Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
Aurkibidea
IDENTITATEA EULIARI AZALDUA
JENDEA IZAKI
MANIKIEN ODOLA
OINAK HOTZ DITUT BAINA EZ NAGO HILIK
SUDURRIK GABEKO PAILAZOA
Brusela,
Madame Catastropheren etxea,
abuztua
Ezkerreko zutabeko testuak: SUDURRIK GABEKO PAILAZOA.
Eskuineko zutabeko letra etzanak: KOROA.
—1—
Elurra ari du pailazoen eta bufoien gainean.
Elurra ari du artearen bulegoetan.
Elurra ari du nire hankartean.
Elurra ari du.
ELURRA naiz eta ELUR nago.
Beharrezkoa den ezer ez da beharrezkoa.
Beharrezkoa den ezer
ez da beharrezkoa den ezer bezain beharrezkoa.
Maitatuak izatea merezi duten gauza guztiak
maitatu nituen nik.
Desagertu egin naiz haietan.
Elurra naiz orain
baina oraindik gorria da nire sudurra,
ez dago sudur hau ustelduko duen hilobirik.
Baina non dago nire sudurra?
Sudurra SUDURRA suDURRA!
Maita zitezkeen gauza guztiak
maitatu nituen nik,
maitasuna gorrotatzen hasi nintzen arte.
Maita dezake grabatutako ahots batek
maita dezake karneteko argazki batek
maita dezake sudurrik ez duen pailazo batek?
Maita zitekeen guztia maitatu nuen!
haurren algarak, helduen deiadarrak,
ameslarien gainbehera ere maitatu nuen
erbeste kulturala edo Europa helburu zutenean.
Joan hintzen, sekula ez bueltatzeko.
Europaroparopa
E-U-ROPA
opa Europa
ergelen arropa Europa
lorerik ez nizuke opa.
Merezi nuen.
Sariak eman zizkidaten.
Nire izena jarri jaio orduko hil zen haur bati.
Existitzen ez diren lekuetan egon naiz.
Han ez da inor bizi.
Europa!
Existitzen diren lekuetan bilatu dut
existitzen ez den okada.
Eusropa!
Existitzen diren lekuetan
ez baita existitzen teatroa,
ez bainaiz existitzen ni.
Eroen arropa Europa!
New aberri land bat bozkatu nuen,
bertako postalak estaliko zuelakoan.
Eusropa!
Hizkuntza baztertu nuen
ahots baten truke.
Europa!
Maita zitekeen jendea topatu dut han,
maitatu ditut mutu.
Mutu da damutu
abstentzioarekin ez hintzen estutu
Existitzen ez diren lekuak eraiki ditut
existitzen diren lekuen bihotzean.
Ergelen arropa Eusropa!
Europa nuen xede eta ez naiz puta bat
utopiatzat jo duten lanbidea izanagatik:
teatroa.
Europa nuen xede eta banaiz puta bat,
besteren izenean utopia lanbide bilakatu izanagatik:
horregatik diot naizela Eusropa.
Non dago euspopa. Eusrocka. Euskoka.
Elurra ari du pailazoen eta bufoien gainean.
Elurra ari du artearen bulegoetan.
Elurra ari du nire hankartean.
Elurra ari du.
Baina non dago nire sudurra?
Sudurra SUDURRA suDURRA!
—2—
Zer dator engaiamenduaren ostean?
Zer geratu zaio nire belaunaldiari?
Zer izurrite klase kutsa liteke
osasun demokratikoaz lepo garen honetan?
Hartu artea Artaud!
Nork suizidatu zuen Van Gogh?
Nork suizidatu zuen Woolf?
Nork suizidatu zuen Pizarnik?
Nork suizidatu zuen Maiakovski?
Nork suizidatu ninduen ni
autoa errepidean lehertu zenean?
Nork?
Gukhaiekneuk
eta hik Nork?
Gukhaiekneuk
eta hik Nork?
Nork suizidatu zuen berdea?
Nork suizidatu zuen itsasoa?
Nork suizidatu zuen ilusioa?
Nik.
Nork?
Gukhaiekneuk
eta hik Nork?
Gukhaiekneuk
eta hik Nork?
Nork suizidatu zituen urre publikoak?
Nork suizidatu ninduen ni.
Nork suizidatu zuen langileria?
Nork suizidatu ninduen ni.
Nork suizidatu zituen kultur espresioak?
Nork suizidatu ninduen ni.
Isildu.
Ez haiz sekula izan
erdigune,
nondik mintzo haiz,
noren diruarekin erosi dituk
aldarriak idazteko arkatzak.
Isildu hadi.
Hoa.
Nora?
Nor naiz inon ez nagoenean?
Non nago inor ez naizenean?
Eta neu baldin banaiz
gauzak aldatu nahi dituen bakarra?
Utikan ilusioa.
Betor oholtza gaineko errealitatea.
