Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
ESAN GABE DOA
Minarena naiz zorionarena beste.
Esan gabe doa
Jendez beterik dagoen gutxiengo batekoa naiz.
Esan gabe doa
Beldurrarena naiz pozarena beste.
Diot. nintzen. Diot. nintzen. Diot. nintzen. A.
Esan gabe doa
Erbestearena naiz aberriarena beste.
Eskuak garbitu eta haiei so
diot: nor naiz hau.
Hanka lokartu ostean orratz batekin ziztatu
eta zera pentsatzen dut:
norena da nirea den min hau.
Edo:
zergatik du nire antza haur honek.
(Isilunea).
Zergatik dute nire antza alkandorek
Zergatik dute nire antza mesanotxeko liburuek
zergatik dute nire antza familia argazkiek
zergatik dute nire antza eltxoek
zergatik dute nire antza etxeko zapatilek
zergatik dute nire antza maite ditudan pertsonek
zergatik dute nire antza nire antzik ez dutenek.
Esan gabe doa
Lekuz mugitzen den airea da denbora.
Esan gabe doa
BELDURRA airea IRAULTZA airea GEZURRA airea
BERUNA airea BIZITZA airea ZARATA airea
GARUNA airea DENBORA airea GARENA airea
GINENA airea HIZKUNTZA airea AHOTSA airea
Esan gabe doa
A.
Esan gabe doa
Mmm.
(Isilunea).
Nggsssb.
(Isilunea).
Jjjjsssssbba.
(Isilunea).
Esan gabe doa
Jendea naiz, jendea ez naizenean ere.
Familia naiz, familia ez naizenean ere.
Herria naiz, herria ez naizenean ere.
Esan gabe doa
Arrotza naiz, arrotza ez naizenean ere.
Mamua naiz, mamua ez naizenean ere.
Manikia naiz, manikia ez naizenean ere.
Bufoia naiz, bufoia ez naizenean ere.
Normala naiz, normala ez naizenean ere.
(Isilunea).
Minarena naiz.
Esan gabe doa
Oldea naiz, oldea ez naizenean ere.
Lotzeko aske izan nahi duen izen bat.
Hurrengo hitzordu iraultzailea bermatzearren
hilabete amaierara iristeko beharrean den ahoa.
Makurbilisa, zikoitzustela, erraitsua, buruberoa,
isilozena, eskulerdea, bihotzokela, zangolistorra.
Bizarrak egunero eraldatzen duen betiko bera.
Zakilzuloari begira «nortzuk dira horiek» galdetzen duena.
Egunero esnatu eta mundu arrotz bat topatzen duen hura.
Gauero lokartu eta mundu arrotz baten beldur den hori.
Lur honetakoa naiz bertan egiten dudalako lo.
Lur honetakoa naiz aire honek mintzo nauelako.
Lurrik gabe ez dago airerik.
Airerik gabe ez nago ni.
Esan gabe doa
Haiek naiz gu naizenean ere.
Lurrikara baten beldur esnatzen den itsua.
Bizirauteko pilulak behar dituen edonor.
Arnasaren beldur den hildakoa.
zu. ni. zu. ni. Haiek. gu. ni. zu.
Maitatzeko beldur den poeta.
Superwoman izatea deliberatu duen etxegizona.
Iraultza inori esan gabe egiten duen zalantzatia.
«Maita nazazue, kabroi alaenak, maita nazazue» dioena.
Negar egiten duen lorazain alergiaduna.
Politgizena, edersudurra, librezidorra, hankabustia,
erdiliraina, zorionkeriaz blai dagoena.
Esan gabe doa
Ahanzturarena naiz oroimenarena beste.
Esan gabe doa
Zer da hau.
Nork diot.
Zertarako bu.
Zergatik kha.
un. an.
O.
Minarena naiz zorionarena beste.
Minarena naiz zorionarena beste.
O.
Esan gabe doa
Eguna beti hasten da ni gabe.
Badira egutegietan azaltzen ez diren zaratak.
Ileak topatzen ditut espero ez dudan lekuetan.
Neure ahotsa grabatu ostean ez dakit nor naizen.
Argazkietan ezagutzen ez dudan begirada bat dut.
Nire lagun guztiek gordetzen dituzte nitaz
nik oroitzen ez ditudan gauzak:
esandako eskuak,
keinuak,
zorneak,
promesak,
mozkorraldiak.
Neure buruaz ahaztu dudan guztia naiz,
eta agian oroitzen dudana da ez naizena.
Ez dakit nor noan.
Ez dakit nora diodan noiz.
Eta hunkitzen naiz hunkitzen den norbait
hunkituta ikustean,
hunkitzen naiz hunkitzen den norbait
hunkituta ikustean hunkitu dela ikustean.
Edertasuna arriskutsua iruditzen zait
itxaropena sortzen duelako.
Eta goiz batzuetan ni neu
polita sentitzen naiz
eta beste goiz batzuetan ez.
Batzuetan nire begirada sexia da
eta beste batzuetan ez,
eta batzuetan fuck eta besteetan iau,
eta batzuetan ieup eta besteetan zkark.
Esan gabe doa
Minarena naiz zorionarena beste.
Jendez beterik dagoen gutxiengo batekoa naiz.