BALDINTZAPEKO PROMESA
Sartu zara Euskal Herriko liburu-denda honetan,
abiatu zara euskal poesiaren sailera,
asmo hori buruan
zeharkatu behar izan duzu lokal osoa,
bukaeraraino,
azken zokondoraino,
eta han
Harri eta Herri
eta tropelekoak
hautsa pilatzen dauden apalategiko
azken-azken apaletik
liburu hau hartu, zabaldu
eta poema honekin egin duzu topo,
zeinean aitor dizudan
maite zaitudala,
zuregatik emaztea eta alaba uzteko prest nengokeela
baldin eta egingo bazenu
poema liburu hau erosteko
keinu heroikoa.