GILTZA GORRI BAT
Nehork ez zion
ezer ere esan
herrian agertu zen
arrotzari,
bere arropa
zaharren artetik
herdoilak jotako
giltza gorri bat
atera eta, aspalditik
hutsik zegoen
etxearen atea
zabaldu zuelarik,
barrura egin zuenean.
“Urrundik nator
eta bideak
gogor hartuz
beste bat
eragin nau”
esan zigun,
bere burua
guregana bilduz,
denon soek
zuzen-zuzen
jotzen zutela
sentitu zuenean.
Biharamunean, ordea,
plazaren erdian
denon aurrean
jantzi berritan
agertu zenean,
jakin genuen
alkandora, prakak
eta bidearen zorrik
aitortzen ez zuten
zapata haiek,
haiek bai, haiek
ezagutu zutena:
hain zituen neurrian,
hain zuten gizona
onean hartzen,
agerian zegoen
gorputz hura
ikasia zutela:
esatea zegoen
oihal haiek, zapaten
larru bi haiek,
maite zutela
besteok ezagutu
ez genuen hura.
“Itxaroari emanak
nituen ba denak
kanpoan izan naizen
urte horietan guztietan
txintxo-txintxo,
zein bere unean
armairuaren barruan
isil jarriak,
noiz iritsiko
ote nintzen edo,
nirekin batera
berriz kalera egiteko!”.
Baina berak
esan bezala,
bidearen gogorrak
beste bat
eragin bazuen,
besteok nola
ezagutu behar
ote genuen ba
aspaldi batean
gerrari ibiltzeko
etxetik alde
egin zuen hura?:
aurpegian zehar
ildorik ildo
zimurrek osatzen
zioten hesian
bahiturik baitzegoen
herria utzi zuen
gazte hura,
begi hobietan
agintzen zuen
itzala zuelarik
bere lepotik
bizi zen lizun.
(Erran zaharrak
dioen legean
oren orok
jotzen baikaitu
gure aldian,
eta gizonak
ezagun zuen
bere begitartean
oren horiek,
berarekin ere,
banan-banan
zutena jokatu).
“Gerra batean
aldatu egiten dira hilkutxaren
barruan doazenak:
beti berberak
dira ordea
atzean dozenak”,
eta ezkerreko hankan
hurrenkeran
zituen orbainak
erakutsi zizkigun,
guardia zibilekin
tiroketan irabaziak.
“Hilda nengoela
pentsatu zuten,
eta ospitaleko
lurrazpian zegoen
gorputegira
eraman ninduten.
Eskerrak erizain bat
azken momentuan,
aiztoa eskuan,
autopsia egiterakoan,
eskuineko besoa
mugitu nuela
konturatu zen!
Eta badakizue zeinek
eman zidan odola,
horren ostean
erreanimazio gelara
igo nindutenean
transfusioa egiteko?
Ba tiroketan
neuk ipurdian
zauritua nuen
guardia zibil batek,
ospitale berean
zegoena, noski!”
(beraz, egia zen
lehenengo egunean
iritsi zenean,
nondik nora
etorria ote zen
galde egitean,
“hildakoen artetik
itzulia nauzue”
erantzun zigunean,
eta txantxa bat
zelakoan, irriz
ordaindu genionean).
Eta lagun batek
Zutik 62-ko
lan teorikoa
goraipatu zionean,
zakur zaharraren
zuhurra agertuz
erantzun zigun:
“Ba… teoriak,
zutik egoteko
besterik ez dira!”,
larrutik ikasia
duenaren irmoan
(hitzek ematen
diguten indarra, alegia,
begia jartzen
diotenean bihotzari,
gure ninietan
bide baten
ametsa ernaraziz,
zeinen buruan
justiziaren egarria
berdinduko dugun
azkenik bertara
irits gaitezenean)
(“esan egin
ala esanak izan,
hahor gakoa!”:
begia eman
gure barruak
bizi duenari,
ala galduan ibili,
mendean hartuak,
gure izatea
ukatuko luketen
besteen hitzen
hotsen lausoan:
bizi duguna
aitortuko lukeen
bozetik urrun
beste eginak,
gure eguneroko
errota harriak
irentsi beharrean
bizi diren hitzaren
maizter ezainak,
zamaren zamaz
bidean aurrera
eraman ezinak).
Aitortu behar da
gizona bazela
agerikoa zen
dohain handi
baten jabe:
kakoan kanpora
irteten zitzaion
sudur eder hura,
airea ebaki
egiten zuena
era zehatzean
bidea zabalduz
haren zorrotzean
(sudur hura, egiazki,
branka zuen:
ontzia baldarki
astintzen duen
ekaitzaren erdian
aurrera egiteko
beharrezko zuen
ezinbesteko atal,
burura heltzeko,
indar harrigarri batek
aurreraka bultzatzen
zuen bitartean).
“Egiten duzun guztian
presta ezazu itzulera”,
dio Liburuak,
eta bidean beti
ondo gordean
eramana zuen
giltza gorri
hura aldean,
azkenean etxe
barrura sartzea
izatea zezan
irits zedinean.
“Hain zen gaua
guria begietan,
otoiaren hitza
galdua nuela
ordurako ezpainetan,
giltza honexek
ematen zidan
indarra ordainetan:
ikusi hutsean,
jabe nintzela,
etxea banuela
gogoratzen baitzidan”.
Baina bakarrik
uzten genuen
kalean barrena
ikusten genuenean,
eta isil bat
gordetzen genion
askatu gabe
gure barruan:
ikusezina zen
berari buruzko
zalantza baten
zimurra bihotzean.
Eta hori egitean
denok galtzen
genuela
jabetzen naiz,
berak bai baitzuen
gure artean
urri samarra den
ezaugarri bat:
beti zerbait
esan egiten zuela,
huntaz eta hartaz
hitz egiten zuenean.
Aholku onak
ematen zizkigun:
“Unibertsitateko
Etika katedratikoarekin
egokitzen bazarete,
zer gerta ere,
eskuak karterara
eraman itzazue!”,
eta kontua argi
gera zekigun
keinua zegigun
eskua poltsikora
arin eramanez.
Azken urteetan
Euskal Herriko
Unibertsitateko irakaslea
izana baitzen,
lezioa ondo
ikasia zukeen:
“Esaten dizut egia
hau ez da
usategia
erroi artean
izan nintzaden
benetan ausartegia”.
Baina nola jakin
behar ote genuen
aitortzen zuen
izenaren jabea
bera zena,
lehen egunean
azaldu zenean
esan zigun bezala,
ibili bideak
gogor hartuz
beste bat
eragin bazuen?
Eta nehork ez zion
ezer ere esan
herrian agertu zen
arrotzari,
bere arropa
zaharren artetik
herdoilak jotako
giltza gorri bat
aterata, aspalditik
hutsik zegoen
etxearen atea
zabaldu zuelarik,
barrura egin zuenean.