LAGUN BATEKIN
Lagun batekin
egokitu nintzen
orain berri
Bilboko kalean.
Bederatzi egunez
edukia zutena
hilabete lehenago
ziega batean.
Begiak estalita
erdi ilunpetan,
itaunketaren
tarteak kenduta.
“Mortadela otarteak!”
aipatu nion:
begiak irrian
izeki zitzaizkion
unean berean
hitz horiexek
sortua zuten
kidetasunaren alde
(begiak dira
hitzak, eta
leku berera
eraman gintuzten).
“Bederatzi egun,
ezta, lagun?”
esan nion, elkartasuna
agertu nahian
(halakoen ostean
eskertzen baitugu
hurkoaren bihotz
berotasun hori).
Bertatik ordea
zuzendu berak:
“Bederatzi egun
eta bederatzi gau.
Han barruan
denbora egunka
eta gauka
zenbatzen da”.
Eta Bibliarekin
gogoratu nintzen:
hitz horiexek
jadanik hantxe
idatziak daudela,
Itun Zaharrean
Euritearen berri
ematen zaigunean:
“Berrogei egunez
eta berrogei gauez
egin zuen euria
aterrik gabe…”.