BI HILABETE ESKAS
I
Bi hilabete eskas
baino ez ziren haurrarena
gertatua zela
herrian.
Ez zen agertu
afaltzera etxera,
egunero egiten
zuen bezala
bere lagunekin
kalean jolasean
ibili ostean
eskola bukatzean:
gurasoak bilaketan
hasi ziren
haren berandua
ohartu orduko
etxerik etxe
ate joka,
umearen galderan
kezkaren kozkan.
Ilundu zuenean
argi hileko
farola batzuek
nabarmentzen zuten
hutsa eta isila
baino ez zen
kale zaharreko
bazterrak agintzen.
Eta xuxurlaka
egiten zuen
plaza ondoko
iturriaren aska
hustu egin zuten,
jolasean zebilela
barrura eroria
ote zen (metro bete
sakon bazen)
(umeak koxkara
igotzen ziren, uraren
xirripatik edateko
egarri zirenean)
(besoak askako
ur hotzetan sartuta
edukitzen zituzten
puska batean
futbolean ibilita
izerditan blai,
odolaren beroak
onera ekartzeko)
(ondoko tabernariak
edariak kajatan
freskatzen zituen
alkatearen baimenarekin).
II
Biharamunean, urpekariak
etxeko balkoitik
ikusten genituen,
ibaia arakatzen
beraien jantzi
beltz haiekin
behin eta berriz, uretara
jauzi egiten
aire bonbonak
bizkarrean zituztela,
ertzak, hondoak
ondo ikertzen
ehun metro beherago
zegoen presaraino:
aurrerago ezin
egingo baitzuen.
Baina haur hura
ez zen azaldu
eta urpekariak
joan egin ziren
halako batean
galdera gorri bat
lotu zelarik
denon buruan
dena gorritzen
kale zaharra
are zaharragoa
bihurtzen zuena
bere gorrian
dena arrotzago
bihurtzen zuena
bidean, elkarri
agurra ordaintzean:
hurkoaren begia,
eta umearen egia
gordetzea zuen
uraren hegia:
ibaia zegoen,
errepidea zegoen,
eta begiak inoiz
ikasi gabeko
hainbeste zulo:
batek zekien
ze pasatu ote zen
egun hartan
ume harekin.
Egunak joan
egunak etorri,
eta galdera
hura beti
jendearen gogoan,
ezari-ezari
atzean lotzen
urrundu arte.
III
Egun batean, gure ama
haurraren amarekin
egokitu zen
Donostiako trenean:
bi hilabete eskas
baino ez ziren haurrarena
gertatua zela
herrian.
Eta hitzaren bidean
haren nahigabea
hartu zutenean
ezinbestean
asmo oneko
hitz batzuk
saiatu zituen
kontsolamenaren alde
anderearekin bihotz
egin nahirik:
“Denoi ere zerbait
pasatzen zaigu eta…”.
Andereak, ordea,
bidea itxi
zion bertatik,
erdian jarriz:
zuzen gorrian
begiratu zion
itzal baten
babesa ukatuz
isildu baino
izan ez zuelarik,
larderiari eutsiz
esan zionean:
“Baina niri bezala
inori ez!
Niri bezala
inori ez!”.
Eman zion
erantzun horixe
errepikatu zidan
gure sukaldean
bi aldiz
bere barruan
bizirik zirauten
hitz haien
oihartzuna jasoz:
“t´arrazoia dik!
t´arrazoia dik!”
gehitu zidan
bihotzaren indarra
aitortzari ekarriz
bere burua
andereak bizi zuen
berdade handiagoaren
mendean jarriz
berriz isilik
lotu baino lehen,
bere baitan
sartu baitzen
pentsamenduetan
urrun eginez,
auskalo zein
bide hartuz.
(Duela bost mende
Amazonas barrena
Lope Agirrerekin
ontzian zihoanean
Pedrariasek ere
men egin zion
modu berean berdade
handiago horri
erantzun zionean
Inesen galderari:
“Zer da okerrena?”.
“Okerrena
ez jakitea da”).
(Ramón J. Sender
idazleak berak
larrutik ikasia
idatzitako lerroetan).