Hain da mingarria
ahaztura ezta?
Hain da mingarria
inork ez oroitzea ezta?
Hain da mingarria
biografiarik eza ezta?
Hain da mingarria
bat gehiago izatea.
Ez.
Bat egin nahian
bakarrik geratu nintzen,
behinola babesa eman zidan
artalde beltzik gabe.
Teatroa egin nuen jendez beteriko
basamortuaren erdian.
Krask boom arrggg
marmolezkoak dira
enetzako lore bakanak.
(Txalo ironikoak).
—3—
Bakardadea aukeratu nuen
ala bakardadeak aukeratu ninduen ni?
Etxea erbesteratu nuen
aski zelakoan nire urratsen soinua.
Aniztasuna goretsi nuen
goretsi?
unibertsaltasuna hobetsi
hobetsi?
bertakoa mundu ez zelakoan.
Mundu mindua haiz.
Bakardadeak aukeratu ninduen ni.
Orain zera diot:
heriotza da bakardade posible bakarra,
bestelako isolamenduak kondena hutsa dira beti.
Nork suizidatu zuen elkartasuna nork?
Nork suizidatu zituen itzulerako bidaiak nork?
Hik. Nork. Hik.
Hik. Nork. Hik.
Kha!
Publikoa behar du bakardadeak ere, Kha!:
familia, lagunak, lankideak, auzoa.
Publikoa behar du bakardadeak.
Bestela, nork esango du «berezia zen»?
Kha!
Egidazu kar. Egidazu kha. Egidazu ba.
Kha!
Bakardadea ez da publikoa,
pribatua baizik, intimoa.
Hoa.
Nora?
Dagoeneko ez naiz nire urratsen jabe.
Baina haren doinuarena bai.
Doinuen dolua.
Zakilen ulua.
Ezbakardadetik ezbakardadera doan
bakartasuna da hau:
bakana, errepikaezina den
zauri bat bezalakoa.
Kha! Kha!
Mutu da damutu.
Jendez inguraturik nago,
baina bakardadea beti da mutua.
Heldu haiz.
Ase haiz.
Ito haiz.
Heriotza da bakardade posible bakarra.
Publikoa maitatuko dut
berak ez badaki ere.
Heldu haiz.
Ase haiz.
Ito haiz.
Galdu haiz.
Nire gorputzera datozen begiekin maitatuko dut publikoa,
bakarkeriara datozen ezten guztiekin desiratuko dut
berak ez badaki ere.
Maitatuko dituk
haren beldurrak
ikurrak
makurrak
gailurrak
elurrak
Berak nor haizen
ez badaki ere
—4—
Urrunera joan nintzen
gertu egotearren.
Urrun...
Urrun dagoena beti dago han
gertu badago ere.
Urrun...
Gezurra naiz
mutu mintzo naizenean ere.
Urrun!
Urrun dagoen guztia
gertu dago hemen.
Urrun!
Basamortua beti da ezberdina,
itsasoa bezala.
Oasirik ez dago oasietan.
Oasiak ez baitaki oasia badenik ere.
Ur. Urrun.
Naizen lekuan nago.
Urrun!
Nagoen lekukoa naiz.
Urrun.
Ur. Urrun.
Urrun.
Ur. Urrun.
Urrun.
Ez dakit nor naizen
edonon nagoenean.
Heldu haiz.
Ase haiz.
Ito haiz.
Mintzo haiz.
Mutu.
—5—
Bizi ote naiz inoren gogoan?
Inoren oroimeneko segundo bakarrean?
Sudur gorria nintzen
konkorra
jabeak ahaztu duen objektua
manikia
objektuak ahaztu duen jabea
gauza
maitasunak eraildako poema.
soberan eta plist
jira ta jira plof
libililibili pu
ja
Egon behar nuen lekuetan egon nintzen
behar ez zen garaietan.
Arrakasta erdiesteko moduko uneak bizi izan nituen
okerreko lekuetan.
Sorkuntzaren alde eman nuen bizitza
pentsamendu bakarraren minbizi.
ja.
Baina ez zuen inork ikusi,
ez zen inor enteratu,
eta enteratu bazen ere ez zuen axola.
Aiene ta plist
rasta rasta pu
libililibili plof
jira ta jira jo
ja
Nire arrastoak bilatu ditut
besteen oroitzapenetan:
elurretan utzitako oinatzak, ene uneak.
ja
Elurra egiten duen aldiro agertzen naiz
berriz ere zurikeriaren memorian.
Iaia plist plof
rasta rasta ja
libililibili tras
jira ta jira pu
jo
Emanalditik emanaldira bizi izan ditut
izan nintekeenaren lorratzak.
Bizitza ospatzeko nahia zabaldu dut
jendarte bakoitzaren gogo-bazterretan.
Gogo!
Zer gelditu da izan nintzen hartatik?
Gogo!
