BI KANTAUTORE
Bi kantautore
altzairuzko oihalaren beste aldean,
biak ospetsu,
biak maitatuak.
Batak
(demagun
H letrarekin
hasten dela
bere deitura)
Mendebalera egin zuen ihesi
1978an.
Bestea
(demagun
N letrarekin
hasten dela
bere abizena)
herrian geratu.
Urratu zen oihala,
itzuli zen iheslaria,
herritarrek
aireportuan bertan egin zioten
merezitako ongietorria.
Ordutik
hogei urte baino gehiago
igaro dira.
N-ren kontzertuak
jendez mukuru beti,
telebistan agertu ohi da,
beti irribarretsu,
denek maite dute,
lehen adina edo gehiago.
H, ordea,
berak ekoitzitako CDak
bere kontzertu ikuslez urrien ostean
saltzetik bizi da,
ozta-ozta.
Atera berri du kanta bat
Salataria deritzona
zeinean egia biribilak pilatzen diren
txondor erraldoi bat osatuz.