SEI ATE
I
Ilaran geunden
eta galiziarra,
mutil jatorra,
atzean nuen
mendi aldeko
kuarteleko patioan
jantokian sartzeko
aginduaren zain
Policia Nacional
erakundean sartzeko
asmoa zuela
esan zidanean
(aurreko astean
etorriak ziren
kide berriak
hartzeko deian
Areto Nagusiko
pantaila handian
egiten zuten
beharra azaltzen:
sutea piztutako
etxean sartuz
agurea erreskatatu,
ausardian jokatuz
muga zeharkatu
nahi zuenari,
zer gerta ere,
paperak eskatu
basoan barrena
taldetik bereizita
galdu zen umea
gauean aurkitu)
aurki kuartela
utziko zuela,
ez genuela elkar
gehiago ikusiko
proba batzuk
gainditu behar
izango zituela
onartuko bazuten:
ez bat ez bi
“Hor sartu
behar ote duzu?”
atera nintzaion
gaitz etsiaren
kutsua zuten
hitzen xakarrean
hartu nuelarik
agurraren alde,
abiatzen denari
dagokion bihotza
agertu gabe.
“Langileak zapaltzeko
erabiltzen dute,
jendea joka
goikoen alde!”
hori esatean
haren begirada
nigana biltzeko
egiten nuen:
alferrik, ordea:
unean berean
burua saihetsera
xumeki eginez
begiak gorantz
nonbait jarriak,
aurrean ninduenari
itzuri eginez
xidor xakarra
osatu zuten
sei hitz jalgi
zituen ahotik
isiltasunean
urradura eraginez:
“No quiero
volver a la mar!”
txilibituaren hotsean
jantokian sarturik,
mahai banatan
jarri ginelarik.
II
Egun hartatik
ez dut ikusi,
ez dut jakin
haren berri
baina inoizka
gogoratzen naiz beragana,
Galizia aldean
ekaitzaren gaiztoan
ontzia hondoratu,
marinel batzuk
ito, desagertu
egin direla
aditzen dudanean
haren begirada
bilatzen dudalarik
berriro ere, hainbeste
urteren buruan:
alferrik, ordea,
saiatu arren,
ez dut nire
barruan egokitzen:
betiko berean
iraun dirau,
burua saihetsera
xumeki eginez
begiak gorantz
nonbait jarriak
aurrean ninduenari
itzuri eginez
aurrean zuen
mutil euskalduna
aintzakotzat
hartzen ez duelarik.
Eta orduantxe
jabetzen naiz
betirakotasuna
zer ote den:
nonahi izanda ere,
beti berean
iraungo duten
begi haiek
haren ahotik
sei hitz jalgi
egiten dituen
une berean
xidor xakarra
osatuz isiltasunean
“No quiero
volver a la mar!”:
hurrenez hurren
ixten diren
sei ate
barrua erabakiz.