ESKU HURA
I
Bakarrik nengoen
eguerdi partean, ikastetxearen
aurreko aldea
zeharkatzen zuen
lehen solairuko
galeria luzean, zutik
liburua zabalik
koxkan jarria
lezioa errepasatzen,
inortxo ere ez zebilen
jolasteko patio
handiaren aurrean
bat-batean bera
azaldu zenean,
eta nire abizena
ahoan ospatuz,
eskua lepoan pausatuz,
“zer egiten duzu hemen?”
galderan hartuz, solasean
hasi zitzaidan
denbora osoan
esku hura
nire lepotik
kendu gaberik.
Arranoa genion
esaten umeok,
kako zorrotzean, airera
irtena zuen
sudurraren alde,
zeinen itzalak ebaki
egiten zituen
eguzkiaren pean
zeharkatzen
zituen denak,
haien paretik
iragaten zenean:
bere buruari
eusten zion lepo
luuuxe xuriak,
eta gorputza
goitik behera
estaltzen zion
anaia haien
abitu beltzak,
bere betera
ekartzen zuten
emana genion
izenaren jabetza.
Hamabi urteko
ume hari
ordura arte
ez baitzion inork
eskua
gainean jarri,
urteak joan, urteak etorri
irakaslearen
esku hark
oroimenean
iraun zion
lepoaren osagarri
(ukitze horrena
kontu bitxia
izan zen niretzat:
musua ematea
ez zen ohitura
gure artean,
eta ez ginen
besarkatzen,
gure herriko
bazter haietan
urriak ginen
gure laztanetan)
(eta hain urruti
ote zegoen ba,
erromeria bukatzean,
soinujolea baserri
gordeago batera
joaten zeneko
garai hura,
gazte jendea
agarraoan
dantza zedin
apaizaren begiak
joak izan gabe?).
II
Bederatzi bat
urteren buruan,
ikastetxeko gela
berean zegoen
kide batekin
egokitu nintzen
Donostiako kalean:
pozik zegoen
Martuteneko kartzelan
denbora puska
eman ondoren
atera berritan.
“Badakizu nor
zegoen bertan?”,
bota zidan
kontu kontari
hasi ginenean:
“Arranoa!”.
“Arranoa!?”.
“Bai, Arranoa!”,
begiak zabal
lotu nintzelarik
harri eginda
kalearen erdian.
“Barrura sartu
eta protokoloko
bost eguneko
isolamendu aldia
amaitu zenean,
gelatik aterata
patiora nindoanean,
goi goi goi
goiko galeriatik
norbait hasi
zitzaidan hoska:
Anastasio! Anastasio!
Gora begiratu
eta bera!
burua barandaren
ertzaz kanpora zuela
eskuari eraginez:
harri eginda
lotu nintzen
kartzela barruko
kalearen erdian:
airean jaitsi zen
ordea, nigana,
'zer egiten duzu hemen?'
galdetu nionean.
Guraso batzuek
salaketa jarri
omen zioten
umearekin izan zuen
zera bategatik:
aurretik ere, beste
gorabehera bat
izana omen zuen
barnetegian zegoen
beste batekin
baina hura tapatu
egin omen zioten”.
Eta lagun hura
kalean barrena
urrundu zen, pozik
libre egoteagatik,
aurpegia arrail,
bere buru,
urratsik urrats
espaloia ospatzen
“askatasuna
zein eder den!”
alai kantatzen
kaiolan zegoen
besteak ez bezala
(tarteka ahaztu
egiten omen zuen
aterea zela,
eta pausoa
bizi-bizian
ematen hasten zen,
kartzelako patioan
zebilenean bezala,
behin berriro
alderik alde
zeharkatzen zuenean
beste kide
batzuekin batera).
Eta neu ere
kalean barrena
urrundu nintzen
urratsik urrats
espaloia jotzen
hiri ederrean:
une hartantxe
gogoan barrena
egin zitzaidan
argiaren bidean
ageri zitzaidala
lepoan nuen…
atzapar hura.