Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

ESKULANAK

 

 

Eskulanak egiten

ematen zituen

azken urteak

laneko erretiroa

hartu zuenetik,

zurezko etxetxoak

zituela gogokoen.

 

Etxe tipikoak

izaten ziren:

Greziakoa eta

Italiakoa jada

eginak zituen

harri txintxarrak

eta guzti erabiliz.

 

Halako batean,

ia bizitza osoa

maizter emana zuen

etxalde harexeri

ekin zion

seme prestuen

laguntza onean:

 

ateak, leihoak

banan-banan,

etxeari atxikia

zeukan frontoia,

txokotzat zerabilten

garai bateko

garaje zaharra…

 

(hurbil zegoen

jauregian bizi zen

jabearen txoferra

egoten omen zen

ondoko gelatxoan,

inora eramateko

hotsaren zain…).

 

Bukatu zuen:

baita komedoreko

mahaian jarri ere,

ageri-agerian

denen ikusgarri,

teila, txakur,

arbolatxo eta guzti:

 

egin zuen azkena

izan zuen hori,

hain zuzen ere:

bukatu zuelarik,

handik gutxira

azken hatsa

eman baitzuen:

 

gizon batek ikusi

egiten du noizbait

non egon den

bere bizitzan

eta bide horretan

badauka azkenik

hemendik joatea.