VLADIMIR HOLAN ETA BEROKUNTZA
Etxetik hogeita hamabi urtez irten gabe
barreiatu zuen Vladimir Holanek
bere poesia
Europan barrena
Malá Stranatik Iurretaraino.
Holan,
Pragako Kampa irlako
bere etxean giltzapetuta,
irla bateko irla bihurturik,
utopiaz etsirik,
goiko pisuko bizilagun
Jan Werich idazle handi
baina atzerrian ezezagunarekin
berokuntza dela eta ez dela
beti haserre,
beti uzkur.
Holan nor izan ote zen ez badakizu,
irakurle maitea,
ez arduratu,
teknologia eskura baituzu
gabezia hori konpontzeko.
Poemon maila intelektuala igo nahian
ekarri dut Holan jauna hona,
baina ez dut erremediorik:
bere poesiaz jardun beharrean,
bere poemaren bat
nahita edo nahi gabe
plagiatu ordez,
Werichekin berokuntzagatik
izan ohi zituen liskarrak aipatu ditut
ustezko poema honetan.
Esker ona heldu zait
haren bigarren hilobitik.