TIPEXAREN ONURAK
Poeta sartu da
Madrilgo zaharkin denda batera,
non, urte batzuk lehenago,
Borja Aginagaldek
Perez de Lazarragaren eskuizkribua aurkitu baitzuen
euskaldunon harridura eta pozerako.
Poetak paper zaharrak arakatu eta
hara non,
ustekabean
agertu zaion euskaraz idatzitako beste eskuizkribu bat,
Sardinçarrac izenburua duena,
Cide Hamete Benengeli izeneko norbaitek izenpetua.
Isil-gordean
eskuizkribua poltsikoratu
eta etxera eraman du.
Mahaira eseririk,
arretaz ezabatu ditu,
tipex magikoari esker,
Hamete eta Benengeli hitzak
eta bai lehenengo berbaren azken letra ere.
Eta eskuizkribua tartekatu
mahai gaineko orri ugarien artean.