Fast Fatum
Fast Fatum
2023, poesia
104 orrialde
978-84-19570-08-6
Azala: Iosune de Goņi García
Libe Goitia Artetxe
2001, Xatki
 
 

 

Dantzan ikusten zituztenak zorotzat

jotzen zituzten musika entzun ezin zutenek.

Friedrich Nietzsche

 

 

 

Begira:

negar-zotinek mozturiko belarra,

zeinari buruz Whitmanek hitz egingo lukeen,

jada lehorturik ukuiluan, non

bi bildots jaio berri dauden.

 

Begira:

Itsaso eta Eguzki nahasketaren galera,

alaitasun itzali bat bihurtuta.

 

Begira:

Eguzki-lore dantzariak, orain gurpildun aulkietan.

Beti izan dira zure begirale,

gor batek dantzan ikusi eta

Psikiatriko batean sartzea agindu zuen arte.

 

Begira:

ateak irteeran eta sarreran.

 

Begira:

Eguzki-lore disekatuak ateen gorenean.

Beti egongo da edertasuna:

bai irtetean bai sartzean.

 

Begira:

Victoria’s Secreteko modeloak bezala

Lore erailak liburuetan hildako gehiagoren ondoan.

 

Begira:

begira ezazue Heriotza eta

bide batez egiozue irribarre.

 

Herio gure atzetik dator,

zerbait garrantzitsua du esateko,

zerbait du emateko:

Biziaren inportantzia,

berak ere ez dakielako

bere burua baloratzen.