Pailazoarekin izutu den haurraren negarrean nago,
hogei urte geroago ere.
Gogo!
Ene urratsen doinua
ez da urtaro bat.
Baina ez zuen inork ikusi
ja
ez zen inor enteratu
jo
ez zuen axola
kha!
Elurra banaiz ere,
nire urratsen doinua
ez da urtaro bat.
—6—
Ospa egin nuelako behar dut ospatu.
Ospa!
Ospa egin nuelako topatu nuen
Eusropa.
Ospea!
Sudur gorria.
Ospela!
Eusroparen erdian galduta nengoelarik
gelditu zitzaidan bihotza.
Non.
Bularrean.
Non.
Taupada baten erdian.
Hilda nagoelako ez dut galtzeko astirik.
Ospitalea!
Porrotaren leinukoa naiz.
Suizidatu duk ahotsa.
Eta haren oroimena.
Eta zer?
Ospa egin nuelako ospatu ospea!
Ospatu!
Garaipen oro den porrota goratu.
Suizidatu duk isiltasuna.
Porrot oro den garaipena ernatu.
Ospa ospea
non nora non
Hemen. Hemen naiz.
Ahanzturak ehortzitakoekiko elkartasuna...
Ospatu!
Argazki galduetan harrapatutako uneak...
Askatu!
Heriotzak lapurtutako lagunak...
Aipatu!
Ezertarako balio ez badu ere
ospa egin nuelako ospatu,
porrotaren egutegiko jai egunetan...
Ostatu!
—7—
Nire lekuan ez dago niretzako tokirik.
Arrotza naiz etxean.
Mai mao libi lai tao
Arrotza zait habia.
Bertakoen erbestea da kultura
telebistan agertzen ez denean.
Aiei! Aiei!
Ezin diot inori ezer egotzi,
ozenago isiltzeko neure
ezintasunari ez bada bederen.
Aiei! Aiei!
Horregatik zeharkatu dut mundua,
baina azkenean
helburu posible bakarra
Eusropa suntsitzea zen.
Mai mao oskarbi eta lao
Ez dago bizi duzun horretatik ihes egiterik.
Ez dago zarena beste fikziorik.
Mai mao libi lai tao
Mundua zeharkatu nahian
munduak labankatu nau ni.
Mai mao zauka-tzu tao
Unibertsaltasunaren aitzakian, bulkada elitista.
Izerdia estaltzeko lurrina den artea,
berezko usaia ezkutatzen duen
kultur kolonizatzaileena.
Aiei! Aiei!
Ustela! kontatzekorik ez duena,
estetika eta jakituria goretsiz,
modako egileak aipatuz,
hustasuna bete nahi duenean.
Kexu haiz,
Aiei! Aiei!
Kiratsa! iraultzaren aitzakian,
oilasko hegoak astintzen dituena,
norbera den mundua aldatzeko gai ez denean
kutsadura eder litekeen horretan.
Ez duk aitzakiarik.
Galdu haiz.
Ito haiz.
Mutu.
Eusropan galdu nuen helmugen zergatia,
erakusleihoetan isuri nuen
manikien odola.
Mai mao living in vao
Ene manikien odol nirea.
Banoa.
I have gorosti espero
Zer komunikaturik ez denean
publikoa soberan da.
Banator.
I have living in bero
Norena da jendea?
Banoa.
I have a lot of klero
Norena naiz ni?
Banator.
Zugana urdina ernoff
Subentzioak eskatu ditut
nire odolarekin senda nazaten.
Zugana living in yo
Eta hala ere.
Zugana apurtu lisboa
Ez naiz errepide bat.
Zugana living in yo
Europa ez da mundua.
Laster tensando bestea
Eusropan mintzo naiz
Europan nautenean ere.
Laster tensando afera
Poesiaz subentzionatuko dut Eusropa
behingoz leher dadin.
Laster laster laster
zu zara nire bestea
Bai.
Neure tokia aurki dezadan neure lekuan.
I have a lot of ni ni
without zu
Ni
Hoa. Hator. Hoa. Kha.
—8—
Elurra ari du pailazoen eta bufoien gainean.
Elurra ari du artearen bulegoetan.
Elurra ari du nire hankartean.
Elurra ari du.
ELURRA naiz eta ELUR nago.
Beharrezkoa den ezer ez da beharrezkoa.
Beharrezkoa den ezer
ez da beharrezkoa den ezer bezain beharrezkoa.
Maitatuak izatea merezi duten gauza guztiak
maitatu nituen nik.
Desagertu egin naiz haietan.
Elurra naiz orain.
Baina oraindik gorria da nire sudurra,
ez dago sudur hau ustelduko duen hilobirik.
Sudurra SUDURRA suDURRA!
Ase haiz.
Ito haiz.
Mintzo haiz.
Mutu.
Bihotza dut aurpegian.
Entzun itzazue haren taupadak
elurra egiten duen urtaroetan.