HISTORIAKO MUSURIK LUZEENA
(Notorious, 1946)
Ingrid eta Cary
elkarrengana hurbildu kaixo
elkarrengandik urrundu agur
laztan bat eta gero amildegia
hemen gelditu bi pauso harantz
balsean baileuden
begi bat begi baten barruan
ezpain bat ezpain baten hondoan
ezin hurbilurrutiago
jira-biraka
aterantz mahairantz
beti rantz
(rainoaren uko mitikoa),
izerdi patsetan ni, bustitzeke beraien ezpainak
(hain baitira haragigabeak)
neke-neke eginik
etengabe darraizkien kamerak ez baitie
atsedenerako arnasarik ematen
agortu da oasi izartsua
ahoratu dut kraska azken krispeta
musu infinituaren erreinua desagertu baino
ehun mende lehenago.