AFARIAN GINELA
Afarian ginela,
“uhale” aditzean
begiak piztu
egin zitzaizkion
gure lagunari
entzun hutsean,
“uhale, uhale!”
hasi zitzaigularik
hitza berritzen.
Hamar urterekin
utzia omen zuen
Ondarroako etxera
itzuli zelarik
bertan behera
kalean barrena,
eskaileretan gora,
sasoi hartako
bizitzan sartuz:
ez dakit zenbat
armairu, kaxoi,
eta senitarteko
begitarte kuttun
ote zitzaizkion
gogoan izeki,
nire ahotik hitz
jakin horixe
jaso zuenean!
Uhale esaten
omen zioten,
jadanik atzean
utzia zuen
arrantzaleen
bizitza hartan,
gurean zinturoi
edo gerriko
esaten diogunari.
Harrezkero,
areago nau ba
uhale horrek
lagunari lotzen:
bizitza hartara
narama berarekin,
eskaileretan gora,
armairua, kaxoiak
zabaltzen dizkit…