Fast Fatum
Fast Fatum
2023, poesia
104 orrialde
978-84-19570-08-6
Azala: Iosune de Goņi García
Libe Goitia Artetxe
2001, Xatki
 
 

 

garai honetaz

hitz eginen balu,

zizaka eta zizaka baino

ezingo luke hitz egin

beti-, beti-,

behin eta berriz

Paul Celan

 

 

Hareazko gazteluak eraiki nituen zeruan,

gaur nire hilobia eraikitzen dut.

Ez dakit ulertzen nauzun.

Nire zikinik gabeko atzazkalak

mutuak dira,

baina asko dute esateko.

Galdetu ezazu eurengatik

nire sabelean,

baina atsegina izan,

sasoi hau-au!-etan

ko-ko-kosta-ta egiten zaie

totelka egin gabe hitz egi-egia-tea.

 

Gaur nire hilobia aitzurtzen dut

behea jotzean jausteko zulorik gabe

eta behin nire irribarre hotz eta arkaikoak

moldatzeko erabili nuen zizela da

ahanzturan ez galtzeko nire esperantza bakarra.

 

Bila nazazu irribarre batekin Sisiforen amildegian,

hauts artean bada ere

aztarna bat utzi izanaren poztasunarekin.

 

Bila nazazu Sisiforen amildegiko harrien artean,

irribarre batekin,

listua bezain gardena,

hain apartsua…

Olatuak bezalakoxea,

uretako ehiztarien sareen artean harrapatuta

geratu zen Venusen ilearen tankerakoa.