Fast Fatum
Fast Fatum
2023, poesia
104 orrialde
978-84-19570-08-6
Azala: Iosune de Goņi García
Libe Goitia Artetxe
2001, Xatki
 
 

 

 

Big Banga neu nintzen.

Bai, txiki-txiki bang-banga.

Iban, Vienako balseko neskatila:

horrela deitzen ninduten.

Ezagutzen duzu Freddie Mercury ala?

Sometimes the king is a queen,

aldiz, zuk ez dakizu akaso berri hauek

zaharrak direla jadanik.

 

It filmean estoldara hurbiltzen zen neska naiz ni,

zeren otakuak eta gameplayerrak

gustatzen zaizkigu neskoi orain,

etxe-zuloan gelditzen diren mutilak, horiexek, bai.

Beno, ez, gezurra diot:

neskoi neskak gustatzen zaizkigu eta

gizon sasi intelektualak, T.S. Elioten tankerakoak,

baina bakarrik esan ahal badiegu:

“Ei, tssss! Ez zaitez pasatu!”.

 

Baina tira, badakizu zer diotsudan?

Bizitza zaldiko-maldiko bat omen da

akaburaino / bang-bang txiki-txiki bang /

zaldiko-maldiko bat, bai,

poney bat,

Franz Marc bat.

 

Ba al zenekien poneyak Peter Panen anaiak direla?

Bazenekien?

Esan: bai edo ez?

 

Tiobiboak Peter Panek bihotzean zuen zaurian

hatza sartzen eraikitzen dira.

 

Baina,

bang-bang txiki-txiki bang

akaburaino

ez!

       Ni

           Ez

               Naiz

                       Bihurtuko

                                        Izarren

                                                    Hauts

Ez.

Ni irin bihurtuko naiz ama orean egon ahal izateko

            eta bere eskuak sentitu ahal izateko berriz.