Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

SARTU AURRETIK

       (1975)

 

 

Donostiako Gobernu Zibilera

eramaten zaituztenean

ziegara sartu aurretik

sarreran dauden

zaindarien mahaitxoan

oinetakoen lokarriak,

txanponak, giltzak…

utzi behar dituzu

 

behin han barruan

zure heriotza ere

ez baita zure,

ez baitagokizu,

sabaiko argia

inoiz itzaltzen ez den

lurrazpiko gela

itsuetan barrena:

 

besterik ezean

zure zapatekin

hala-holako

              buruko bat

egitea izango duzu,

harrizko etzalekuan

burua pausatzeko

etzaten zarenean

lo apur bat egiteko.

 

Bat-batean, ordea, iratzarri

                       egingo zara

ate metalikoa

zabaltzen denean

ateratzen duen

kirrinka gorrian,

itaunketa gelara

eraman zaitzaten

zaindariek, bila

             etortzen direnean

 

eta behin goian,

pertsianak jaitsitako

bulego zeken

isil gordeetan,

Espainiaren ametsera

jaiotzen zara, minak

mugarik ez duenaren

tasuna hartzen duenean.