adarrak, berriz,
zeruari buruz
agirika jarriz,
goikoa zorrotz
hartzen zutelarik:
huntzak bakarrik
iraun zuen
ikara gabe
bere unean
hesiaren jabe,
bere larrian
hormaren harrian:
bertan behera,
lahar, belar
eta zuhaixto
haien artetik, ustekabean
harrapatu ninduen
boz bat zen
nigana harrotu,
aintzat hartzen
ez ninduena,
larderiari laineza
gehitzen ziona,
gaitza jokatuz:
“Hara berriz!
Zein ote dugu ba
gure jabetza
galderan jartzera
etorri zaigun
sarkin halako hau?
Non jaioa
ote dugu ba
bere sudurra
zirien artetik
gurean sartzen
ari duen hau?”.
Horren aurrean
berriz herrira
jaitsi beharrean
izan ginen
muino hartatik,
izen gabe hura
hantxe utzirik
otoiaren ordainetan,
egindako xuxurla
mehe bat ere
aintzat hartzen
ez zuten biztanle
zeken haien baitan
haran barrena,
mendirik mendi
zabaltzen ziren
ehiztarien tiro
eremutik zetozen
hotsen oihartzuna
lagun zuelarik.
III
(txekorra)
Herriko tabernariak
lege onean
hartu gintuen
bostekoa emanez,
itzultzen den
aspaldikoari
behar zaionez.
Eta nondik nora
ote genbiltzan
galdegin eta
hilerriko kontua
atera genionean,
kontu zahar bat
berritu zigun:
“Beste kasu bat ere
izan zen herrian, bai.
Ariznabarreta
etxeko gizonak
bere burua ganbaran
urkatu zuenekoa.
Baina horiek
pagatu egin zuten
eta lur sagaratuan
lur ematea
izan zuten
hileta elizkizunak
egin ondoren”.
Eta pagatu behar
horren derrigorra
garbi gera zedin,
mostradorean kolpetxoak
eman zituen
hatz erakuslearen
koskoarekin.
“Garai hartako
bost duro zilar
eman zizkioten
abadeari.
Bost duro zilar!
Horrek txekorra
balio zuen orduan!
Txekorra!”.
Hark, behintzat,
kandelaren argia
eta opila
izango zituen,
bere bidaia
egitea zezan
ilunpeetan barrena.
Egun Handia
hel zedinean,
hilobi harrian
idatzia zuen
beraren izenez hots
egingo ziotelarik.
Bere etxekoek,
bere herrikoek,
berarekin batzeko
itxaropena, behintzat,
gordeko zuten
beste bizitzan.
Eta berarekin
berriz elkartzeko
itxaropen horrek
lagunduko zien
eguneroko bidean
urratsa jotzen.
Baina bertako
hilen herrian,
bazter hartan
sastraka baitan
lagun artetik
bereizita zuten
beste hark
nola egin behar
ote zuen ba,
argirik gabe,
jatekorik gabe,
beste ertzera
arteko bidaia?
Nolaz iratzarri
behar zuen lotatik
besteekin bil zedin,
hots egiteko
bere izena
inork ez bazekien?
Garai hartan, ordea,
zeinek izan
bost duro zilar
bidaiaren saria
ordaintzeko? Txekorra,
balio zuen eta!
Txekorra!