Zakur zaunkak
Zakur zaunkak
2023, poesia
120 orrialde
978-84-19570-10-9
Azala: Alain Urrutia
Iñaki Irazu
1954, Asteasu
 
 

 

EGUNEROKO SARIA

 

 

 

     I

 

 

Neguri aldean

bizi zen jaun

aberats baten

txoferra izana zen

pareko atean

bizi zen bihotz

oneko gizona.

 

Nagusia bizi zen

jauregiaren ondoko

eraikin batean

egoten zen,

nagusiak hots

egiten zionean

hura eramateko:

 

zenbat bide

ez ote zuen

harekin egina!

Hara eta hona

beti elkarren

laguntzan, orduari

begiratu gabe!

 

“Kotxerik onenak

erabili ditut!”,

erran zautan

harro antzean,

haiekin oroitzean

begia argitu

egin zitzaiolarik.

 

Eta hori esanda,

bere begietan

mendu zitzaion

bolanteari helduz,

batera eta bestera

eragika hasi zen

kalearen erdian.

 

Bere buruak

lausengua zuelarik

unean biltzen,

gogoratzen zuenean

zein emean

obeditzen zion

       eskuari.

 

Zein baino zein

jantzita biak

agertzen zirenean,

Madrileko-eta

hotel onenetan,

zerbitzariek ez omen

zituzten bereizten:

 

beraren begira

jartzen baitziren

adi, unetsu,

jauna hitzarekin

agurra osatuz,

belarria ondu

egiten ziotelarik.

 

Momentuan ekarriz,

eskatu ahala,

gerrate osteko

sasoi ilunetan

inork gutxik

dastatzea zeukan

              jaki, edari...

 

(eta nola iraun

osorik hemen

halako batean

kutsatu gabe

behin berriro

egiten zaigun

lausengu zuriari?).

 

 

 

 

     II

 

 

Baina egun batean

nagusiak fabrika

saldu zuen:

haren beharrik

gehiago ez zuelarik,

kale gorrian

                utzirik.

 

Diru sari baten

etorri urrian,

egoera larrian,

artean sasoiko

zegoen gizona:

zeri heldu ez zuten

eskuen gorrian:

 

bakar-bakarrik

bizitzara igotzeko

egunero-egunero

egin beharra

izaten zituen

hogeita hamaika

mailen aurrean:

 

“Ni hor nonbait

moldatzen naiz

erosketako poltsa

                 zahar horiekin

baina emaztea

ezinean dabil

gora igotzeko!”.

 

Eta esan behar da

harrizko eskailera

maila haiek egiazki

gero eta gorago

zeudela berarentzat:

gero eta gorago

auzo guztiontzat!

 

(gure arbasoen

erran zuhurrak

dioen bezala:

“Zama txiki bat

zama handia

bihurtzen da

           luzarora”).

 

Gizonak, ordea,

ez zuen jada

inongo aukerarik

bizitza berri bat

                erosteko,

behar bezalako

igogailua zukeen

batera aldatzeko.

 

“Beste zerbait

espero nuen ba

berarengandik!!

Beste zerbait

bilatuko zidala

han edo hemen!!”

 

(egin zezakeen

gutxiena zen

         bere aldetik,

berarekin batera

elkarren ondoan

hainbeste bide

egin ondoren)

 

(mahai gainean

zeukan telefonoa

hartu baino

ez zuen behar

          horretarako:

baina eskua

ez zuen luzatu).

 

“Beste zerbait

espero nuen ba

berarengandik!!

Beste zerbait

bilatuko zidala

han edo hemen!!”.

 

Agurtzeko unean

eskua elkarri

eman ziotenean,

bereak bakarrik

estutu omen zuen

nagusia izana zuen

              beste harena.

 

“Haren ahurraren

axal hotxa

ukitu nuenean,

jabetu nintzen

esku hark bihotzaren

errorik ez zuena!!”.

 

Urteak joan

          urteak etorri,

gizona hantxe

ikusten nuen,

hiri honetako

auzoko espaloian,

etxeko atarira

heltzen zenean:

 

bizitzara igotzeko

egunero-egunero

egin beharra

izaten zituen

eskaileretako

hogeita hamaika

        koxken aurrean.

 

 

 

 

     III

 

 

Urteak joan

urteak etorri

eta gizonak,

zaharrak zahar,

iritsia omen zuen,

noizbait, bere

betiko ametsa:

 

luze gabe

           igogailua

jarriko zuten

gure atarian:

onartua zegoen

denon artean

jada aurrekontua

 

batetik bestera

hasiko zirelarik

lanak egiten:

aurpegia argitu

egiten zitzaion

gure gizonari

kontua aipatzean:

 

azkenean, berdintzea

izango zuen,

egunero ere

banan-banan,

xeken haiek

egiten omen

zioten iraina.

 

Baina ez dago,

nonbait, inor

guri begira

           hor goian,

zorren bat

aitortuko digunik

gure bizitzan

 

eta urtero bezala

irailak hogeitaka

zituen egunean,

            emaztearekin

Salburua landatik

Alderdi Eguna

ospatzetik zetorrela

 

gora eta gora

ekin zionean,

koxkaz koxka

            eskailerari

bere eguneroko

saria ordaintzen

bizitzara biltzeko

 

hamaseigarrenean

gelditu eta koxkan

jarri beharra

           izan zuen

ondoezak jota,

pareta arteko

itzal zaharretan

 

bere azkenetan

zegoen eskailerak

betirako zuelarik

hartu zorretan:

eginaraziak zizkion

               koxka guztiak

ez zituen nonbait

aski izan

         ordainetan.